Egile honen
beste liburuak

NARRATIBA

Hontzaren orduak

1999, Elkar

101 gau

2000, Elkar

Bizitza eredugarriak

2006, Elkar

IPUINA

Albahaka lurrina

1996, Elkar

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Zozoa eta biok

1982, Elkar

Kaltxaberde, Tturku eta Gotzon

1984, Elkar

Papartxuri eta Biboteluxe

1985, Elkar

Zazpi gelako hodeietako etxea

1987, Gipuzkoako Foru Aldundia - Zarauzko Udala

Muxi eta Puxi

1987, Elkar

Mutiko Ausarta eta Neska Panpoxa

1989, Elkar

2.061: antzinako kronikak

1990, Elkar

Katixa eta Kroko

1992, Elkar

Indianoa

1993, Elkar

Lau titiriti, bi tatarata..

1995, Errenteriako Udala

Etxerako bidea

1995, Elkar

Agure jakagorria

1995, Elkar

Hiru lagun

1995, Elkar

Katixa, Kroko eta Kokoroko

1997, Elkar

Axa mixa zilarra

2000, Elkar

Kikik Koko nahi du

2000, Elkar

Arreba txiki bat dut, eta zer?

2002, Elkar

Horazio eta jaguarra

2002, Elkar

Jokin Galtxagorri

2004, Elkar

Alfonbra berria

2006, Elkar

Mixi Marrau

2007, Elkar

Zaldun beltzak

2008, Elkar

Ausarta eta Panpoxa tartaloen basoan

1991, Elkar

BESTE IRTEERA BAT

 

        Ausarta eta Panpoxa herri txiki bateko ostatuan bazkaltzen ari ziren. Biak ere abenturazale porrokatuak ziren, eta azken garaian gertatutako guztiak kontatzen ari ziren elkarri.

        Labirintoak, erraldoiak, zapi magikoak eta beste gauza asko aipatu zituzten, eta abentura haiek guztiak elkarri kontatzeak gehiagoren bila abiatzeko asmoa piztu zion bikoteari. Panpoxak honela esan zion Ausartari:

        —Elkarrekin joango al gara mundu zabala ezagutzera?

        —Bai! —erantzun zion mutilak.

        Horrelaxe erabaki zuten biek elkarrekin abentura gehiagoren bila joatea. Ostatutik irten aurretik, zorro batera bildu zituzten beren ondasun guztiak.

        —Hor doa etxetik irten baino lehenago aitak emandako urrezko txanponaren erdika bat —esan zuen mutilak txanpon erdika zorrora botaz.

        —Eta hemen doa beste erdika ere —esan zion Panpoxak.

        Neskatoak beti berarekin eramaten zuen txanpon erdika hura Ausartak erregalatu zionetik, baina orain elkarrekin joatekoak zirenez, zituzten ondasunak zorroan eramatea oso egokia iruditu zitzaion Panpoxari.

        Txanponekin batera jarri nahi izan zuen Panpoxak aurreko abenturetan hainbeste lagundu zien xingola magikoa, baina mutilak, irribarre txiki bat eginez, neskaren eskuetatik hartu eta kopetan korapilatu zuen, bere ile luzeak lotzeko.

        Xingola kopetan zuela, zorroa betetzen jarraitu zuen mutilak. Han joan ziren amonak emandako hari mataza, anaia zaharrenak eskainitako zozoa, bere kaiolatxoan sartuta, eta ostatuko nagusiak bikoteari erregalu gisa emandako gaztanbera mamitsua. Nahiko lanak izan ziren zorro haren barnean gauza haiek guztiak behar bezala jartzeko!

        Gero, zorroaren muturra uhal batez lotu, ostatukoak agurtu eta abiatzeko prestatu zen bikotea. Baso beltz eta zabal bat zeharkatu behar zuten eta ilundu baino lehen alboko herriraino iristeko lehenbailehen abiatu behar...

        Basoa zeharkatu behar zutela entzun zuenean, ostatuko nagusiak esan zien:

        —Baso hori ez da leku segurua. Zuek bezalako gaztetxo batzuek ez dute atarramentu onik aterako horrelako baso malapartatu batean.

        Serio ari zitzaien ostalaria, baina bikote hura ez zuen ahuntzaren gauerdiko eztulak ikaratzen.

        Hala esan zion Panpoxak:

        —Basoak baso, aurrera jarraituko dugu. Abenturak ez dira berak bakarrik etortzen, bila joan behar izaten da.

        Horrela abiatu ziren, bada, ostalariari kasu zipitzik egin gabe.

        Ez zekiten ongi zer-nolako istiluak izango zituzten, baso beltz eta zabal hartan tartalo-talde bat bizi baitzen!

        Tartalo jendilaje hori ez da zu eta ni bezalakoa: erraldoiak dira, eta neurririk gabeko indarra dute, zuhaitz bat bere erroetatik ateratzeko adinako indarra.

        Hartz batek baino ile sendoagoa eta nahaspilatuagoa edukitzen dute ia gorputz osoan eta begi bakar bat daukate kopetaren erdian. Gorputz iletsua estaltzeko eta oinetarako abarkak egiteko, basurde-larrua erabiltzen dute. Basatiak eta ikaragarriak dira!

        Kontu-kontari eta berriketan, arratsalde erdirako iritsi ziren Panpoxa eta Ausarta baso hartaraino. Ur fresko eta gardeneko errekatxo batean edan zuten eta berriz ere abiatzera zihoazen, bat-batean tartalo bat agertu zitzaienean aurrez aurre.

Garapena: Dijitalidadea SL