Pello
Esnal

1950 (Andoain)

Egile honen
beste liburuak

NOBELA

Nada de agua en Madrid

1997, BBK-Euskaltzaindia

BERTSOA

Itzuliko naiz

1995, Sendoa

BIOGRAFIA

Manuel Olaizola Uztapide

2007, Bidegileak

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Malkos

1990, Elkar

Zazpi kolore ditu ostadarrak

1991, Erein

Txukunago ibiltzen da kostako trena

1992, Bruño

Xaxpi

1993, Desclée De Brower

Pello Errota

1998, Sendoa

Txirrita

1998, Sendoa

Salomondarrak

1999, Ibaizabal

Otsogorritxo

1999, Ibaizabal

Azeri-zuloa

2001, Elkar

Egundokoa haiz, Segundo!

2005, Erein

Kutun kutuna

2005, Bruño

Nabukodonosor

1991, Elkar

BAT

 

        Zein baino zein egosgogorragoak ziren Aizobelgo herritarrak. Eta zenbat eta zaharrago, orduan eta egosgogorrago. Eta denetan egosgogorrena, herriko zaharrena, jakina: Zeledonio izenez, Gaztantxulo ezizenez.

        Beraz, egosgogorren herria zen Aizobel. Egosgogorrena eta ezizenena. Aizobeldar guztiek bait zuten beren ezizena: honek Txortena, hark Puntapaxa, beste hark Maribeltza... eta Zeledoniok Gaztantxulo. Eta Aizobelera kanpotik etorriak ere ez ziren ezizenik gabe gelditzen. Hauena izenekin errimatua izaten zen gehienetan, eta beren ogibidearekin zerikusia zuena eta don aurretik zeramana, kategoria handiko gizonak izaten baitziren normalean. Esaterako, don Emeterio Zimiterio eta don Felipe Betigripe izan ziren hilabete batzuk lehenago hildako erretorea eta medikua.

        Hala, haur eder bat jaio zen egun batean Bordaberri izeneko baserrian. Eta Zeledonio Gaztantxulori zegokion haurraren aitaponteko izatea eta haurrarentzat izena aukeratzea. Eta zein izen aukeratuko, eta Nabukodonosor, «izen propio-propioa, inguru guztian antzekorik ere izango ez duena», Zeledonio Gaztantxulok harro-harro esan zuen bezala. «Hartara, deituraren beharrik ez», bukatu zuen barrez, hortzik gabeko ahoa zabalik.

        Ia zerraldo erori zen haur jaio berriaren ama, izen propio bezain xelebre hura entzun zuenean. Baina ondo ezagutzen zuen bere osaba Zeledonio, harkaitzetan harkaitzena baino ere egosgogorragoa, eta berehala etsi zuen, «ez dago ama-semerik nere osabari erabakia aldaraziko dionik» esan eta gero.

        Ahaleginak eta bost egin zituen herriko idazkari jaunak ere, baina alferrik izan zen.

        —Zuk ez badiozu jarri nahi, aldameneko herrira joango naiz eta barregarri geldituko zara zeure bizitza osorako —egin zion desafio Zeledonio Gaztantxulok.

        Eta amore eman behar izan zuen azkenean don Nazario Legejariok, Aizobelgo idazkari jaun setatsuak.

        Ez zizkion, ez, don Rosendo erretore berriak errazago jarri gauzak Zeledonio Gaztantxulori:

        —Baina, baina... nora iritsi behar dugu? Nabukodonosor izenik ez dago Elizaren santutegian!

        —Zer santutegi eta zer otxo kuartos! Ez badio izen hori jarri nahi, bataiatu gabe geldituko da haurra eta berorren errua izango da. Berorrena bakarrik. Hor konpon! Baina ez da izenik gabe geldituko, paperean jarria bait dio dagoeneko don Nazariok.

        Eta bere lepo bikaina makurtu behar izan zuen azkenean don Rosendo Leposendok ere.

        Hala, Nabukodonosor izan zen aurrerantzean udaberri haizetsu hartan Bordaberri baserrian jaiotako haurra. Eta, jakina, ez zuen ezizenik izan. Nahikoa ezizen batuen bere izenarekin.

        Gorabehera handirik gabea izan zen Nabukodonosorren haurtzaroa. Ondo moldatzen zen hura lagunekin, eta lagunak ere bai harekin. Batzuek Nabuko deitzen zioten, beste batzuek Nabu eta tartean-martean norbaitek Nabukoño. Etxekoekin ere ez zuen aparteko arazorik. Osaba Zeledoniorekin, bai, harekin izan zuen gorabeherarik. Eta hark beti Nabukodonosor deitzen zion noski bere besoetakoari.

        Eskolan ere mutil argia zen Bordaberriko mutila. Eta estimu handitan zeukan don Bautista Tximista maisu azkar eta urduriak. Baita mutilak maisu jakintsua ere. Honen ahotik jakin zuen, beste beste, Babiloniako errege izandako Nabukodonosorren berri. Eta mila aldiz madarikatu zuen errege handi hari hain izen nazkagarria jarri ziona.

        Hamabi urte bete zituen udaberrian hasi zire gauzak okertzen Aizobelgo Nabukodonosorrentzat. Orduan konturatu zen behintzat don Bautista Tximista. Anaiari etortzeko esatera bidali zuen maisuak mutila. Eta zeinekin etorriko, eta Amaiarekin.

        —Anaia esan dizut; ez Amaia —gogoratu zion; maisuak.

        Eta biharamunean Anaren bila bidali zuen udaletxera don Bautista Tximistak Nabukodonosor.

        —Baina nora joan da Nabukodonosor? —galdetu zuen maisuak handik puska batera.

        Eta galdera bera puska bat geroago. Eta mutila inon ageri ez. Azkenean, ordubete luze pasata, han azaldu zen Nabukodonosor bere amarekin.

        —Baina, Nabukodonosor. Nork bidali zaitu amaren bila? Ana esan dizut: Ana. Eta ez ama — esan zion don Bautista Tximistak amaren aurrean.

        —Ai don Bautista, don Bautista! —jarraitu zuen arnak—. Neri ere berdin egin zidan atzo etxean. Arrebaren gonaren bila bidali eta gomarekin etorri ez zitzaidan, ba?

        Eta garbi gelditu zen maisuarentzat. Hala idatzi zuen behintzat honek bere egunerokoan letra txiki bezain argiz:

 

        Nabukodonosor Enatarriaga Arriaran eragozpenak izaten hasi da eskolan: ez ditu ondo bereizten n eta m hotsak. Hobeto esanda, m entzuten du nesaten zaionean: anaia, Amaia; Ana, ama; gona, goma...

Garapena: Dijitalidadea SL