Anjel
Lertxundi

1948 (Orio)

Egile honen
beste liburuak

NOBELA

Goiko kale

1973, Gero

Ajea du Urturik

1971, Etor

Hamaseigarrenean aidanez

1983, Erein

Urtero da aurten

1984, Erein

Tobacco days

1987, Erein

Carla

1989, Erein

Kapitain Frakasa

1991, Erein

Otto Pette

1994, Alberdania

Lehorreko koadernoa

1998, Alberdania

Zorion perfektua

2002, Alberdania

Ihes betea

2006, Alberdania

Konpainia noblean

2004, Alberdania

Zoaz infernura, laztana

2008, Alberdania

NARRAZIOA

Piztiaren izena

1995, Alberdania

Azkenaz beste

1996, Alberdania

Letrak kalekantoitik

1996, Alberdania

Argizariaren egunak

1998, Alberdania

Lurrak berdinduko nau

1990, Erein

IPUINA

Hunik arrats artean

1970, Lur

Aise eman zenidan eskua

1979, Erein

SAIAKERA

Mentura dugun artean

2001, Alberdania

Gogoa zubi

1999, Alberdania

KRONIKA

Italia, bizitza hizpide

2004, Alberdania / Berria

BIOGRAFIA

Martin Ugalde, leialtasun baten historia

1997, Andoaingo Udala

ETNOGRAFIA

Tresak eta Kordelak

1993, Zarauzko Udala/Itxaropena

ANTOLOGIA

Horrela bizi bagina beti (Euskal umorearen antologia)

1991, Erein

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Gizon kabalen piurak

1982, Erein

Tristeak kontsolatzeko makina

1982, Erein

Eskiatzaile herrenaren kasua

1988, Erein

Kaxkajo bahituaren kasua

1988, Erein

Paris de la France-ko pateen kasua

1988, Erein

Alarguntsa sikodelikoaren kasua

1989, Erein

Sardina ezpain gorriaren kasua

1989, Erein

Estalaktita rockeroaren kasua

1989, Erein

Nire kuleroak

1999, Elkar

Musubero mon amour

2000, Elkar

Aizak eta aizan elkarrekin dantzan

2002, Elkar

Peru eta Marixe, mila eta bat komerixe

1993, Erein

LUKI AZERI BARRABASA
PERU ETA MARIXERENEAN

 

PERU ETA MARIXE
EZ AHUNTZ ETA EZ OILO GELDITUKO DIRA.
GARI EREINTZA XELEBRE BATEN PASADIZIOA.
PERU KABARRAZAIN.
KONTALARIAK EZ DU PARADA GALDU NAHI IRAKURLEARI
ANIMOAK EMAN GABE.
GUZTIAK BEHARKO DITU.

 

Azeria berriketan denean ari
erreparaiok hire oiloari.

 

        Peru eta Marixe bizi tiren Larraben eta ziren oso senar-emazte pobreak: zeukaten ahuntz bakarraren esnea gosaltzen zuten eta zeukaten oilo bakarraren arraultza bazkaltzen. Afaltzerakoan berriz, esnearen usainarekin eta arraultzaren oroimenarekin konformatu behar izaten zuten.

        Ehun urtetik gorako Luki azeri barrabasa, berriz, Peru eta Marixeren eskaratzeko leihoaren pare-pareko basoan bizi zen, errekaren inguruko kainaberadian.

        Handik begira egoten zen beti Luki azeri barrabasa Peru eta Marixeren etxe aldera eta goizero ikusten zuen Marixe ahuntza jaitzi eta bildutako esnea egostera ipiniz.

        Eta goizero Marixek esaten zuen bere kabutan: "Peruri ez zaio esne irakin berria atsegin", eta esne egosi berria ateratzen zuen leihora, han epel zedin.

                Behin, esne marmita leihora atera bezain lasterren, azeritxo Luki barrabas horrek deitu zion Marixeri, auzoko gizon baten imintzio eginaz:

        —Marixe! Marixe! Azeria ari da zuen ikuiluko ahuntza jaten!

        Marixe joan zen ikuilura ahuntza ikustera arinik arin, eta azeriak, binbitartean, esnea lapurtu zuen.

        Marixe etxera bueltatu zen ahuntzari ez zitzaiola ezer gertatzen ikusita. Eta marmita hutsik topatu zuen.

        —Peru, zuk hartu al duzu esnea?

        —Ez dut nik esnearen zuria ere ikusi, Marixe.

        —Azeri barrabasa izan da! Esnerik gabe konformatu beharko dugu gaurkoagatik.

        Biharamunean Marixek pentsatu zuen bere kabutan: "Ez duk esnea hiretzat izango, Luki barrabasa!". Hala, esnea gorde, eta lixiba egosten jarri zuen. Lixiba irakiten hasi zenean, apar zuri-zuria igo zen marmitan gora: bene-benetako esnea zirudien.

        Entzun zuen berriro auzoko gizonaren ahotsa uste zuena esaten:

        —Marixe! Marixe! Azeria ari da zuen ikuiluko ahuntza jaten!

        Marixe, ahuntza ikusteko itxurak eginaz, joan zen ikuilura, hala azeria engainatuko zuelakoan. Baina, azeriaren ordez, Peru agertu zen leiho ondora eta pentsatu zuen:

        "Gosaldu gabe gelditu ninduan atzo. Orain, aldiz, Marixe joana duk ahuntza ikustera. Okasio polita diat bapo gosaltzeko".

        Eta, zurrut! eta zurrut!, marmitako lixiba guztia irentsi zuen.

        Hura tripako mina! Han ez zen Peruren triparentzat batere pozik.

        Une hartan leiho ondora inguratu berri zen azeriak, Peruren tripetako deskalabro hura ikusita, pentsatu zuen bere kabutan:

"Ez duk erraza gizonak ulertzen: esnea hartuta halako minak izaten baldin badituzte, zergatik ez didate eman nahi ahuntzari jaizten diotena? Neri ez dit kalterik egiten!"

        Bitartean Marixek, ahuntzarekin ezer ez zela gertatzen ikusi ondoren, etxera bueltan zetorrela, Peruri esan zion:

        —Baina, baina, Peru! Lixiba hartuta gosaltzen baldin baduzu, esnearekin garbitu beharko dituzu galtzak.

        Entzun eta ekin: emazteak mahai azpian gordeta zeukan esne marmita hartu eta hara sartu zituen Peruk bere galtzak, lixibak emandako beherakoarekin zikin-zikin eginda zeuzkanak. Hala, esne guztia hondatu zuen, eta galtza zaharrak erre zitzaizkion.

        Marixek, haserre, agindu zion Peruri:

        —Demontre baldarra! Errepara ezazu ikuiluko atea eta azeria ez dadila bertara sar!

        Hasi zen Peru atea zaintzen. Halako batean, ahuntza irten zen ikuilutik. Peruk ikusi zuen ahuntza azeriaren kainaberadira zihoala, baina pentsatu zuen bere kabutan:

        "Azeria ez dadila sar agindu zidak Marixek. Baina ezer ez ahuntzari buruz".

        Marixeren deiadarra entzun zuen:

        —Peru! Ez al dizut esan ikuiluko ateari erreparatzeko azeria sar ez dadin!

        —Eta ez da sartu, Marixe!

        Emazteak, haserre, ahuntza hartu, ikuilura eraman eta bertan lotu zuen:

        —Zaude ate aurrean, Peru, ahuntza zaintzen ez bada ere, zeruko izarrak kontatzen gutxienez.

        Halaxe, egun hartan hasi zen Peru lehendabiziko aldiz izarrak kontatzen.

        Handik gutxira, azeriak deitu zion artasorotik:

        —Peru! Peru! Hator, ahuntz talde ederra zegok hemen.

        —Ez nauk engainatuko!

        —Ahuntz taldearena gezurra bada, betirako joango nauk hemendik. Egia bada, ikuiluko ahuntza niretzat.

        Artasorora joan eta hango artabizarrak ahuntz talde batenak zirela uste izanda, zorra kitatzera behartu zen Peru.

        Azeria atzetik zuela, Marixerengana joan eta gertatutako guztia esan zion Peruk emazteari. Marixek, orduan, atarian zegoen azeriari:

        —Luki jauna, erruki zaitez...

        —Zorrak zor izaten dira beti!... Baina ez duzue esango Lukik bihotz gogorra daukanik: biharko gosaria barkatuko dizuet...        Huraxe izango duzue ahuntzari jaitziko diozuen azken esnea.

        Jaitzi zuten biharamun goizean ahuntza eta Marixek hango esnea ikusi zuenean marmitan, esan zion Peruri:

        —Azken esne hau hartzen badugu, ezer gabe! Salduz gero, berriz, ahatea erosiko genuke; ahateari gibela gizenduko litzaioke; gibelarekin patea egingo genuke; patea salduta, txerria erosiko genuke; txerriaren urdaiak salduta, behia; behiaren solomoak salduta, artaldea. Hara nik nola nahikoa hazienda lortu esne marmita bakar batetik!

        —Goseak nago ni! —egin zion protesta Peruk. Baina Marixe bereari jarraitu zitzaion:

        —Eta jendeak, hainbesteko etxekoandrea naizela ikusten duenean, "Agur, Marixe!" esango dit kalean.

        Gosearekin ahaztuta, Peruk ere ez zuen Maixek baino gutxiago izan nahi:

        —Neri ere bai, neri ere "Agur, Peru!" esango didate kalean —poztu zen Peru.

        Eta "Agur!" esaterakoan, ohi den bezala burua makurtu zuen Peruk erreberentzia gisa. Jo zuen esne pitxarra buruarekin eta esne guztia irauli zuen zolura.

        —Agur, Peru; agur, Marixe! —esanaz aldegin zuen azeriak, ahuntz eta guzti.

 

Garapena: Dijitalidadea SL