Andoni
Egaña

1961 (Zarautz)

Egile honen
beste liburuak

NOBELA

Pausoa noiz luzatu

1998, EEF-Alberdania

SAIAKERA

Zozoak beleari

1997, Alberdania

Hogeita bina

2004, Hariadna

Bat-bateko bertsolaritza

2001, Bertsozale Elkartea

ARTIKULUAK

Aitaren batean

1990, Elkar

BIOGRAFIA

Basarri

1999, Sendoa

Imanol Urbieta. Luzea da bidea

2002, Ibaizabal

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Zaudete geldi pixka batean

1999, Elkar

Txirri, Mirri eta Txiribiton mendian

2000, Alberdania

Popo loritoa

2001, Baigorri

Sokratikoek ere badute ama

1989, Erein

Berandu hasi zen Egaña bertsotan ikasten, eta puntako dabil. Berandu argitaratu du lehen liburua, baina zaila da elegantzia haundiagoz egitea.

Josu Landa (Argia, 1989-10-12)

SOCORROKO AMA

 

        Anbulantzian eseri, eta musika entzunez bokadilo bana jaten ari ziren bi gazteak bera iritsi zenean. Bazekiten mutilek han jatea galerazia zeukatela, kaletik bistan-bistan zeudelako batetik, eta bestetik antxoa edo atun laten arrastoak geratzen zirelako esertokietan. Jefeari hainbesterako ez zela erantzun zioten egun batean, berez ezetz esan zien, baina ea probintzia-buruak ikusten zituenean, ez zuen pentsatuko gauez zerbitzuak bete beharrean neskekin egoten zirela bestelako zerbitzuak egiten. Gero, Cesarren andrearena kontatu zien eta ez ahazteko hura agindu.

        Horregatik, pekatu egin duenaren umiltasunez segi zioten nagusiari bere bulegora egun hartan. Honek, ezpain bazterretako ogi-apurrak kentzeko agindu zion bietako bati eta gero, bere mahai txukunaren atzekaldeko besaulkian eseri zenean, azken istripuari buruzko berriak eskatu zizkien lehor.

 

        —Kaminero etxea baino haruntzaxeagoko aldapa hasieran —hasi zen bietatik listortuena zirudiena—. Istripu asko gertatzen da hor.

        —Baina gogorra izan da horrena horregatik.. . —segi zion beste gazte musu-gorriak—. Arbola bakarra egon bidean eta huraxe jo behar, begiak itxita ere joan daitekeenean

        —Ez zenuten ba hilda hartuko? —bekozko beltzez nagusiak.

 

        Ezetz, seguru ezetz, bi gazteek. Ez zegoela hilda, ez omen zitzaion asko falta baina.

 

        —Pultsoa hartu genion.

        —Zer eginik ez zegoen ordea. Hanka bat lepoaren atzetik pasea zeukan. (Besoa jarri zuen zaurituak hanka zeukan eran). Zapata bat, hanka eta guzti kokotean zeukan eta! Eta beso bat igual han egongo da oraindik bide bazterrean! —gero eta emanago xehetasunik txikienak ere azaltzera—. Eta sudurzuloetatik mukiak irten beharrean buruko muinak zeuzkan jarioan.

        —Zeinek hartu zuen bolantea? —adierazpen nazkagarri haiek eten nahian, jefeak.

        Parte idatzia utzi zion gazteetako batek mahai gainean, dena han zeukala esanez. Begiratu labur bat bota zion lehendakari jaunak.

        —Ez al zegoen bestela egiterik?

        Ezetz. Auto-gidari asko bildu zela eta konturatu zirela haiek artean bizi zela. Bakarrik egonez gero bazekitela zer egin behar zuten, oso bestela beteko zutela papera, baina jende gehiegi konturatu zela bizirik zegoela.

        —Tira, tira... —despeditu zuen soldadu gazte parea—. Eta bokadiloak jatera badakizue nora joan behar duzuen!

 

        Oraingoan ez zuten gaizki jokatu bere mutilek. Suertea zen, suerte txar alu hura, azken boladan menpean hartu zituen suerterik eza. Kajoia ireki, eta kolore zuri, gorri eta berdez egindako zirriborro txikiz josiriko kuadrante handi bat atera zuen.

        Otsailaren 24an, 5, apuntatu zuen beraiei, Gurutze Azulekoei, zegokien laukitxoan. Gero, GILAkoen (Gidarien Laguntza) zutabeko puntuak batu zituen. Ehun eta hogeitabost. Beraiek hirurogeitamazazpi baino ez zeuzkaten hil hartan. Hori bai, egun hartakoa behar bezala irten izan balitzaie laurogeitaka izango zituzten.

 

        Izan ere, aspaldidanik bere erabilpenerako egina zeukan sailkapenak 15 puntu ematen zizkion A motako zerbitzuei, zauritua hartu eta eritetxera bizirik eramaten zuen zerbitzu motari alegia. 10 puntu ziren hildakoa jaso eta gorpuen depositora eramatean irabazten zirenak (B motako zerbitzua). Eta 5 puntu zauritu bat jaso eta eritetxera bidean hiltzen zitzaien zerbitzuen kasuetan. (Umorez zebilen egun batean KK motako zerbitzutzat izendatu zituen hauek).

        Milagarren begiratua eman zion otsaileko kuadranteari. GILAko alu haiek suerte ikaragarria izan zuten, suertea medio bakarrik uler bait zitekeen ia 60 puntutako alde hura, jakina! Otsailaren 6ko istripu multiplera lehenengo iristea suertatu zitzaien eta egun hartan bakarrik ia 40 puntu eskuratu zituzten A motako zerbitzu bat eta B motako beste biri esker. Horixe ba, suertea! Hainbeste ia hilean eta bidean inor geratu ez! Aurkakoei KK motako zerbitzu pare batek puntu mordoa  galdu eraziko zienean! Pentsatzen hasia zegoen zaurituak ere beren anbulantziatan sartzean ez ote ziren propio hiltzen!

        Jakinaren gainean zeuden bere mutilak. Beste halako istripuren bat gertatzen bazen, lehenengo iritsi behar zuten kosta ahala kosta. Eta erruki hala ez bazen, esan zien bai, kalabozorik ez zutela, baina arresto-gela bai, eta zerbitzu-egun eta zerbitzu-egunen arteko berrogeitazortzi orduak han pasa beharko zituztela, eta andregaiekin egon nahi bazuten, bazekitela zer egin, GILA-koen aurretik iritsi istripu-tokira.

 

        Ondotxo zekien berak gainera, istripu handietara nor iritsi lehenengo, hark irabazten zituela ohoreak, txaloak eta azkenean baita bere buruarentzat eginda zeukan sailkapen hura ere. Ezin zuen bestela izan. Sailkapenaren sistema, buruhauste eta izerdi pats askoren ondoren buruturikoa zen, sorospenaren munduan zeramatzan urte mordoan pilaturiko esperientzien frutu zientifikoa. Kuadranteak ez zioen gezurrik. Haren aurrean alferrik esango zenuen gu hobeak gaituk edo haiek ezkerreko eskua non daukaten ere ez dakite. Kuadranteak agintzen zuen beti.

        Hargatik zuen istripu handietara estraineko heldu nahiaren obsesioa. Gurutze Azulekoak hobeak ziren huskeriatan, baina horrek ez zuen ez txalorik, ez eskerrik eta ez egunkarietako argazkirik biltzen.

 

        Otsailean bertan, etxetik irten nahi ez zuen agure bat hartu eta zaharren egoitzara eraman zuten (puntu 1) eta pisuko kaka eta pixa arrastoak garbitu zituzten lejiaz (puntu erdia, garraioarena baino lan gogorragoa izaki hiru merezi arren, inork ez ikustean estimatu ez zezaketelako).

        Hilaren 14an, goizeko bederatzietako mezetan, min zorriak jotako emakume batekiko zerbitzua egin zuten. (puntu 1 zerbitzuagatik, gehi beste 1 eliza jendez josita zegoelako). Hurrengo egunean, haizealdi zakar batek teila pusketa bat altza eta estankoko amonari eman zion buruan. (3 puntu. Jende askok ikusteaz gain, amona hura oso maitea delako herrian).

        Hilaren 20an, Coca Cola botila okerreko ahotik sartu eta atera ezinean zebilen emakume bat atenditu zuten (Puntu erdia, emakumeak ez bestek ez zekielako zerbitzuaren berri, zein eta Donostiara eraman zuten bi mutiletakoren batek lagunartean kontatu ez zuen).

 

        Baina horiek denak huskeriak ziren, ez zuten sailkapenean GILAkoen gainetik jartzeko balio. Haiek putreak bezala joaten ziren itxurazko mokaua usaintze hutsarekin, eta horregatik zeuzkaten otsailean ere aurretik kuadrantean.

        Kajoia berriz ireki eta hango paperetan miatzen hasi zen telefonoak noiz joko.

        Erdi-bukatuan zeuzkaten latak eta ogi punta bat hartu eta goiko solairuan, logela koskorrera sartu aurretik zegoen egongela halamoduzkora abiatu ziren Elizondo eta Kaxero bulegotik irten ondoren. Lehenengotik jefearekiko kexuak eta irainak falta ez baziren ere, eskaileratan gora hastearekin, Elizondok kantuari ekin zion. Besoa altza, eta hatz bat gorantz, DUO DINAMICOk berpuritu zuen musikaz «quince meses llevo aquí-í-í» oihukatzen zuen, bere buruari hilabete bakarra falta zitzaiola gogorarazi nahian. Atzetik zihoakion Kaxerok «quinse meses llevo aquí-í-í» eman zion jarraipena, abeslariak propio egiten zuen «quince»tik «quinse»rako aldaketa, nahi gabe, baserritartasunak eraginik egiten zuela.

 

        Egongela, toki txiki bat zen, kabronera deitzen zion Kaxerok baserriko karbonera baino askoz handiagoa ez zela eta. Bi besaulkik, mahaiak, telebistak eta jolas-makinak berez urria zenari toki asko jaten zioten. Altzariek adina edo gehiago kentzen zioten bat han, bestea hemen utzitako liburu, aldizkari, janari eta sorospen-tresna ugariek.

        Ogitarteko moduko bat egitea bukatu eta eserita jarri ziren, botak kendu, txankletak jantzi, telebista piztu eta eguarteko programari begira.

        —Euria ari dik —esan zuen lasterrera Kaxerok.

        —Nola dakizu? —Elizondok.

        —Ez al duk ikusten telebistan, zar-zar-zar nola ari diken?

 

        Baiezkoa egin zion buruaz Elizondok. Pantailan nabari zen puntu txiki, zuri mordoagatik arrazoi zuen lagunak.

        —Gainera, gure aitak atzo gauean esan zian atarira irtenda, gallego-haizea, malo malo, bihartik aurrera izango diagu euria eta zikina. Ez gure aita delako eh, baina gehienetan antzematen ziok zer egin behar diken.

        —Goizean eguraldi ona zegoen irten garenean... —jarraitu zitzaion harira Elizondo, hamabost hilabete elkarrekin pasa ondoren, eguraldiaren gaia Kaxerok zenbateraino atsegin zuen bazekienez.

        —Bai, baina orain egingo dik txarrera. Eskerrak goizean egin diagun buelta hori! Ez ote diagu beste deirik izango! Bestela...

        —El bisabuelo no se puede mojar. Artículo veintiocho. El bisabuelo no puede salir de ruta porque se enfría.

        —Ederki eman ere! Hilabete eskas falta, eta gu joango gaituk ba kalera hankak beratzera!

 

        Telebistari ez zioten inolako jaramonik egin piztu zutenetik. Ogitartekoa amaitzean, lehen ere ogitartekoa bukatu eta segidan behin baino gehiagotan esku artean hartutako «SOLO MOTO» aldizkariari itsatsi zion atzaparra Kaxerok. Bi koipe mantxa gehiago. Elizondo zutitu eta jolas-makinarantz hurbildu zen. Entxufatu gabe zegoen, izan ere, Salvadorrek lehengo makina kendu zuenetik, askoz gutxiago erabiltzen bait zuten berria. Esan ere, esan zioten behin baino gehiagotan nagusiari lehengo makina nahiago zutela, baina honek beti arrazoipide bera ateratzen zien: marzianoen joku batek ez zuela batere ondo ematen Gurutze Azularen lokaletan, hobe zela kotxeak gidatzeko jolas-makina, hartara ohitu egingo zirela bolantera. Gainera, noizik eta behin anbulantzia bat azaltzen zela jokuan, eta kanpotik inor joanda ere, itxura ona egiten zuela sorospenerako bizi zirela ikusteak.

        Beraz, Elizondo bolantean, ama bezain ongi ezagutzen zuen makina zaharkituan puntuak egin eta puntuak egin eta Kaxero «SOLO MOTO» irakurriz, orain LANCIA bati begira dedioska, orain bujiak nola konpondu ikasiz, han geratu ziren asper-asper eginda, eguraldia bera bezain triste.

Garapena: Dijitalidadea SL