Pello
Esnal

1950 (Andoain)

Egile honen
beste liburuak

NOBELA

Nada de agua en Madrid

1997, BBK-Euskaltzaindia

BERTSOA

Itzuliko naiz

1995, Sendoa

BIOGRAFIA

Manuel Olaizola Uztapide

2007, Bidegileak

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Malkos

1990, Elkar

Nabukodonosor

1991, Elkar

Zazpi kolore ditu ostadarrak

1991, Erein

Txukunago ibiltzen da kostako trena

1992, Bruño

Pello Errota

1998, Sendoa

Txirrita

1998, Sendoa

Salomondarrak

1999, Ibaizabal

Otsogorritxo

1999, Ibaizabal

Azeri-zuloa

2001, Elkar

Egundokoa haiz, Segundo!

2005, Erein

Kutun kutuna

2005, Bruño

Xaxpi

1993, Desclée De Brower

        Urtero bezala etorri ziren uda hartan ere: etxe osoa garraio. Herriko plazan azaldu zitzaizkigun arratsaldeko bostak aldera, beren kotxe zahar, erremolke eta guzti. Beraiekin ekarri zituzten mila tresna, tramankulu eta trepeta; eta kaiolak, txoriak eta ahate bat. A!, eta betiko zakurra.

        Ri-rau hasi ziren lanean helduak, jolasean neska-mutilak, han-hemenka baldar-baldar ahatea, eta bazterrak miatzen eta usainka zakurra. Ez dut gogoan txoriek kantatzen zuten ala ez. Haien ingurura hasi ginen pixkana-pixkana biltzen herriko neska-mutikook, nor bere aldetik, ausartenak eta lotsagabeenak aurretik, zeinek zer ikusiko lehenengo. Urrutixeago gelditu ziren pertsona handiak, gu bezala hurbiltzeko lotsak noski, haur izan nahi eta ezinean.

        Berehala joan ziren emakumezko etorri berriak ur bila, plazan bertan zuten iturrira. Eta gizonezkoek, berriz, tinki eta tanka iltze bat sartu hemen, torloju bat estutu han, aitaren batean jarri zuten taulatua. Eta taulatuarekin batera, argi-indarra, hari bat besteari lotuz. Eta argi-indarrarekin batera, musika, auskalo zer-nolako eta noiz-nongo gramofono lotsagabean:

 

Doce cascabeles
lleva miii caballo
pooor la caaarrete-e-era...

 

        Musika berdintsua izaten zen beti: Joselito edo hala moduzko batena. Garai hartako irratietan entzuten zena, alegia. Trikitia ez, behintzat. Baina, hori bai!, herri osoan primeran aditzeko moduan ipinia: indar bete-betean.

        Eta urtero-urterokoa esango zuen gure aitonak buruari eraginez:

        —Komediante arraioak! Ez dagoela horiek bezalakorik. Auskalo nola moldatzen diren. Baina horien musika herri osoan entzuten da. Igoaleko elizako altabozen aldean! Haiek badute beti zerbait: zarata ez denean, mutualdia. Aurrerapen handiko urteak izan genituen haiek. Ipini berriak zituzten elizan mikrofonoak; don Elias, don Felipe eta gainerako apaizen eztarrien mesedetan eta gure aitonaren ernegagarri. Elizako altabozek badute beti zerbait: zarata ez denean, mutualdia. Oraindik horrelakorik!

        Orbitan jarri berriak zituzten errusiarrek lehenengo sputniak ere, lurrari jira-biraka. Berehalaxe mugitu ziren amerikanoak beren sateliteekin.

        —Zer uste dute, ba, errusiar lotsagabe horiek! —bota zuen gure aitonak amerikanoena jakin zuenean.

        Eta izar bazegoen, han egoten ginen askotan gauez leihotik zerura begira, sputni edo sateliteren bat noiz ikusiko eta bide batez ni izarren eta izar-multzoen izenak ikasiz, aitonaren behatz dardaratia gidari. Azkenean berak baino lehenago ikusten nituen:

        —Hara han Hartz Handia, aitona, bere zazpi izarrekin: bat, bi, hiru, lau, bost...

        —Ez dago zu bezalakorik! —botatzen zidan aitonak.

        —Eta harago Hartz Txikia eta puntan-puntan ipar-izarra, aitona —jarraitzen nuen nik.

        —Eta ikusten al duzu Itzaina, han ezkerraldean, Hartz Handiaren azpian, bere Artur argitsu eta bikainarekin? Eta Zezena?... —galdetuko zuen aitonak, oraindik ere nor zen maisu garbi utzi nahian.

        Ez baitzen artean telebistarik azaldu herrian. Bazirela entzuna genuen, bai, baina inork gutxik izango zuen ikusia: dorre-etxeko don Paulok edo beste aberatsen batek, gehienez ere. Horrexegatik izango nituen hain gogoko jostailu zeruko izarrak, betiko izar geldiak eta noizean behingo izar kolokak, eta tarteka-marteka ikusten genituen errusiarren sputniak eta amerrikarren sateliteak... Eta urtero-urtero udan etortzen ziren komedianteak.

        Ez. Komedianteak ez. Komedianteena geroago izan zen. Izan ere, betiko erantzuna izaten nuen amari baimena eskatzen nion bakoitzean:

        —Ezta pentsatu ere! Oso umea zara oraindik titereak ikustera joateko —esaten zidan serio-serio, uda joan eta uda etorri, urtero-urtero berdin.

        —Josetxo joaten da, ba —erantzuten nion.

        Baina alferrik izaten zen. Eta amak ezezkoa esatean, jai izaten nuen aitarekin ere. Eta aitonarekin joango nintzen leihora zeruko argi jostailuak ikustera: izarrak, betiko izar geldiak eta noizean behingo kolokak, eta errusiarren sputniak eta amerikarren sateliteak.

        —Hau da hau gau ederra! Hau da izarren emana! —hasiko zen aitona.

        Baina nere belarriak plazan zeuden. Handik zetorren musika, handik komedianteen ahotsak eta jendearen txaloak.

        —Hor nonbait ibiliko da Hamaika gaixoa ere, izarretan galdua —errukitu zen beti bezala aitona.

        Eta Xaxpirekin gogoratu nintzen. Eta txistu bizian joan nintzen bere lekuan ote zegoen ikustera, aitonari betikoa esateko astirik gabe:

        —Ez zela Hamaika, aitona. Laika zela, Laika.

        Oraindik ere gogoan dut gau sargori hartakoa: nola utzi nuen seko lotan bere txabolan Xaxpi jostalaria, nola oheratu nintzen hamabiak jota, nola ohetik garbi-garbi entzuten zen plazatik zetorren komedianteen jarduna, nola orduak eta orduak behar izan nituen loak hartzeko...

        Komedianteek galeraziko zidaten loa. Haiengatik egon nintzen, noski, gau-erdia esna: haien zaratagatik komediek iraun bitartean eta haiek ez ikusi izanaren amorrazioaz handik aurrera. Gainera, biharamun-goizean han hasiko ziren komedietan izan ziren lagunak, harro-harro hasi ere, ikusiak eta asmatuak kontatzen:

        —Gogoratzen atzoko bibotedun mutur-beltz hura? Ba, hura huen pailazoa: inoiz ikusitako onena. Eta neska ile-gorria gogoratzen? Kutxa handi batean sartu eta ezpata bat hemendik, bestea handik, hirugarrena zeharka, laugarrena goitik behera... eta azkenean betikoa: han atera huen ezer gertatu ez balitz bezala. Eta ahatea gogoratzen?

        —Bai. Gizonak "cuántos son dos y dos" galdetu ziola eta ahateak "cua-cua" erantzun. Hori ere betikoa duk —erantzungo nion nik haserre.

        Eta haiek xaxatzen jarraituko zuten, noski, nere inbidia areagotuz.

        Halaxe gertatzen zen beti komendianteak etortzean. Bitan banatzen ginen herriko neska-mutilok: komediak ikustera joateko gurasoen baimena izaten zutenak eta izaten ez genuenok. Eta urteak joan eta urteak etorri, antzeko samarrak izaten ziren komedianteak etorritako eguna eta biharamuna: lehenengoa guztion jakin-minarena eta bigarrena batzuen asearena eta besteon inbidiarena.

        Kontu guzti horiek nerabiltzan gau sargori hartan buruan jira eta bira, lo hartu ezinean. Kontu horiek buruan eta beldur txikia gorputz osoan. Eta beldur txikiak ere loa galerazten. Urterokoa izaten baitzen: komedianteak izan eta animaliak falta biharamunean herrian; Sasierrotako astoa urte batean, don Pauloren zakur handia beste batean, don Eliasen ehiza-zakur azkarra hurrengoan... Gehienetan zakurrak falta izaten ziren.

        Nere Xaxpi, ordea, seguru zegoen bere txabolan lotan. Ez zen sortu amaren semerik hura harrapatuko zuenik. Baina beldurrak gorputzean sartzeko baimenik eskatzen ez, arraioak!

        Halakoren batean, aitona sumatu nuen eztulka. Ez nintzen batere harritu; hainbeste erretzen zuen gizarajoak. Eta onda gogoan dut nola isilka esan nion: "Lasai, aitona, lasai; gure Xaxpi ez dute eramango eta. Igoaleko dago here txabolan, Laikaren aldean! ".

        Eta agian aitonarekin hizketan jarraituko nuen neure baitan: "Noiz ikasi behar duzu, aitona, Laika izena zuela errusiarrek beren sputnian bidalitako zakurrak? Laika eta ez Hamaika. Noiz sartuko ote zaizu buruan, aitona, Laika aspaldi jaitsi zela han goitik eta Moskun edo biziko dela? Jakina, hori bai!, ez gure Xaxpi bezain ondo".

        Baina etsitzen ere hasia nengoen aitonarekin. Harentzat zenbaki-izena izan behar baitzuten zakur guztiek, gure etxekoek bezala.

        Sei zakur izan omen ziren gurean Xaxpiren aurretik. Bat jarri omen zion aitonak izena lehenengoari. Eta bigarrenari Bi. Eta horrela teste guztiei. "Bakoitzari berea; halaxe da legea", esaten zidan "zergaitik?" galdetzen nionean. Eta seigarrenari, jakina, Xei jarri zion izena. Eta hura hil eta hurrengoa ekarri zutenean, inork ez zuen zalantzarik izan. Nik ere ez.

        —Xaxpi, Xaxpi! —deitu nion ikusi orduko.

        Eta, ez bazen mugitu ere egin, berehala konturatu nintzen oso lagun onak izango ginela biok. Xaxpi ez zela Xei bezain zakarra izango.

        Gainera beti prest egoten zen jolasteko. Eta ni ere bai.

        Oso zakur polita zen Xaxpi. Polita eta bitxia: belarri bat zuria zuen eta bestea beltza; eta isatsa, berriz, zuri-beltza. Eta isatsa mugitzen zuenean, jakina izaten nuen zer egin: harekin jolasean hasi.

        —Xaxpi, Xaxpi —deitu nion behin batean. Eta hura etorri. Eta nik ispilua jarri aurrean. Eta berak zaunka "lagun berria" ikustean eta azkar asko usain egin. Baina lagunik azaltzen ez. Eta nik barre. Eta hura berriro ere lehengora. Eta nik berriro ere barre.

        —Xaxpi kaikua! Ikasiko duk, bai!

        Bere izena ez zuen hain azkar ikasi. Tira, ikasi bai. Baina izan zuen arazoren bat edo teste. Auzoko katu petral lotsagabe hura tarteko zela.

        —Xapi!!! —uxatzen genuen etxekook katua, beti bezala pikardiaren bat egitera azaltzen zenean.

        Eta Xaxpi han gertatuz gero, izutu egiten zen. Eta nahastu ere bai, noski. Nahasteko modukoa baitzen, izan ere: bateko "Xaxpi" gozoa eta besteko "Xapi!!!" zakarrra. Gerora ikasi zuen, bai, noiz zen beretzat eta noiz auzoko katu petral lotsagabearentzat. Orduan konturatu nintzen kontuz ibili behar dela lau hankakoei ere izena jartzean.

        Aitonak, ordea, ez zuen berehala ikasiko Laika zela errusiarren sputniko zakurraren izena. Harentzat zenbaki-izena izan behar zuten zakurrek. Eta gainera ez zegoen halako alderik Laika izan edo Hamaika izan. Eta gainera beti izan zen berezia "hamaika" zenbakia aitonaren ezpainetan.

        —Hamaikak jango luke! —botatzen zidan, zerbait jan nahi ezik uzten banuen.

        Halako kontuak buruan eta beldur txikiagoa gorputzean, hartuko ninduen loak gau sargori hartan. Aspaldi samar bukatuak ziren komediak.

 

        Ez dakit zenbat orduko loa egingo nuen. Amak deitu zidala goizean, bai; horretaz gogoratzen naiz.

        —Garaia izango da, ba, jaikitzeko! —esango zidan.

        Eta ni airean jaiki. Ez garaia zelako, baizik eta Xaxpi jostalariaz oroitu nintzelako lehenengo begia zabaldu orduko. Ziztu bizian jantzi eta, ez musurik garbitu eta ez orraztu, auskalo zenbanaka jaitsiko nituen eskailerak.

        —Nora zoaz zoroa bezala? —galdetuko zidan amak alferrik.

        Berehala nintzen Xaxpiren txabola aurrean. Eta txabola hutsik eta katea etenda. Okerrena pentsatu nuen.

        Tximista bezala igo nituen etxeko eskailerak.

 

Garapena: Dijitalidadea SL