Egile honen
beste liburuak

NARRATIBA

Hontzaren orduak

1999, Elkar

101 gau

2000, Elkar

Bizitza eredugarriak

2006, Elkar

IPUINA

Albahaka lurrina

1996, Elkar

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Zozoa eta biok

1982, Elkar

Kaltxaberde, Tturku eta Gotzon

1984, Elkar

Papartxuri eta Biboteluxe

1985, Elkar

Zazpi gelako hodeietako etxea

1987, Gipuzkoako Foru Aldundia - Zarauzko Udala

Muxi eta Puxi

1987, Elkar

Mutiko Ausarta eta Neska Panpoxa

1989, Elkar

2.061: antzinako kronikak

1990, Elkar

Ausarta eta Panpoxa tartaloen basoan

1991, Elkar

Katixa eta Kroko

1992, Elkar

Indianoa

1993, Elkar

Lau titiriti, bi tatarata..

1995, Errenteriako Udala

Etxerako bidea

1995, Elkar

Agure jakagorria

1995, Elkar

Katixa, Kroko eta Kokoroko

1997, Elkar

Axa mixa zilarra

2000, Elkar

Kikik Koko nahi du

2000, Elkar

Arreba txiki bat dut, eta zer?

2002, Elkar

Horazio eta jaguarra

2002, Elkar

Jokin Galtxagorri

2004, Elkar

Alfonbra berria

2006, Elkar

Mixi Marrau

2007, Elkar

Zaldun beltzak

2008, Elkar

Hiru lagun

1995, Elkar

Hiru lagun

 

        Behin batean, baziren udazkenero elkartzen ziren hiru lagun.

        Urteko zatirik handiena elkar ikusi gabe pasatzen bazuten ere, irailaren azkeneko astea iristen zenean, nondik edo handik agertzen ziren hirurak eta elkarrekin pasatzen zituzten egun batzuek Euskal Herriko kostaldean.

        Egia esan behar bada, bat, kulixka, Europako iparraldean bizi zen uda partean. Bestea, beltxarga, Holandako lurraldeetan eta hirugarrena, berriz, enara, Euskal Herrian bertan egon ohi zen udaberritik udazkeneraino.

        Oso lagunak zirelako, edo elkarrengandik hain aparte bizi zirelako, udazkenetako batzar haiek egiteko amorratzen egoten ziren hiru hegaztiak.

        Urtero-urtero kulixkak eta beltxargak bidaia luzeak egiten zituzten horretarako, eta Euskal Herriko paduretatik hurbil bizi zen enararekin elkartzen ziren honek Afrika aldera aldegin baino lehen.

        Ipuin hau kontatzen ari garen urtean ere gauzak horrela gertatu ziren eta iraileko azken astean hantxe ziren hiru lagunak.

        Hauxe da beren historia.

 

        —Kaixo adiskideok, pozten naiz zuek berriro ikusteaz —esan zuen beltxarga zuriak, hegoetako lumak astinduz.

        —Ongi etorriak, lagunak —esan zien udaberritik inguru haietan zebilen enarak—. Atseginez hartzen zaituztet, nire lurraldean.

        Enarak hilabete asko pasatzen zituen urtero Euskal Herrian. Bere lurra huraxe zela esaten zuen.

        —Janaririk ba ote dago bazter honetan? —galdetu zuen hirugarrenak.

        Moko luze-luzeko kulixka gaztea zen hirugarren lagun hau.

        —Janaria nola lortu eta lo egiteko txoko txiki bat non aurkitu, horiek dira munduko eginkizun handienak —esaten zuen andereñotxo honek. Tripazale samarra zen kulixka, baina oso maitakorra, bestalde...

        Buru argia zuen eta gauza eder eta sakonak esaten bazekien. Eta batez ere, oso lagun ona zen, benetan lagun ona.

        —Gero eta narratsago daude bazter guztiak —esan zuen, haserre, beltxargak—. Gizaki hauek erotuta daude.

        Jakintsua zen Beltxarga jauna, edo hala uste zuen berak behintzat.

                Asterixen liburuak ere ezagutzen zituen!

        Horregatik aritzen zen beti «gizaki hauek erotuta daude» eta antzeko gauzak esaten.

        —Bai —erantzun zion enarak bere aldetik—. Zikin samarrak dira gizaki hauek. Eta arrazoi duzu, nahiko erotuta daude. Hondartzan biltzen dira denak, pila-pila eginda... Eta hara hor non ekartzen dituzten, milaka, beren itsasontziak ibai eta itsasertzera...

        Enara anderea oso berritsua, alaia eta gizakien laguna zen. Hauek egindako zenbait gauza ikusita, pittin bat haserretu egiten zen noizean behin... baina azkar adiskidetzen ere bazekien.

        Beltxarga jauna, berriz, aspalditik amorratuta zebilen gizakiarekin.

        —Ez zait batere gustatzen nola aldatzen ari den mundua —errepikatzen zuen behin eta berriro.

        Hirugarren lagunak, Kulixka andereñoak, ez zuen horrelako gai sakonetan hasi nahi:

        —Haitz-harrak dauden bitartean... —esan zuen, eta moko luzearekin hondar artean janari bila hasi zen.

        Txitxarearen antzeko animaliak dira haitz-harrak, harkaitzetako harrak, eta hondar azpian ezkutatu ohi dira, harrapariek bila ez ditzaten.

        Baina kulixka bezalako hegazti mokoluzeentzat ezkutaleku horiek oso ezagunak dira, eta... krausk!, mokokada batekin harrapatu eta, klik!, irentsi egiten dituzte.

        Kulixka hondarretan ari zen bitartean, beltxargak gizakiengatik marmarka jarraitu zuen:

        —Oraintxe ez dago hemen bizitzerik! —egin zuen oihu tronpeta baten antza zuen bere ahots karrankarekin.

        —Tira, ez zaitez hain suminkorra izan —erantzun zion Enara andereak—. Eltxo

ugari daude, eta gizaki hauek ez dira hain gaiztoak.

        —Nik ez dut eltxorik jaten, Enara anderea, eta gizonei buruz... nahiago dut ez hitz egin.

        —Haitz-harrak dauden bitartean... —errepikatu zuen berriro Kulixka andereñoak.

        —Eta eltxoak!, eta eltxoak! —esan zuen enarak.

        —Zaudete, zaudete! —esan zien haserre beltxargak—. Gizakiek kutsatu dituzten ibai zikin horiek akabatuko dituzte hemengo haitz-har, eltxo eta gainontzekoak! Zer egin behar duzue orduan?

        —Haitz-har guztiak akabatu? Hori ezinezkoa da! —erantzun zion kulixka gazteak.

        —Ezinezkoa diozu? Zuk hala uste, kaiku horrek! —egin zion burla beltxargak.

        —Haitz-harrek, gizonek eta kulixkok urte askotan elkarrekin ibili behar dugu

—erantzun zion kulixkak, beltxargaren haserreari kasurik egin gabe—. Kontatuko dizut horri buruzko kondaira bat...

        —Nola?, nola? Zer diozu? —galdetu zion enarak, kondaira hura entzuteko amorratzen.        Hegalditxo motza egin, eta han inguruan zegoen burdin hari baten gainean kokatu zen den-dena entzuteko asmoz.

Garapena: Dijitalidadea SL