Egile honen
beste liburuak

NARRATIBA

Hontzaren orduak

1999, Elkar

101 gau

2000, Elkar

IPUINA

Albahaka lurrina

1996, Elkar

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Zozoa eta biok

1982, Elkar

Kaltxaberde, Tturku eta Gotzon

1984, Elkar

Papartxuri eta Biboteluxe

1985, Elkar

Zazpi gelako hodeietako etxea

1987, Gipuzkoako Foru Aldundia - Zarauzko Udala

Muxi eta Puxi

1987, Elkar

Mutiko Ausarta eta Neska Panpoxa

1989, Elkar

2.061: antzinako kronikak

1990, Elkar

Ausarta eta Panpoxa tartaloen basoan

1991, Elkar

Katixa eta Kroko

1992, Elkar

Indianoa

1993, Elkar

Lau titiriti, bi tatarata..

1995, Errenteriako Udala

Etxerako bidea

1995, Elkar

Agure jakagorria

1995, Elkar

Hiru lagun

1995, Elkar

Katixa, Kroko eta Kokoroko

1997, Elkar

Axa mixa zilarra

2000, Elkar

Kikik Koko nahi du

2000, Elkar

Arreba txiki bat dut, eta zer?

2002, Elkar

Horazio eta jaguarra

2002, Elkar

Jokin Galtxagorri

2004, Elkar

Alfonbra berria

2006, Elkar

Mixi Marrau

2007, Elkar

Zaldun beltzak

2008, Elkar

Bizitza eredugarriak

2006, Elkar

Pertsonaiak mundu guztitik hartuak dira, eta gehienak mende ba-tzuk atzera bizi ziren, eta garai hartako giroa eta garaia bera deskribatzeko aprobetxatzen du idazleak. Hizkera ere zenbaitetan ordukoa delarik. Tartean kontakizun eta bitxikeria asko, diamantea nola ebakitzen den erakusten digu eta zenbait landarek berekin dituzten mitoez ari da, esaterako.

Liburua irakurri ostean, ohartuko gara izenburua bera dela, lehen egiazko gezurra. Izan ere, bizitza eredugarri izatetik urrun baitaude pertsonaiak, nahiz eta kontaera bera halakoa izan. Ironia beraz, hasieratik present, irakur lagun izango da eta berarekin batera topatuko dugu umorea nonahi.

Iker Zaldua (Noticias de Gipuzkoa, 2006-11-18)

Allen, barbara

 

        1586. urteko udaberritik 1587. urtekora bitartean jaio zen Barbara Allen, eta hil zenean, 1608. urteko azaroaren 11 n, San Martin egunez, «ez zituen oraindik hogeita bi udaberri loratu», garai hartako kanta batek dotoreziaz dioenez. Badakigu Edinburgotik oso urruti ez zegoen nonbaiten jaio zela, nahiz eta ez jakin zehatz-mehatz non, herriaren izena ez baita iritsi gure ezaguerara, ez bada baladetako «Scarlet Town» izenarekin —eta ezin asmatu zein den Barbara Allen ederraren hiri gorri hori, olerkigilearen irudimen gartsuak sortutako ametsezko hiri eskarlata bezalaxe izan baitaiteke Edinburgoko aldiri edo auto kaxkarren bat—. Kontuak kontu eta jaioterria jaioterri, Barbara Allen aski gazte joan zen Edinburgora bizitzera, Graeme familiakoen jauregi ederrera.

        Honelaxe izan zen:

        Barbara Allen alaba bakarra zen, eta, neskatoa zela ama galduta, aita zurrutero eta jokalariarekin bizi zen. Bazirudien —Ingalaterrako literatoek, eta batez ere Charles Dickensek, gezur biribilak kontatzen ez badituzte beren liburuetan— beste hainbat bezala miseria gorrian beltzak eta gorriak ikusteko jaiotako neskato pobrea izango zela Barbara, etxe mixerable batean amarik gabe hazitako neska gajoa edo galdua izateko patua zuena... baina ez zen horrela gertatu.

        Dena dela, eta itxura denez, Albert Allenek, Barbararen aitak, ez zion asko lagundu bizitza triste eta galdu batera zeraman bide labainkor hartatik ateratzen. Emaztea galdu eta alargundu zenerako bazuen, dirudienez, garagardorako eta kartetarako nolabaiteko grina, eta emaztearen heriotzak irrika haiek areagotu besterik ez zizkion egin.

        Bere neba amildegirako bide-zidor hartan ikusita, Barbararen izeko Alice ezin isilik geratu, eta Albert tunanteari ahulezia haiek aurpegiratzen zizkion, sermolari onenaren hitzak erabiliz, edariaren eta jokoaren deabruetatik ihes egin eta zerurako bide zuzenean jar zedin. Alferrikako lana izan zen, ordea, Alicerena. Alargun atsekabetuak garagardotan itotzen zituen saminak eta jokoan jartzen zuen itxaropena oeste inondik etortzen ez zitzaizkion txanponak eskuratzeko.

        Egun batez, Jainkoaren neskame eta Graeme jauregiko giltzazaina zen Alice xuxenak bere neba bekataria eta iloba gajoa bizi ziren etxea berriz ere hela bihurtuta ikusirik, Jainkoaren koleraz indartu, eta harriak izutzeko modukoko madarikazioa bota zion Satanasen atzaparretan harrapatuta zegoen Alberti. Gero, hitz gehiago esan gabe, hartu zuen Barbara txikia eta berarekin eraman zuen Graemetarren jauregira.

        Horrelaxe iritsi zen Barbara txikia Graemetarren Edinburgoko etxera, hango etxekoandre aurenak, errukiturik, neskametzat jaso baitzuen Alice giltzazainaren iloba.

Barbara txikiak amarik ezak eta aitaren gabeziak sortutako izaera basatia zuen, baina, izeko Aliceren zorroztasunaren mende, neskatoaren berezko jenio makatz eta bihurria leuntzen joan omen zen, horretarako izekoren esku hezurtsuek eta kriketean jokatzeko pala batek lan dexente izan bazuten ere.

        Dozenatxo bat urte bete zituenerako Barbara neska beltxaran leun eta goxoa zen, garaiko edozein andereño fin eta hezi baten tankerakoa. Kopetan noizbehinka agertzen zitzaizkion bekozko-zimurrek bakarrik salatzen zuten neskatoaren barreneko egoskorkeria eta kasketarako joera.

Etxeko semeak, William Graeme hamalau bat urteko gaztetxoak, ez zuen, dirudienez, Barbararen kopetako iluntasun hori sumatu, belztasunik ikusteko aukerarik izan ez zuelako, edo maitasunak itsuturik zegoelako. Sudur-mintzetatik eraztunez lotutako txekor gazteak indar guztiak galtzen dituen antzera, pentsamendu, asmo eta gogo guztiak galdu zituen Williamek, eta den-denak, pentsamendu, asmo eta gogo, neska haren nahiei loturik geratu ziren, Barbararen ile kizkurrek gaztetxoa bihotz-mintzetatik katigatu balute bezala.

        Baina, eztula eta dirua ezkutuan gordetzeko zailak diren bezala, maitasunaren sua ere estalgaitza izan ohi da, eta azkar baino lehen sumatu zituen norbaitek gaztetxo haien arteko pasioak sortzen zituen ketxoak, eta mizto gaiztoen pozoiarekin joan zen etxekoandrearengana.

        Maitasun sutsu hark bazterrak erre eta kalte konponezinak sortu aurretik erremedio azkarrak jarri behar zirela pentsatu zuen Graemetarren jauregiko andere aurenak, eta Alice Allen giltzazaina Eskoziako leku ezkutu batera bidali zuen, txilarra eta haize zakarra besterik ez zegoen lurralde garaietako ehizarako cottage batera.

        Izeko Alicek berehala sumatu zuen etxekoandrearen malezia eta maltzurkeria, erraz konturatu baitzen mihi leun eta zuriko andere anker hark zigor bikoitza ezarri ziola. Alde batetik, inolako zaintzarik behar ez zuen cottage erretiratu hura zaindu beharko zuen, eta egonean egonez «hightlands»etako bakardadea hezurretaraino nola sartzen zitzaion sentitu. Bestetik, iloba atsekabetuaren lantu eta tristurak jasan beharko zituen, maitasuna deitzen zioten eta berak inoiz dastatu ez zuen eromen mikatz hura neskatoaren bihotzetik erauztea lortu bitartean.

        Ilunabarreko elkartze ilun baten ondoren —malkoek gorritutako begiak, antsiek eta musuek hanpatutako ezpainak, desioak airean hegan jarritako eskuak, nahiak haztatutako gorputz bazterrak—-, William Graemek heriotzatik honantzagoko eta agian haratagoko maitasuna eskaini zion Barbara Alleni, eta, etsipenak ezaba ezin zezakeen itxaropenaz gain, zilarrezko eraztun batekin joan zen neskatoa Eskoziako lur garaietako deserrira.

        Infernu hartako hiru urteko bakardadeak eta izeko Aliceren zorroztasunak muzindu egin zuten Barbararen edertasun loratzen hasi berria. Hogeita hamasei hilabete amaiezinak bukatu eta bi emakumeak Graemetarren jauregira itzuli zirenean, mamu ibiltariak ziruditen, barneko suak erretako bi fantasma kiskali: izeko espiritu ihar eta hits bat zen, bere zorroztasunaren labanak ezpel horian egindako irudi zurbil eta izu bat, eta, haren ondoan, ikaratutako oreinkumea zirudien Barbarak, kristalpean gehiegi babestutako krabelin iluna.

        Emakume biak deserritik etorri eta jauregian hilabete pare bat egin baino lehen, han zen etxeko maiorazkoa ere, barneko harrotasunak irazekita, gauean kriseilu berri bat bezain argi eta distiratsu. Ezpain gainean bilo leunezko bibotea zeraman, eta soinean erregearen armadako ofizialgaien jantzia. Dotore zegoen, ederra, maitagarria, eta ez zuen Barbararentzat mespretxuzko irribarre sotil bat besterik izan.

        Barbarak ez zuen negarrik egin. Hatzetik zilarrezko eraztun bat kendu eta bere buruari zin egin zion inoiz ez zuela gizonik maitatuko. Gero, hisiak bultzatuta, kuskuan gordetako tximeleta ahularen egoskortasunarekin, barnean eta ezkutuan zeukan edertasun guztia koloreztatzen joan zen hurrengo urteetan.

        Ezer baino lehen, Graemetarren jauregia utzi eta Edinburgoko ostatu batera joan zen zerbitzari. Ostatuan lanean hasi eta, azkar baino lehen, eskualde osoan hedatu zen haren edertasunaren ospea. Ez zegoen Edinburgon eta hurbileko herrietan zaldunik, jauntxorik, kaparerik, langilerik edo nekazaririk, bihotzaren zokoan edo gaueko amets gozoetan neskatxa hura gordetzen ez zuenik.

        Sekula emakume gazte batek izan duen bihotz-ebasle ospe handiena lortu zuen Barbarak: neska haren donarioak zentzua lapurtu ziela esan ohi zuten inguruetako mutil gazteek, amodio-minetan egoteak loa ebatsi ziela ostatutik igarotzen zirenek, neskaren bihotz-hoztasunak taupadarik gabe utzi zituela inguruko gizonezko guztiek. Izan ere, Barbarak bazituen irribarre goxoa eta hitz eztiak denentzat, baina irrien eta eztitasunaren atzean harria bezain gogorra zegoen neskaren bihotza maitasunarentzat, inork ez baitzuen lortzen Barbarak bere baitan kuxkuldurik zeukan animaliatxo izu hura suspertzerik. «Scarlet Town-eko bihotz ankerra» deitu zion, etsipenaz, samintasunak zauritutako ikasle gazte batek. Eta ez zebilen oso oker, agian.

        Bitartean, mundua bere biran zebilen, eta jakina da munduak birak eman ahala gerrak hasten direla dantzan.

        Gerra horietako batetik etorri zen William Graeme 1607. urteko gabonak inguruan, ikaratua eta eri, gorputz eta arimaz. Graemetarren jauregia izan zitzaion babesleku, baina, egoitza dotore hura ere estua eta itolarri-eragilea bilakatu zitzaionean, Edinburgo hirira joaten hasi zen barrena pozoitzen zion atsekabetasunetik ihesi, eta ezinbestean entzun zituen Barbara Alleni egindako gorespenak.

        Bere burua edertzat zuenez, oilar eta ziur joan zen ederrez goraipatzen eta ankerrez deitoratzen zuten bihotz lakar hura bigundu eta bereganatzera. Berehala ezagutu zuten elkar, ikuste hutsez, eta Graemetarren maiorazkoari bihotza azkartu zitzaion antzinako neska beltxarana emakume eder eginda ikusi zuenean.

        Gizon gazteak zekizkien eta ez zekizkien trikimailu guztiak erabili zituen aspalditik izoztutako bihotz hari bero apur bat emateko. Lehengo garai gozoak eta orain elkarrekin dasta zitzaketen loriak aipatu zizkion, erregalu eta dohain ugari oparitu, hitz ederrez gozatu neskaren oroipen mingotsak, heriotzatik honantzagoko eta agian haratagoko maitasuna eskaini... Dena alferrik.

        Zin eginez munduan santu izan daitekeen denaren gainean, ezkontza hitza eman zion, etxekoekin haserretzeko arrisku gorrian, eta Graeme familiakoen antzinako eraztun preziatuena, harribitxiz eta historiaz zamatua zegoen eraztun distiratsua, jarri nahi izan zion hatzean, Barbararen begi harrituek harri harekin batera diz-diz egiten zuten bitartean. Baina Barbara Allenek ez zituen ukabilak zabaldu, eta zilarrezko eraztun txiki bat ekarri zion gogora Sweet William hitz-zuriari, eta galaiak, malkoak ezkutatzeko denborarik gabe, ihes egin zuen jauregiko babes mikatzera.

        Egun gutxi barru, Graemetarren morroietako bat, etxeko maiorazkoaren morroi parrikularra joan zitzaion Barbarari ostatura, eta urduritasuna gorde ezinik esan zion William Graeme, nagusi gaztea, saminez hiltzeko zorian zegoela, ile-xerlo beltz batzuen sarean katigatuta; gelako ilunean aurpegia pareta aldera jarri eta «adieu, adieu» esanez ari zela, mundu honetako gazi-gezak utzi eta partitzera prestatzen ari den norbaiten etsipenezko hitz atzerritar beldurgarriekin.

        Erruki ezak eta bihotz gogorrak mereni dituzten zigorrak aipatu zituen William gaztearen morroiak; eta gizalege eta esker on izpirik bazuen, joan zedila Graemetarren jauregira.

        «Erantzunik gabeko maitasuna» izena zuen gaitz sendaezin hartan hala sufriarazten ari zen nagusi gaztearentzat ukendu eta leungarri izan zedila eskatu zion Barbarari, askotan itxaropen izpi batek sendagile aldra batek baino gehiago egin baitzezakeen, hitz goxo batek botika onenak baino on handiagoa...

        Esan zion morroiak Barbarari Sweet William gozoak negar egiten zuela bere amaren aurrean eta «zuk bazterrarazitako amodio batek hilobira narama» esaten ziola, eta Graemetarren jauregiko andere aurenak berak ere negar egiten zuela, negar morroi nagusiak eta negar izeko Alicek, negar hainbat ongi egin zioten jauregiko guztiek.

        Graeme andere handiak berak, beti agintzen ohitutako etxekoandreak, erregu egiten ziola Sweet Williamen heriotza-oheraino joan zedin; berak, jauregiko andere nagusiak, bidali zuela morroia ostaturaino, berak esan ziola ea bihotza hunkitzea lortzen zuen.

        Esan zion morroiak Barbarari bihotz anker hartan erruki apurrik bazuen, umezurtz izanik jaso zuen Graeme familiarenganako abegitasun pittin bat gordetzen bazuen, joan zedila William gaixoa bisitatzera eta maitasunak sortutako eritasun kutsakor hartatik piztera.

        Barbara Allenek oihu egin zuen, ileetatik tiratu, izu-ikaraz eta etsipenez kiskaltzen sentitzen zituen erraietatik piztia zaurituaren auhen mingarria bota, eta morroiarekin batera abiatu zen jauregira.

        Graemetarren etxerako bidean txilarrak nabarrak zeuden, udako kolore zuri, arrosa eta ubelak galdu eta herdoilaren kolorea harturik.

        Jauregirako erdi bidean zihoala entzun zituen hil-kanpaiak, eta kanpaikada bakoitza bihotzean emandako kolpea bezala zen Barbara Allenentzat.

        Ene Sweet William, ene Sweet William.. . errepikatzen zuten gurpilek zalgurdiak udazkeneko landa gorriztak zeharkatzen zituen bitartean.

        Kondairak dio barne-harrak sortutako atsekabeak hil zuela Barbara Allen, Graemetarren morroi zintzoak asmatu zuela neskaren bihotzeko gia ukitzen; haren hitzen aurrean errukirik gabekoa ikusi zuela bere burua, eta orduan konturatu zela Barbara bere erruki eza zela jauregiko nagusi gaztea heriotzara zeramana, nor eta «bere betiko Sweet William gozoa»... Zalgurdian Graemetarren jauregira bidean hil-kanpaiek bidaia hura alferrikakoa zela iragarri ziotenean, Eskoziako txilar herdoilduen oihua entzun zuela: «Zureganako maitasunari egindako arbuioak eta mespretxuak hil dute gizon gaztea», eta oihu gorrizta hura jasan ezinik lehertu zitzaiola bihotza. San Martin eguna zen.

        San Martin egunean bertan hobiratu zuten William Graeme etxeko lorategian, jauregiko hil-kapera ilun, dotore eta aitzurdin garestiko batean, juxtu, jauregiko pareta handi bat bitarteko, herriko hilerriaren beste aldean.

        Hurrengo egunean eman zioten lur Barbara Alleni herriko hilerrian, bazter batean, William Graemeren hil-kaperaren beste aldean, pareta handi bat bitarteko.

        Eta hori da istorioa.

        Amodio istorio askotan legez —nola Teruelen, hala Veronan—, maitasuna izan da patuaren itsu-mutil kontakizun honetan, beste hainbat tragedia gogoangarritan bezalatsu. Zergatik ipini han, eta ez beste edozein, etsenpluen liburu batean eredutzat?

        Barbara Allenen eta Sweet William Graemeren maitasun historia hori bereziki hunkigarria da, hain zuzen, norbaiten bihotza ankerkeriaz zauritu ondoren, gero, erruki ezaren damuz, hil den norbaiten istorioa delako.

        XVII. mendearen hasierako maitasun historia hau ospetsua egin zen Eskozian —ez dakit nola ez zen Shakespeareren belarrietara iritsi, seguru bainago entzun izan balu tragedia ederren bat egingo zuela gai horrekin—, eta baita beste zenbait lekutan ere. Barbara Allenen historia kontatzen duten baladak ugariak dira eta gaur eguneraino iritsi da haren sona, lanbrotsu zenbaitetan, poesía apaingarriaren kutsuarekin gehienetan. Denborak, gauzak ahaztarazteaz gain, haiek nahasteko eta apaintzeko joera du. Horrela, gaur egun Barbara Alienen historiak amaiera bat baino gehiago ditu. Hau da niri gehien gustatzen zaidana:

        Barbara Allenen hilobian, herriko hilerrian, txilar bat jaio zen, sustraiekin pipak egiteko erabiltzen diren txilar zurtoin-luze eta zuztar-egurtsu horietako bat, eta denborarekin lore zurixkako zuhaixka handi samarra egin zen.

        Paretaren beste aldetik, bitartean, Graemetarren hil-kaperan, arrosa gorri bat loratu zen, eta Williamen bihotzetik jaiotakoa zela zioen jendeak. Arrosa gorria hazten eta hazten joan zen, paretaren beste aldeaa pasatu eta Barbara Allenen txilar berdea besarkatu arte...

        Balada zaharrak arakatzen arituta, bi musikari ospetsuk (Joan Baez eta Art Garfunkel) Barbara        Allenen ankerkeria kontatzen duen kondaira berreskuratu dute. Horrela amaitzen da balada hori (hor goian idatzitako amaierarekin, gutxi gorabehera):

 

                Barbara Allen was buried in the old churchyard

                Sweet William was buried beside her,

                Out of sweet William's heart, there grew a rose

                From Barbara's a green briar.

Joan Baez edo Art Garfunkel -

Barbara Allen's Cruelty

Garapena: Dijitalidadea SL