Pello
Esnal

1950 (Andoain)

Egile honen
beste liburuak

NOBELA

Nada de agua en Madrid

1997, BBK-Euskaltzaindia

BERTSOA

Itzuliko naiz

1995, Sendoa

BIOGRAFIA

Manuel Olaizola Uztapide

2007, Bidegileak

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Nabukodonosor

1991, Elkar

Zazpi kolore ditu ostadarrak

1991, Erein

Txukunago ibiltzen da kostako trena

1992, Bruño

Xaxpi

1993, Desclée De Brower

Pello Errota

1998, Sendoa

Txirrita

1998, Sendoa

Salomondarrak

1999, Ibaizabal

Otsogorritxo

1999, Ibaizabal

Azeri-zuloa

2001, Elkar

Egundokoa haiz, Segundo!

2005, Erein

Kutun kutuna

2005, Bruño

Malkos

1990, Elkar

BELAIN

 

        Malkos deitzen diote. Baina ez du Malkos izena. Gainera, Belainen ez dute txinoek-edo bezala hitz egiten. Ezta Malkosek ere.

        Ez. Belainen ez du inork harako hura honela esango:

        —Akelak adalak okelak ditu.

        Hala ere, bada, bai, tartean txukun moldatzen ez denik.

        —Akegjak adagjak okegjak ditu —esaten diote Belaingo neska-mutilek don Pedro medikuari, mendekuz edo burla egin nahi diotenean. Eta don Pegjo deitzen diote ezizenez. Kirrimarroa baitauka Belaingo medikuak.

        Izan ere, Belaingo herrixkan ez da inor ezizenik gabe gelditzen. Ezta apaiza bera ere. Errejudas deitzen diote. Hitz hori erabiltzen baitu hitzetik hortzera, haserretzen denean:

        —Zer errejudas gertatzen da hemen? Ez ote dago herri hau pittin bat aldatzerik?

        Hala ere, urteak joan eta urteak etorri, galtzen ari zaie belaindarrei ezizenak, gaitzizenak eta izengoitiak jartzeko abilezia.

        —Telebista ziztrin horrek ditu erru guztiak —protesta egiten dute Belaingo aiton-amonek.

        —Eskolari eskerrak da —aitortzen du harro-harro Kintalipurdi maisuak.

        Baina inor gutxik hartzen du Belainen aintzakotzat Kintalipurdik esana.

        —Ezin pisu handirik izan gizon horren arrazoiak. Bera ere juxtu-juxtu izango duk-eta berrogei kilo, bere txamarra eta guzti.

        Txamarra soinean duela ibiltzen baita beti maisua, uda eta negu, jai eta aste, opor eta eskolegun. Majo berotu behar du, maisuak bere txamarra kentzeko. Kintalari buruzko eztabaidarenean bezala.

        Belainera etorritako lehenengo urtean izango zen. Ordurako jarria zuen izengoitia. Berak ez jakin, ordea. Norbera izaten baita horrelakoetan azkena jakiten.

Eskolan neurriak eta pisuak ikastea egokitu zen. Han azaldu omen ziren metroak eta dekametroak, zentimetroak eta kilometroak. Baita kilogramoak, toneladak eta... kintal zorionekoa ere.

        —Zenbat kilo ditu kintal metrikoak? —galdetu zuen maisuak.

        Hango irriak eta barreak! Azkenean lotsagabeena ausartu zen erantzuten: Benta Berriko Karmelo.

        —Berrogei kilo.

        —Kintal zaharrak bai. Baina kintal metrikoak?

        —Kintal metrikoak ehun kilo ditu.

        —Baina Belainen ez da kintal berrikoa erabiltzen jarraitu zuen Karmelok ausardiaz.

        Maisua bere onetik aterata zegoen. Ezin zituen irri haiek ikusi. Eta gutxiago barreak eraman.

        —Zer kintal berriko eta zer otxo kuartos! Kintal metrikoa! Kintal metrikoa!!! —bukatu zuen oihuka. Eta txamarra kendu eta aulki-adarrean utzi omen zuen.

        Hala ere, handiagoa izan omen zen Kintalipurdi ezizenarena jakin zuenekoa. Eskerrak don Kasimiroren ahotik jakin zuen, eta ez zegoen beste inor aurrean, eta hurrena eskolara joaterako baretzeko denbora izan zuen. Bestela...

        Dena dela, gero eta gaitzizen pattalagoak eta gezagoak jartzen omen dira Belainen.

        —Orain inork ez du bururik nekatu nahi. Ezta ezizenak asmatzen ere —diote aiton-amonek—. Galtza handiak erabiltzen dituela norbaitek? Galtzas deitu. Mukiak zintzilik erabiltzen dituela beste batek? Kandelas. Belarri handiak dituenari, Belarris... Hori al da, ba, ezizenak jartzea? Lehengoak bai!

        Baina inor ez da gabe gelditzen. Eta jakina, Malkos izan behar, negarra besterik egiten ez duen mutilak. Izan ere, Malkos baino mutil negartiagorik...!

        —Belainen jaio ote da inoiz halakorik? —esaten zuen Errejudasek, bere betaurreko txiki haiek sudur gainean ondo jarriz.

        —Ezta mundu zabalean ere —eransten zuen Kintalipurdik, bere buru soilari hazka eginez. Kezkagarria zen Malkosena, don Pegjo ez beste guztientzat. Mediku ona da don Pegjo. Egosgogor samarra izatea. Biboteak ere halakoak ditu.

        «Egosgogorra naizela? Beharko izan kaskagogor astakilo hauekin!», esaten dio behin eta berriro bere buruari.

        —Ume honek ez du negarra besterik egiten —joan zitzaion behin Malkosen ama.

        —Oso osasungagjia da hori, emakumea; birikentzat, batez ere —erantzun zion don Pegjok—. Eta kendu burutik jana tipularik gabe emate hori. Oraindik hogjelakorik!

        —Baina, baina, baina... —hasi zen Malkosen ama.

        Eta indar handiagoz jarraitu zuen negarrez, lehendik ere negarrez ari zen Malkosek.        Izan ere, erraz baino errazago jartzen zitzaion Malkosi negargurea Batez ere, ama bere onetik aterata ikustean, «baina baina, baina...» hasperenka edo «Jesus, Jesus, Jesus...» aitarenka. Baita betaurrekodunen bat edo burusoilen bat edo bibotedun bat ikusten zuen bakoitzean ere. Eta ez zen falta gero betaurrekodunik, burusoilik edo bibotedunik Belainen.

        Hala ere, Errejudas erretore betaurrekoduna, Kintalipurdi maisu burusoila eta don Pegjo mediku biboteduna zitzaizkion Malkosi izugarrien. Eta ama bere onetik ateratzen zenean, jakina. Eta hainbestetan ateratzen zuen Malkosek!

        Baina aspaldiko kontuak dira horiek. Malkos umeagoa zen orduan. Martxoan bete baitzituen Malkosek zortzi urte. Eta Malkosek ez du aspaldian negarrik egiten. Ez lehen bezain erraz, behintzat.

        Hala ere, Malkos ezizenarekin geratu da. Betiko gainera. Betiko baitira ezizenak Belainen, nahiz eta ezizenen arrazoia aldatu.

        Malkosen aitari ere Danborra  izengoitia jarri zioten gazte-gaztetan, herriko musika-bandan danborra jotzen zuenean. Eta Danborra izango da beti belaindarrentzat, nahiz eta musika-bandarik ez egon orain Belainen, eta Malkosen aitak danborrik ez jo, eta izenez Joxe Mari izan.

        Bai. Betiko dira ezizenak Belainen. Eta izenek baino ere indar gehiago dute. Baita izena bera ezizen samar horietakoa denean ere. Errejudasena bezala. Ba ote zeukan apaiz jaun gizarajoak beste baten beharrik? Ez al zuen nahikoa bere bataioko Kasimirorekin, begiratu ere ia-ia begiratzen ez zuenean? Hain gutxi ikusten zuen betaurrekoekin ere!

Garapena: Dijitalidadea SL