1948 (Orio)
Egile honen
beste liburuak
NOBELA
1973, Gero
1971, Etor
1983, Erein
1984, Erein
1989, Erein
1991, Erein
1994, Alberdania
1998, Alberdania
2002, Alberdania
2006, Alberdania
2004, Alberdania
2008, Alberdania
NARRAZIOA
1995, Alberdania
1996, Alberdania
1996, Alberdania
1998, Alberdania
1990, Erein
IPUINA
1970, Lur
1979, Erein
SAIAKERA
2001, Alberdania
1999, Alberdania
KRONIKA
2004, Alberdania / Berria
BIOGRAFIA
Martin Ugalde, leialtasun baten historia
1997, Andoaingo Udala
ETNOGRAFIA
1993, Zarauzko Udala/Itxaropena
ANTOLOGIA
Horrela bizi bagina beti (Euskal umorearen antologia)
1991, Erein
HAUR ETA GAZTE LITERATURA
1982, Erein
1982, Erein
1988, Erein
1988, Erein
Paris de la France-ko pateen kasua
1988, Erein
Alarguntsa sikodelikoaren kasua
1989, Erein
Sardina ezpain gorriaren kasua
1989, Erein
Peru eta Marixe, mila eta bat komerixe
1993, Erein
1989, Erein
1999, Elkar
2000, Elkar
Aizak eta aizan elkarrekin dantzan
2002, Elkar
Tobacco days
1987, Erein
Nobela beltza dugu honako hau. Euskaraz idatzitako nobela beltz onena, edo bakarra seguruenik. Kontrabando ixtorio bat kontatzen digu, izenik ez aipatu arren Oriorekin identifika daitekeen herri batean hasi eta Madril aldean segituz. Tokiz aldatzearekin batera «ur» haundiagoetan sartuko zaizkigu pertsonaiak eta komeria desberdinak izango dituzte «arrain» txiki eta haundiek. Sinisgarritasuna lortzen du Lertxundik.
Xabier Mendiguren (Argia, 1987-12-27)
1
Bizkarrezurreko ziztadak sortarazi zion izerdi hotzarekin batera aspalditik erregutua zuen onarpenaren poza korapilatu zitzaion Tomaxi telefonoa hartu eta Extebanen ahots zakarra entzun zuenean bestekaldean. Bai? galdetu zuen lehendabizi, ondo zegok erantzun gero eta bale, gaueko hamabi t'erditan baietsi telefonoa esegi aurretik.
—Nor zenuen telefonoz, Tomax?
Eztulka iritsi zitzaion amaren ahots erritatsua haren ohetik menda belarren eta alkoholaren usain nahasi eta berezgaitzekin bateratsu.
—Zaude lasai, ama, medikuak esana dizu ahotsik ez behartzeko. —Tomaxek lepoa ongi babesten zion jertse urdin, lodi bat hartu zuen burutik behera.
—Ozenegi hitz egiten dudala esan nahi al didazu? —amaren ahotsak energia adierazten zuen erruki beharrarekin batera.
Baina Tomaxek ez zion amaren haserreari betarik eskaini, ordurako binan-bina jaisten ari bait zen lejez
zuri erretako pinuzko eskailerak, bere gibelean atea danbateko batez itxi ondoren. Kalera irten eta azkar korritu zituen bizpahiru pisutako harri hondartsuz osatutako etxedi estuen arteko kale bihurriak, herriko plazara heldu zen arte.
Arratsaldeko seiak entzun zituen Tomaxek Kale Nagusiko Etxetxo tabernan sartu zenean. Ez zegoen artean jende gehiegi. Hizketaldi soil eguraldia eta gorputzeko ajeak zituzten bizpahiru agure mahai batera eserita eta azken hilabeteetan lanik gabe geratu izanaz beti kexu zen Hilario gaztea mostradoretik gertu, tragaperras baten hotsetara makur.
Mostradoreraino inguratu eta zerbeza bat eskatu zuen Tomaxek.
—Frexkoa, mesedez.
Mostradorearen bestekaldeko emakumeak zerbeza atera zionean boteilen apalen arteko ispilu zabaletik ikusi zuen Tomaxek Hilario zetorkiola baina ez zen harengana jiratu zerbeza baten eske hasi zitzaionean.
—Barka ezak, Hilario... Baina nirea ordaintzeko adina besterik ez diat patrikan.
Hitzik ulertzen ez zitzaion purrustada bueltatu zion Hilariok; Tomaxek ezentzunarena egin zuen, bere zerbezari tragoxka bat botatzen zion bitartean. Mutu nahiz Marisukaldes zituen Hilariok herritarrentzat tipo konstantea gainetik kendu ezin etengabeak irudikaturiko ezizen.
—Eta? Gaur gauean? Zenbat diru frexko patrikaratu behar duzue oraingoan?
Hilariok gorrotoa ikusi zuen Tomaxen begietan eta lagunarte eskaxeko irrifarrak erantzun zion mostradoreko ispiluan ikusten zituen begietako grinari. Tomax jiratu egin zen kolpatu egingo zuenaren mugimendu azkarra adieraziz besoaz:
—Zertaz ari haiz? Hoa hemendik, kakalardo arrania! —buruaz adierazi zion etxekoandreari kobra ziezaiola eta duro batzuk utzi zituen mostradorean haren esanera.
—Itsaso zakarra duzue.
Eta gero, ukalondoaren laguntzaz gorputza mostradore gainean bermatu eta burua Tomaxen begietara jiratuz:
—Nola arraio hautatu haute?
Tomaxek bere zerbeza amaitu gabe utzi mostradore gainean eta txanpon pare bat sartu zuen tabako makina batean. Ducados paketea patrikan sartu eta kalerako bidea hartu zuen. Hilariok, irrifar definigarriagoa eskaini zion orduan:
—Gutxirekin konformatzen haiz. Hemendik aurrera...
Agure pare batek jasoak zituen musetik begiak bi gazteengana, jakin minez baino harantzago emozio bila bezala. Eta Hilariok, basoa diosala gisa jasoz:
—Eskerrik asko, hi, hemen uzten didaan zerbeza erdi honegatik, ea bihar oso bat ordaintzeko gauza haizen.
Dardarizoka aritu zitzaizkion kristalezko laukiak ate sendoari Tomaxek Etxetxo taberna utzi eta kairako bidea hartu zuenean. Zeru grisak tristetzen zuen plazaldea zeharkatu eta itsas gorari esker moilara parekatua zegoen bere txalupa gorrira egin zuen salto. Popaldeko ohol zabal baten azpian zuen bonbatxo grasatsua erroparen gainetik jantzi eta motorraren prestakerara hasi zen. Ongi zeuden berean giltza batez sendoago lotu zituen bujiak, primeran pistoiak ere. Ez zeukan motorrak olio faltarik. Gasoil depositoan nahiko errekin bazeukala garbi ikusten zen arren, berriro ere popaldeko ohol zabalpetik lata bat hartu eta topetaraino bete zuen depositoa.
Ondoren, behin eta berriro frogatu zuen motorra: martxa eragiten zion sokatik tira eta zurrunbuiloka hasi zitzaion popaldea urgain grisaxkan olatuxka zalapartatsuak sortuz, itzaldu berriro popaldeko urgaina gasoilaren kolore gorri-urdinxketan baretuz eta martxan jarri zuen berriro, indartsuago azeleratuz...
Arnasa sendo hartuz motorra primeran zeukala ikusi zitzaionean, untziaren hondoan zegoen ur gutxia txikatzen hasi zen plastikozko ontzi hondatu batez. jasotako ura ibaira botatzen zuen bakoitzean urradura xumez hornituriko marrazkiak tajutzen, biltzen eta geroxeago desagertzen zitzaizkion gasoilaren tonuak galduak zituen urgain grisaxkari.
Ibaiak itsasoarekin bat egiten zuen barra aldera begiratu zuen. Laino beltz, mardulak zintzilikatzen zitzaizkion zeru astunari eta itsasoak sortarazten zituen olatu bortitzek, behin ibairatzean apaldu egiten baziren ere, olatuxka xumeetan kulunkatzen zuten Tomaxen untzia moilaratzen ziren guztietan.
—Mekaguen! —bota zuen bere kasa mintzatzera ohiturik zegoen Tomaxek—. Behin itsasoratu beharko gauez eta bertan a ze itsasaldia egokitu behar zaigun!
Ordulariari begiratu zion ondoren. Zazpiak eta hogeitabost elizako kanpaiek zortziak laurden gutxi luzatu zituzten une berean.
—Hemendik aurrera ordulari egoki bat erosteko aukerarik izango al diat behintzat!
Berriro ere bere kasa, inguru guztia miatu zuen begiradaz baina ez zen inor ikusten bere itsasuntziaren ondoan zeuden gainerantzeko txalupetan, «bere kasa arituko ez balitz, marinel zuhurrena ere erotuko huke», aita zenari sarritan entzuna baina «ez duk hura txantxetakoa, behin gau beltzak harrapatzen hauenean ez haiz ezertaz oroitzen», Extebanek lan eske joan zitzaionean botatakoa.
Burua astindu zuen, oroimenak uxatu nahi izan balitu bezala.
Txalupatik kaira salto egin eta berriro ere Etxetxo tabernara zuzendu zituen bere pausoak, astiro, sobrako denbora nola erre ez dakienaren ibilera nabarian. Atea irekitzeaz batera taberna guztia miatu zuen begiradaz. Ez zegoen Hilariorik bertan. Tabernan sartu zen presarik gabe. Musari tutea trukatu zioten lehenxeagoko agure berak zeuden mahai berean, inoiz ahitzen ez zitzaien baso erdi bana eskuetatik gertu.