1951 (Zarautz)
Egile honen
beste liburuak
NARRATIBA
1999, Elkar
2000, Elkar
2006, Elkar
IPUINA
1996, Elkar
HAUR ETA GAZTE LITERATURA
1982, Elkar
Kaltxaberde, Tturku eta Gotzon
1984, Elkar
1985, Elkar
1987, Gipuzkoako Foru Aldundia - Zarauzko Udala
1987, Elkar
Mutiko Ausarta eta Neska Panpoxa
1989, Elkar
1990, Elkar
Ausarta eta Panpoxa tartaloen basoan
1991, Elkar
1993, Elkar
1995, Errenteriako Udala
1995, Elkar
1995, Elkar
1995, Elkar
1997, Elkar
2000, Elkar
2000, Elkar
Arreba txiki bat dut, eta zer?
2002, Elkar
2002, Elkar
2004, Elkar
2006, Elkar
2007, Elkar
2008, Elkar
Katixa eta Kroko
1992, Elkar
I
Animalien liburua
Ni neskato bat naiz, neskato txiki bat, eta Katixa dut izena. Oraindik ez dut irakurtzen ikasi, baina datorren urtean ikastola handira joango naiz eta berehala ikasiko dut, nire anaiak bezala.
Hitz egiten aspaldi ikasi nuen, txikia nintzenean. Orain bost urte ditut eta oso ondo hitz egiten dut. Lehen ez. Lehen ez nuen hain ondo hitz egiten eta gauza batzuk ahaztu egiten zitzaizkidan. Batzuetan, trena esan beharrean «tena» esaten nuen, eta nire anaiak galdetzen zidan:
—Zer da tena? Zer da tena?
Askotan berarekin pixka bat haserretu egin behar izaten nuen, eta oihu egin. Amak galdetzen zigun orduan:
—Zer gertatzen da hor? Eta nire anaiak esaten zuen:
—Katixak ez daki trena esaten!
Eta amak errietatxo bat botatzen zion:
—Oraindik txikia da. Handixeago egiten denean ikasiko du ondo esaten. Zatoz hona, Katixa. Esan trrrena... Trrrena... Trrena...
Ni asko saiatzen nintzen eta esaten nuen:
—Tena... Tena... Tena...
Nire anaiak barre egiten zidan. Mutikote handikote bat da nire anaia hori, eta askotan amorrarazi egiten nau.
Amak ez, amak ez zuen barre egiten, eta esaten zion:
—Oraindik txikia da, ikasiko du. Nire ama oso zintzoa eta jatorra da. Hala ere, batzuetan gehiegi saiatzen dela pentsatzen dut, eta horrexegatik ateratzen zaizkio gauzak gaizki. Trenarekin ere hori gertatu zitzaion. Saiatu eta saiatu, azkenean ikasi nuen nola esaten zen tren madarikatu hura eta arratsalde batean esan nion aitari:
—Trrrrrrrrrrena!
—Jesus, neska! —esan zidan aitak—. Tren hori martxan hasiko dela zirudin.
Nire aita ere zintzoa da, baina txorakeria batzuk esaten ditu batzuetan...! Baina gauza horiek denak ni txikia nintzen garaiko kontuak dira. Krokoren istorioa bezala. Aspaldikoak.
Aspaldiko garai hartan nik ez nekien irakurtzen. Orain ere ez dakit, baina nire izena idazten dut eta nonbait idatzita ikusten badut, ezagutzen eta irakurtzen ikasi dut. Lehen ez, lehen txikia nintzen eta horregatik letrarik gabeko liburu bat erregalatu zidaten.
Kartoizko liburu bat zen eta orri gutxi zeuzkan. Zortzi bakarrik. Asko gustatu zitzaidan eta askotan begiratzen nuen.
Aurreko azalean hiru txahal zeuzkan. Zelai batean zeuden, larrean. Atzeko orrian, berriz, kolore gorri-gorriko zaldi bat. Zaldi dotorea zen hura eta zurda hori luze-luzeak zituen lepagainetik zintzilika.
Zaldi hura erakusten zidan bakoitzean, aitak esaten zuen:
—Katixa, hau ez da beste edozein bezalako zaldi kaxkarra, e! Hau Euskal Herriko pottoka bat da. Zu bezalako pottoka.
Uste dut lehen ere esan dizuedala nire aita hau nahiko zintzoa dela, baina noizean behin txorakeria batzuk esaten ditu...!