Andoni
Egaña

1961 (Zarautz)

Egile honen
beste liburuak

NOBELA

Pausoa noiz luzatu

1998, EEF-Alberdania

IPUINA

Sokratikoek ere badute ama

1989, Erein

SAIAKERA

Hogeita bina

2004, Hariadna

Bat-bateko bertsolaritza

2001, Bertsozale Elkartea

ARTIKULUAK

Aitaren batean

1990, Elkar

BIOGRAFIA

Basarri

1999, Sendoa

Imanol Urbieta. Luzea da bidea

2002, Ibaizabal

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Zaudete geldi pixka batean

1999, Elkar

Txirri, Mirri eta Txiribiton mendian

2000, Alberdania

Popo loritoa

2001, Baigorri

Zozoak beleari

1997, Alberdania

Jolas moduan hasten dira biak idazten, baina gutunak aurrera joan ahalean jolasa baztertu, bihotzak biluztu eta jauzi mortala egiten dute, trapezioaren gainean baleude bezala. (Irudia liburuan dago, bietako batek, Jonek?, Andonik? baitio bertsolaria alanbre gainean dabilela.) Horrela konturatuko gara bertsolaria ez dela zenbait pintatzaile arlotek marraztu duten pertsonaia xelebre, burutsu, etorri oneko, barregarria. Bertsolariak, herri honetako artista askok bezala, ongi pentsatua du zein den eta zein behar duen izan bere tokia gizartearen barruan. Hori ere agerian uzten dute.

Felipe Juaristi (El Diario Vasco, 1998-02-28)

Zarautzen, 1995eko irailean

 

        Ondo al habil, Jon?

 

        Iritsi al haiz Guatemalara, edota okerreko hegazkina hartu eta Indonesian esnatu haiz? Ez lukek harrigarri; handiagoak egin dituk. Gogoan al duk egun berean bi bider gasolinarik gabe geratu hintzenekoa? Eta Gasteizen, karajiloa zer zen arrastorik ez, eta mostradoretik, «hi, Egaña, kafea eskatu zioat hiretzat, eta tipo hori su ematen ari zaiok», larri etorri hintzenekoa? Akordatzen al haiz Zubietako bi bitterrez?

        Nortasun Agiria etxean ahaztu, eta Dantxarineako muga pasatzeko, badaezbada, bezperako Elizondoko bertso-jaialdiaren iragarki-txartela, tolesta-tolesta eginda, sakelean gorde huenekoa? Ahaztu al zaik? Guri ez. «Lizaso, ése! ¡Ése, Murua! ¡Ése, Egaña, y el que falta, yo, Sarasua!» esan behar omen hioan guardian zegoen txapelokerrari. Eskerrak, gero, txapelokerrik ageri ez zen mugan, bestela xanoagatik sartuko hinduten kartzelan.

        Hargatik idatzi diat, bizi haizen jakiteko lehenik. Hurrena, hire horko gora-beheren berri izan dezagun, eta hirugarrenik sendatze-ariketa gisara, gure txikian eta hertsian, sarritan ez baitugu nahikoa esparru, gogoetak elkar-trukatzeko ere. Tartean itsas-zabala dugun honetaz baliatu nahi nikek, mihi-punttan maiz, baina izkiriatuak nekez, izan ditugun ideiatan sakontzeko.

        Trostan gabiltzak bertsotan, herriz herri etengabe. Arnasaldia ospeak, eskeak eta geure buruak galarazten zigutek. Abagune polita duk hau, bertsogintzaz oldozteko, egiten ari garena eta egin asmo duguna zalantzan jartzeko. Lasai ederrean arituko nauk ni behinik, ez baitut jakingo, gainera, hire lehen gutuna heldu arte, munduaren haranzko muturreko zokorik zokoenera nire hauek iritsi diren ere.

 

        Betiko gisan nabilek ni. Hire moduko txirrindulari arinak malda luzeetan goitik behera ibiltzen diren legez, xaltoka-xaltoka, ipurdia esertaulkian ongi asentatu ezinik. Txapeldun nauk, plazari neurria hartu behar niokek, hortik bizi naizela ondo nireganatua zaukaat... eta eleberri bat idazteko grina sortu ez zaidak bada! Ahaleginak kantura baino makurtu behar ez nituzkeen honetan, kaskezurrean sartua diat nobela ditxoso horrena.

        Errima sortak, esamoldeak, arrazoiak, doinu-neurriak eta horrelakoak landu behar nituzkeen sasoiotan, Krexentxio eta Krexentxio eta Krexentxio baino ez zabilkiat gogoan.

        Krexentxio duk sortzen ari naizen auskalo-zer honen ardatz. Narratzailea —aitzakia soila, bidenabar esanda— kazetaria-edo duk, gaztea, Santa Ageda-edo horrelako eroetxe batera jo dik bertan dagoen idazle ospetsu bati edo, elkarrizketa bat kentzera.

        Idazle horren atzetik dabilela, haren adiskide batekin egin dik topo, Krexentxiorekin. Eta Krexentxiok kontatuko zizkiok bere pasadizo eta usteak, garai bateko ekintzak eta oraintsuko pentsamenduak...

        «Edo gehiegi» esango huen hire baitan nire asmoen hezurdura narrats hau irakurtzearekin. Emaiok astia astiari baina. Neuk ere ez zakiat-eta aurrera joko dudan ala ez. Sinesgarritasuna duk literaturan oinarri. Ez zakiat Krexentxio sinesgarri gertatuko zaion irakurleari. Ez zakiat, nahiz nire umea den, ze adin zehatz duen, baina hirurogei eskas, hor nonbait. Ez zakiat sinesgarria den bere ekintza-gogoeta gaitasun tolesgaitza. Ez eta bere garai joanekiko tema gehiegizkoa ez den ere. Ez zakiat berea erotasuna den ala erokeria. Ziur nagok ordea, badudala Krexentxioren bat nigan. Eta horrek sinesgarria behar dik.

        Kontuak kontu, lehen gutun honek itzulerakorik balu, igorriko dizkiat gauzatu ahala, oraino burutan baino ez dabilkidan zenbait pasarte, hire begi zorrotzak astinaldi bat eman diezaien.

 

        Heu zer moduz? Bapo moldatu behar huke Amerika Erdiko oihanetan. Gorputz-eitez ere haietakoa haiz; txikia, bixarduna —alegia bizarrik gabea—, azalez berdozta, izerdi gutxikoa, hitzerdi gutxiagokoa... Orain bi urte egin huen txangotik ekarritako pare bat kontu Saioari biribildu zizkioat, gauez lotara garaiz biltzearen aldera.

        Katiusken kontuak ez zian bereziki aztorarazi. Alferrik duk haurrari kontatzea «...eta mendira joateko katiuskak behar zituela jakin zuenean, joan zen Jon hango feria moduko batera, eta erosi egin nahi izan zituen. Baina ezin! Bere oin-zenbakikorik ez omen zen pare bat bera ere. Hain handirik ez zela egiten erantzun zioten!» Hark handi ikusten hau, indigenek bezala, eta beraz ez zuan graziosoa beretzat.

        Indi-oilarren pasadizoak kinkan utzi zian berriz.

        —Zer da tribu bat? —galdetu zidaan—. Eta armada, gaiztoena da? Hil egin nahi dituzte indioak? Eta horregatik egiten dute lo gauero toki desberdinetan? Eta zergatik sartzen dizkiete indi-oilarrei alanbreak eztarrian?

        Eztarrian ezetz, samaren alde banatan sartzen dizkietela argitu nioan. Bizirauteko premiazkoak dituztela indi-oilarrak, baina haien zalapartek armadari salatzen diotela tribuaren kokagunea eta ahots-hariak, nolabait, eten egin behar izaten dizkietela.

        —Eta indi-oilarrak isilik badaude... ez dakite indioak non dauden... eta ez dituzte hiltzen?

        —Ez, maitia, ez dituzte hiltzen. Tira... itxi begiak eta lo!

        Aberasgarri izan duk Saioaretzat, eta baita guretzat ere, hire lehen bidaiaren eskarmentua. Segi horrelakoak bizitzen, itzuleran guk ere besterik badela hurbil-hurbiletik jakin dezagun.

 

        Nik ez diat hain kontu politik, baina zer edo zer partikularrik emango diat aditzera. Psikologia liburu batean irakurri berri diat pertsonak, gogoratzen ari denean, behera begiratzen duela, eta, asmatzen ari delarik, gora egiten duela so.

        Jabetu al haiz bertsolariak ere halatsu egiten dugula? Batzuk badituk beheratiarrak, mikrofonoaren aurrean antzeko gaiei buruz zer esan izan den gogoratzearekin asebetetzen direnak. Beste batzuk goratiarrak dituk, gaia entzun, eta zer esango luketen asmatzen hasten direnak. Inor ez duk ez beheratiar ez goratiar peto, baina denok diagu alde baterako edo besterako joera.

        Nik neuk ez zakiat bolada honetan zein joera hartu. Erabat goratiar hasten banaiz, berri bila itsu, labainkadak egiteko arriskua diat, estropozoka aritzekoa, zantar... Seko beheratiar ere ez nikek aritu nahi, ez bainaiz, ustez, salmuerako gatz larria. Eta zalantza bera badakik zeinen galgarri den oholtza gainean.

        Ez gora eta ez behera geratzeko arriskua galanta; linboan alegia.

        Hik zer derizkiok? Nola behar duk jokatu?

 

        Jarraitu, jarraituko nikek, baina lehen gutun hau hire eskuetara hel dadin ziurtasun txikienik ere ez dudanez, alfer-lanean aritzearen arerio, bertan utziko ditiat esatekoak.

        Nolanahi ere, iritsiko delakoan, eta iristean, ordaina izango duen itxaropenez, eta ondo izango haizen esperantzan, agurtzen haut.

 

ANDONI

Garapena: Dijitalidadea SL