Anjel
Lertxundi

1948 (Orio)

Egile honen
beste liburuak

NOBELA

Goiko kale

1973, Gero

Ajea du Urturik

1971, Etor

Hamaseigarrenean aidanez

1983, Erein

Urtero da aurten

1984, Erein

Tobacco days

1987, Erein

Carla

1989, Erein

Kapitain Frakasa

1991, Erein

Otto Pette

1994, Alberdania

Lehorreko koadernoa

1998, Alberdania

Zorion perfektua

2002, Alberdania

Ihes betea

2006, Alberdania

Konpainia noblean

2004, Alberdania

Zoaz infernura, laztana

2008, Alberdania

NARRAZIOA

Piztiaren izena

1995, Alberdania

Azkenaz beste

1996, Alberdania

Letrak kalekantoitik

1996, Alberdania

Argizariaren egunak

1998, Alberdania

Lurrak berdinduko nau

1990, Erein

IPUINA

Hunik arrats artean

1970, Lur

Aise eman zenidan eskua

1979, Erein

SAIAKERA

Mentura dugun artean

2001, Alberdania

Gogoa zubi

1999, Alberdania

KRONIKA

Italia, bizitza hizpide

2004, Alberdania / Berria

BIOGRAFIA

Martin Ugalde, leialtasun baten historia

1997, Andoaingo Udala

ETNOGRAFIA

Tresak eta Kordelak

1993, Zarauzko Udala/Itxaropena

ANTOLOGIA

Horrela bizi bagina beti (Euskal umorearen antologia)

1991, Erein

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Gizon kabalen piurak

1982, Erein

Tristeak kontsolatzeko makina

1982, Erein

Eskiatzaile herrenaren kasua

1988, Erein

Kaxkajo bahituaren kasua

1988, Erein

Paris de la France-ko pateen kasua

1988, Erein

Alarguntsa sikodelikoaren kasua

1989, Erein

Peru eta Marixe, mila eta bat komerixe

1993, Erein

Estalaktita rockeroaren kasua

1989, Erein

Nire kuleroak

1999, Elkar

Musubero mon amour

2000, Elkar

Aizak eta aizan elkarrekin dantzan

2002, Elkar

Sardina ezpain gorriaren kasua

1989, Erein

Urrutiko txakurrak hamalau,
bertaratu eta uau! uau!

 

        Bixentikoren bi bixigu begiak gorri eta puztuak zeuden, begizuloz inguratuta, eta bizar ale bakanez zipristindutako haren aurpegi zurbilak lo gutxi eginaren arrastoak zituen nabarmen.

        Ohean zegoen eserita mutila, enziklopedia poetikoaren tomo ugariez inguratuta eta Antonio Zabalaren euskal esaera zaharrei buruzko bi liburuki famatuak eskuetan. Begiratzen zuen enziklopediaren aleren batean, irekitzen zuen urduri Zabalaren liburukiren bat eta, noizbehinka, liburuak utzi eta alboan zeukan kuadernoan idazten zituen oharrak, oinak, glosak, iradokizunak, aipuak eta bururatzen zitzaizkion akotazio guztiak, Oteitza eskultoreari ikasia zion lema beti ere gogoan:

        —Artegintzak zoroa behar du izan, artistak, ordea, zuhurra.

        Bi besoak zabaldu, hasperen egin sakon tripa hots eta guzti, eta koadernoan idazteari ekin zion berriro, ikasle aurreratuari dagokion eran Oteitzarena ausart betetzen ari zela eta, munduko pozjario haundienaz.

        Egunsentia hasia zen gauari aurrea hartzen, esnea kafetara botatzen denean bezala, leihotik sartzen zen eguzkiaren argi herabetiak adierazten zionez.

        Arkatza ahoan sartu eta Bixentikok mesila gaineko ordulariari begiratu zion. Sei t'erdiak. Eta gau osoa atzean utzia, begirik itxi gabe.

        Baina lo falta hark mutila aho zabalka ito behar zuela bazirudien ere, irrifar garailea soma zitekeen haren ezpainarte likitsean. Zalantzarik gabe, Bixentiko gustora zegoen, eta gusto haren zergatia kuadernoan ikus zitekeen, hartara botatzen zituen begirada ero ugariak aintzakotzat hartuz, gauez lanik egiten ez duen poeta erromantizismotik oso urruti dagoela jakinda, ez dela sekula gautxoria ez den artista bohemio & malditoa izatera iritsiko etsita.

        Uste haiek bultzata, asteak zeramatzan Bixentikok poesiagintza irauliko zukeen teoria poetiko berri baten asmaketan, musa, arnasa eta arima poetikoak poesia beraren funtsean, oinarrian, erroan eta bihotzean aurkitu behar direlakoan.

        Horrela, Bixentikoren ustez, esaera zahar nahiz esamolde guztiek zeukaten klitxe bezala funtziontzen zuen halako zutabe sendo orokor bat, eta bazituzten aldagai nabarmenak ere. Zutabeak errespetatuz eta aldagaian trukaketan asmatuz gero, esaera berriak sor zitezkeen (esaera zahar, ideia berri idatzia zeukan letra txukunez kuadernoko lehen orrialdean), eta horretxen froga ugari zuen idatzia, modu oso didaktikoan, bere kuadernoko orrialde ugarietan:

 

        ADIBIDEA: Ustez hamalau, bertaratu eta lau.

        Klitxearen zutabeak: ustez bertaratu eta.

        Aldagaiak: Hamalau - Lau.

        Zutabeak mantenduz eta aldagaiak trukatuz osatutako esaera berriak:

        Ustez hamasei, bertaratu eta sei.

        Ustez lau mila, bertaratu eta lau metro.

 

        Bixentikoren teoria poetikoaren arabera, aldagaiak trukatuz, Ustez hamalau, bertaratu eta lau bezalako esaera zaharraren bertsio desberdin ugari osa zitezkeen, kuadernoan halaxe idatzirik zeukanez:

 

        Ehiztarientzat: Ustez eperra, bertaratu eta orbela.

        Marinelentzat: Ustez sardina, bertaratu eta tripako mina.

        Apaizentzat: Ustez parabola, bertaratu eta sekulako bola.

        Alkateentzat: Ustez botoa, bertaratu eta lotoa.

        Poetentzat: Ustez errima, bertaratu eta ezin arrima...

 

        Modu honetara, Bost xentimoko pupua eta hamar xentimoko trapua esaera trukatua zuen Bost kilometroko bidea eta hamar kilometroko bizikletea esaera berriaz.

        Kanpoan uso... bezalako esaerak ere bazituen bertsio bat baino gehiago Bixentikoren kuadernoan. Kanpoan maindire, etxean trapu zahar, esate baterako. Bertsio honen ondoan idatzita zeukan Bixentikok mundu etiko osoa eta borobildua agertzen zuen ohar adierazgarria ere:

        Aproposa dirudi esaera berriak, senarra etxean utzi eta maitale berrien bila kanpoan ibiltzen diren emakume lizunentzat.

        Esaera beraren beste bertsio sakon bat ere bazuen Bixentikok: Kanpoan ardo gorri nafarra, etxean aspirinak barra-barra, eta bertsio honek ere alboan bere ohartxoa zeraman:

 

        Txikiteroentzat egokia.

 

        Futbola gutxi atsegin baldin bazitzaion ere, Osasuna, munduko ondasuna esaeraren ondoan, Osasuna, munduko txapelduna zeukan idatzita.

 

        Bixentikoren teoria, halere, ez zen trukaketa soil hauetara makurtzen, kuadernoan ikus zitezkeen beste esaera asko eta asko aintzakotzat hartzen baditugu. Honela, Usteak erdia ustel esaeraren ondoan, Bixentikok idatzia zeukan Usteak erdian TE; jira-buelta osoa emana zion Nagusi askoren astoa goseak hil esaerari, Asto askoren nagusia arrantzaka hil idatziz. Era eta tankera askotako esaera trukatu ugarien artean, azpimarragarriak ziren Bixentikoren kuadernoan beste hauek ere:

 

        Zoroak eroari, kaxkarin.

        Urdeak zerriari, kurrin.

        A ze parea, apaiza eta abadea.

        Lehen argala, orain potola, gero ez jakin nola.

        Hobe da mila pezetakoa nire eskuan, ehun zure patrikan baino.

        Askoren mina, izurrite samina.

        Gezurrak hanka motza du, edo hankak du hezurra motza?

        Balitz eta balego, ni fraile eta hi lego.

        Zenbat eta ipurdia gorago, txapela zikinago.

        Bat, Batixta, bi, Bixente, bata eserita, betea tente.

        Esperantzak ez du itsasorik.

        Kanpoan uso, etxean abuso.

 

        Ohetik jaiki, eta sukaldera joan zen gosaltzeko asmoz. Frigoa ireki zuenean, huts-hutsik aurkitu zuen, armiarma-sare izoztu eta guzti.

        —Kaguen zotz! —kexatu zen, amaz oroitzearekin batera kuixidade haundirik gabeko bazkariak egitera behartuta zegoela gogoratuta.

        Sevillara joana zitzaion ama pare bat egun lehenago, Munduko Brigada & Detektibeen Kongresu batera, eta, agi zenez, frigoa hustua zuen Madame Kontxexik (eta sabela betea, bide batez), maletak hartu eta Sevilla aldera aldegin baino lehen.

        Dutxatu, jantzi eta kalera irten zen Bixentiko zerbait gosaltzeko asmoz. Iturriaga kaleko tabernarik herrikoienera sartu zen:

        —Txokolatea txurroekin! —eskatu zuen energiaz eta egun onik eman gabe.

        —Zer uste duk, hau Maria Kristina dela?

        —Kafesnea izango duzue...

        —Tira, tira, goiz-goizetik al habil tronpatuta?

        —Esne piskat?

        —Nora etorri haizela uste du, haurtzaindegira?

        Azkenean anis kopaska bat gosaldu behar izan zuen eta erdi mozkortuta irten zen tabernatik.

        Etxeratu baino lehen kioskotik pasatzea erabaki zuen, parketik bueltaska emateak on egingo ziolakoan eta egunkari bat eskatu zion kioskoko emakumeari:

        —Deiadarra!

        Ez zeukatela erantzun zion emakumeak, Bixentikok inoiz entzun zuen tonurik suabenean.

        —Iraultzarako tenorea?

        —Ez da oraindik iritsi.

        —Euskal etorkizuna, orduan...

        —Porrot egin berria da.

        —Ekarzu, orduan, zeuk nahi duzuna.

            La Gaceta de Apatamonasterio besapean zuelarik etxeratu zen, hango gurutzegramak ez zirela batere kaskarrak izaten jakinda.

 

        Ez zuen parkean bueltaskarik eman, auzoek La Gaceta de Apatamonasterio besapean zuelarik ikus ez zezaten. Euskal Herrian Euskaraz behar dela egin sinesten zuen Bixentikok eta berak irakurtzen zituen egunkariek titulua gutxienik euskaraz zuten, ez ordea, Apatamonasterioko gazeta hark eta ez zuen gogoko Bixentikok jendeak izan zezakeen iritzi ustela, pentsa zezakeen, gainera, ez zela euskaltzale jator, entregu eta bitore...

        Behin etxean, ohera sartu zen berriro eta egunkaria irakurtzen hasi, pasadatxo hark loan dei egingo ziolakoan. Ez zion lehendabiziko orriari apenas jaramonik egin, bigarren eta hirugarrena aise pasa zituen irakurri gabe, eta laugarrenari ere ez ziola kaso zipitzik egingo bazirudien ere, bere begi nekatuek bertako argazki batean erreparatu zuten. Ez zen argazkia oso garbia, tinta beltz batek lausotua zuen irudia, baina argazkiaren erdian agertzen zen gorputz mardularen neurriak ezagunak zitzaizkion Bixentikori. Argazki oina irakurtzen hasi zen, gaztelaniaz irakurtzen zuena euskarara mentalki itzuliz:

 

Hizlari bat bahitua

 

        Sevillan egunotan ospatzen ari den Munduko Brigada & Detektibeen Kongresuan sekulako itxaropenak sortuak zituen Madame Kontxexi Uribek irakurri behar zuen ponentziak: «Gaizkileen kontra imajinazioa, gaizkileen imajinazioa gure kontra jarri baino lehen, edo nola estrategia egokiak antolatu legearen defentsan», baina emakumea ez zen ponentzia egunean azaldu. Kongresuan bildutako Brigada & Detektibe guztientzat erabat ezezaguna den «Sardina ezpain gorriak» taldeak erreibindikatu du emakumearen babiketa. Argazkiaren erdian Madame Kontxexi ikus daiteke Kongresuaren inagurazioan, kanape eta pintxoak jaten.

 

        Amorruz bota zituen juramentuak, ordea, ez zituen euskarara itzuli, euskaldunok ez dugula maldiziorik botatzen jakinda:

        —¡Cabrones! ¡Botarates! ¡Licuefactos! ¡Bachilleres de la delincuencia! ¡Ingenieros del crimen!

        Zorabioka zeukan burua Bixentikok, irakurri berria zuen notiziaren eraginez adina tabernan atera zioten anis kopaskaren kulpaz. Ezin zezakeen egoera ulertu: munduko brigada & detektibe ospetsuenak zeuden bilduta Sevillan, eta gizaseme guzti haien bibote luze eta bizar sarrien aurrean bahiketara prestatutako gaizkilea ez zen izango, ez, badaezpadako tipoa. Garbi zeukan Bixentikok beldur ziotela bahitzaileek bere amaren ponentziari eta, hain zuzen ere, irudimena jarri zutela martxan, ponentziaren zentzua aldatu nahian, Bixentikok kuadernoan zeuzkan esaldi trukatu haiekin bezalaxe jokatuz:

        Legezaleen kontra imajinazioa, legezaleen imajinazioa gure kontra jarri baino lehen, edo hola estrategia egokiak antolatu gaizkiaren defentsan.

        Baina argazki oineko hura ez zen arazo poetiko soila, ezta loaren orratzetatik ihes egiteko dibertimendu nagia ere, hartaz ondo jabetuta zegoen Bixentiko, errai anisatuetan sentitzen zuen atximurdura sentiberak garbi salatzen zion bezala.

        Bigarren aldiz sartu zen Bixentiko goiz hartan dutxapera, bigarren hartan anis kopaskaren eragin nahasiak desegiteko asmoz bezala ideiak arintzeko ere.

        Ez bat eta ez beste: Aspirina pare bat hartu behar izan zuen, kopetean ziztaka zituen orratz kolpeak arintzeko, eta, ideiak argitzeko kontuetan, berriz, Sevillara joan behar zuela pentsatu zuen.

Garapena: Dijitalidadea SL