Egile honen
beste liburuak

NARRATIBA

Hontzaren orduak

1999, Elkar

101 gau

2000, Elkar

Bizitza eredugarriak

2006, Elkar

IPUINA

Albahaka lurrina

1996, Elkar

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Zozoa eta biok

1982, Elkar

Kaltxaberde, Tturku eta Gotzon

1984, Elkar

Papartxuri eta Biboteluxe

1985, Elkar

Zazpi gelako hodeietako etxea

1987, Gipuzkoako Foru Aldundia - Zarauzko Udala

Muxi eta Puxi

1987, Elkar

Mutiko Ausarta eta Neska Panpoxa

1989, Elkar

2.061: antzinako kronikak

1990, Elkar

Ausarta eta Panpoxa tartaloen basoan

1991, Elkar

Katixa eta Kroko

1992, Elkar

Indianoa

1993, Elkar

Etxerako bidea

1995, Elkar

Agure jakagorria

1995, Elkar

Hiru lagun

1995, Elkar

Katixa, Kroko eta Kokoroko

1997, Elkar

Axa mixa zilarra

2000, Elkar

Kikik Koko nahi du

2000, Elkar

Arreba txiki bat dut, eta zer?

2002, Elkar

Horazio eta jaguarra

2002, Elkar

Jokin Galtxagorri

2004, Elkar

Alfonbra berria

2006, Elkar

Mixi Marrau

2007, Elkar

Zaldun beltzak

2008, Elkar

Lau titiriti, bi tatarata..

1995, Errenteriako Udala

LITERATURA TXIKIAK

 

        Beste ezertan hasi aurretik, ez letorke gaizki gogoratzea garai desberdinetan literaturako genero desberdinak izan direla garai horretako «izar distiratsuak». Narrazioa, eta elaberria batipat, jaun eta jabe den gure garai honetan, poema epiko batek ez luke, beharbada, arrakasta handirik izango, baina bere garaian, eta beste nonbait, horixe, poema epikoa, eta ez beste, izan zen literaturak eman zezakeen fruiturik aberats eta mamitsuena.

        Herri eta garaiek izaten dituzte beren aztura, arau eta edertasunaren ereduak. Horrelaxe izan da eta horrela jarraitzekotan dagoela dirudi...

        Herri zelten literaturan, esate baterako, garrantzi berezia omen zuen, omen du, aliterazioak, soinuen jokoak, hitz beraien hotsak... Guri berriz, arraroa, eta agian traketsa, egingo zitzaigukeen era horretan osatutako poesia, zertxobait ohitu ez bagina eta Joxan Artze bezalako poetak horretako bidea jorratzen aritu izan ez balira.

        Kontuak kontu, hotsen jolas horretan oinarritzen omen zen antzinako bardoen literaturtasuna, indarra, sormenerako iturria...

        Esan genezake, beraz, jainkoen ukitua era desberdinez jaso ohi dutela garai eta herri desberdinetako literatur egileek, eta era berean, sortutako literatura hori jasotzen eta dastatzen dutenek ere hunkiera eta sentsibilitate ezberdina dutela leku eta garaien arabera.

        Egia esan, historia gurpil zabal baina birakorra omen dela esaten da, behin eta berriro zikloak sortuz eta errepikatuz doan gurpila, eta historiaren gurpil horretan doa literatura, korapilotsu eta bihurri.

        Beharbada, antzinako erak eta moldeak errepikatuz doaz, edo noizbait errepikatuko dira, edota gaur ahazturik eta txikitzat daukaguna berriro loratuko da indartsu eta berri itxuran.

        Agian, Dylan Thomas poeta galestarra, berdozturik, edo erdi aitzurturik, soinu jolasak eginez, eta ingelesez idatzitako bere poema ozentsuak entzuleen aurrean irakurriz, ez zegoen bere aurreko izan ziren, eta, beraiek ere apika edabeen eraginpean susperturik, aliterazioa eta hitz-jokoetan oinarritutako poemagintzan aritzen ziren bardo zeltetatik oso urruti. Gurpilaren bira bat izan zitekeen. Nork daki?

        Baina hori guztia ez dator hemengo kontuarekin. Goi-asmo eta arrasa luzeko literaturari buruz ari gara berriro ere, literatura izen handiz eta maiuskulaz idatzitako horrekin eta ez saio honetara ekarri nahi genukeen literatura txikiarekin.

        Hauxe izan daiteke, soil-soilik, goiko diskurtso horretan saio honi zuzenean dagokion eta gure interesa pizt dezakeen ideia: nork daki gaur zaharkitu, txiki eta garrantzi gutxikotzat jotzen duguna berriro indartsu eta garrantzitsu ez ote den bihurtuko? Zorionez, literaturaren bidea ez da zuzena eta norabide bakarrekoa.

        Hala eta guztiz, kosta egiten zaigu hori zeharo sinestea. Izan ere, ez da erraza gure burmuinaren sakonean erroturik ditugun aurreritziak erauztea eta ezta ere hizkuntzarekin jolasean hasten garen bakoitzean literatura sortzen ari garela konturatzea eta onartzea.

        Literatura mota asko aipatu izan dira, eta literaturari buruz aritzen diren liburu gehienetan agertu ohi ez diren motak ere bai, gainera... Kontsumorako literaturaz hitz egin ohi da, telebistako eta telebistarako literaturaz... Komunerako literatura ere aipatu izan da... Hirurogeita zortziaren ondoren irudimen sukartsuek sortutako erokeria xarmangarri haietako batean, komuneko papera inprimatzea bururatu zitzaion norbaiti. Bakar-lekuko eginkizunak egiten ziren bitartean kontsumitzeko, eta ondoren beste eginkizun batean erabiltzeko aukera ezin hobea eskaintzen zuen literatura egokia...

        Hainbat aurpegi desberdin ditu literaturak! Esate baterako, garai batean baserri eta etxetan, egutegiko orri atzean zetorren literatura izan ohi zen egunero jaki intelektuala. Eta oraindik ere, Argiak, Arantzazuk, edo Euskarazaleak argitaratzen dituzten egutegi hauek badute estimazioa.

        Literatura pobreak direla? Literatura izena ematea ere ez dutela merezi? Nork erabaki dezake hori?

        Era batera edo bestera, eta dudarik gabe, literatura txikien adibideak dira hor goian aipatutako horiek guztiak. Literaturaz aritzen direnen masailak gorritzeko adinako lotsa sor dezaketenak, apika, baina literatura motak, azken finean.

        Hala eta guztiz, lotsak bazter batera utziz, eta azken txokoak arakatzeko asmoz, oraindik tamainu txikiagokoetara jo nahi luke saio honek, txikientzat egindako literatura txikiraino.

Garapena: Dijitalidadea SL