Pello
Esnal

1950 (Andoain)

Egile honen
beste liburuak

NOBELA

Nada de agua en Madrid

1997, BBK-Euskaltzaindia

BERTSOA

Itzuliko naiz

1995, Sendoa

BIOGRAFIA

Manuel Olaizola Uztapide

2007, Bidegileak

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Malkos

1990, Elkar

Nabukodonosor

1991, Elkar

Zazpi kolore ditu ostadarrak

1991, Erein

Xaxpi

1993, Desclée De Brower

Pello Errota

1998, Sendoa

Txirrita

1998, Sendoa

Salomondarrak

1999, Ibaizabal

Otsogorritxo

1999, Ibaizabal

Azeri-zuloa

2001, Elkar

Egundokoa haiz, Segundo!

2005, Erein

Kutun kutuna

2005, Bruño

Txukunago ibiltzen da kostako trena

1992, Bruño

TELEFERIKOAN

 

Batean Italia,

bestean Frantzia

eta tartean Mont Blanc,

zuriz jantzia.

Han ere arrastoa

badugu utzia.

la eman ziguten

azken igurtzia.

Ez dut ahantzia

esperientzia:

hango imurtzia

ta aire gutxia!

Entzuleak har beza

pazientzia.

 

Chamonix-ko herrian

gertatu zen dena:

teleferikoak du

erru laurdena.

Traste hartan sartu zen

alaba aurrena,

emaztea ondoren,

semea hurrena.

Ta ni laugarrena,

lauretan txarrena,

adorez herrena,

beldurti kertena...

Oraindik ere dar-dar

daukat barrena.

 

Tramankulu hartako

leihotik begira

gauza izugarriak

ikusten dira:

egundoko aldapak

handik gain zurira,

tarte beldurgarriak

menditik mendira.

«Kable horiek, di-da!,

etengo balira,

braust!, amildegira

gure azken jira.

Zapelaitzek auzoan

dute kupida».

 

Atea k itxi eta

martxan jarri gara.

Ez zen oso haserre

gure Ainara.

Bi haritik zintzilik

zihoan kikara,

barruan berrogei bat

turisten ikara.

Bateko zartada,

besteko dardara,

nik bada-ezpada:

zeruko aldaba:

«erruki zakizkigu,

Santa Barbara».

 

Begiak mailu eta

zerua ingude,

lardaskatu nituen

bost aitagure.

Bi japoniar, berriz,

atso ta agure,

han geneuzkan alboan

elkarren inude,

barruan azkure,

barrunbeak pure

eta zainak suge

airean baleude...

Nik neure kolkorako:

«galduak gaude».

 

«Aita, aita, begira

han datorrenari!»

Haritz argia nuen

begi-gidari.

Inbidiaz jarraitu

nion adi-adi

goitik behera zihoan

tramankuluari.

«Aizak, Dardar-mari,

lasai joan hadi:

honen biki hori

ez baduk erori,

hau ez duk bihurtuko

hire hilobi».

 

Mutu segitzen zuen

gidari gazteak;

zirrin-zarraka, berriz,

gure trasteak.

Nahiz eta lanak eman

hala sinisteak,

ez zidan onik egin

begiak ixteak;

hain ziren tristeak

barne-albisteak:

ahorantz hesteak,

hor nonbait besteak...

Planta hobea zeukan

nere emazteak.

 

Halakoren batean

jo genuen gaina;

ez, ordea, ikusi

Mont Blanc liraina.

Han hartu nuen lasai

arnasa estraina,

han egon ginen laurok

izozteko aina...

Paraje bikaina,

eder ta apaina

izango da baina

ez inor engaina:

hotzikaratan behar

ohi du ordaina.

 

Gorakoan bezala

beherakoan berdin:

teleferiko hartan,

ai, zenbat sorgin!

Amildegia ilun,

zeru-goia urdin,

hara begira nion

otoitzari ekin:

«Gain honetan baldin

banabil kaskarin,

lurperako, jolin!,

oso nago gordin.

Erruki zakizkigu,

aita San Fermin».

 

Zer gertatuko eta

San Ferminek kale,

teleferikoak huts

alderik alde.

Hasieran primeran

suabe-suabe,

erdi-bidean larri,

azkenean grabe:

han indarrik gabe

gelditu goi ta behe,

urkatuen pare,

bi eternidade.

Kontatzeko moduan

gara, halare.

 

Noizbait abiatu da

supersonikoa,

baita amaitu ere

gure zirkoa.

Oraindik gogoan dut

azken zimikoa,

nola agurtu nuen

teleferikoa:

«Agur, lapikoa,

ontzi sadikoa,

azal gorrikoa,

barru urrikoa.

Bukatuko ahal huen

gurekikoa!»

Garapena: Dijitalidadea SL