Andoni
Egaña

1961 (Zarautz)

Egile honen
beste liburuak

NOBELA

Pausoa noiz luzatu

1998, EEF-Alberdania

IPUINA

Sokratikoek ere badute ama

1989, Erein

SAIAKERA

Zozoak beleari

1997, Alberdania

Hogeita bina

2004, Hariadna

Bat-bateko bertsolaritza

2001, Bertsozale Elkartea

ARTIKULUAK

Aitaren batean

1990, Elkar

BIOGRAFIA

Basarri

1999, Sendoa

Imanol Urbieta. Luzea da bidea

2002, Ibaizabal

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Zaudete geldi pixka batean

1999, Elkar

Popo loritoa

2001, Baigorri

Txirri, Mirri eta Txiribiton mendian

2000, Alberdania

        Sendagileak agindu zion Txiribitoni mendira joaten hasteko. Eta Mirriri ere bai. Egun batez, hiru pailazoak sendagilearengana joan ziren txertoa hartzera. Txirrik ez zuen beldurrik batere, baina Txiribiton ikaraturik zegoen, eta Mirri, izututa.

        —Ez izan horren umeak! —esan zien Txirrik Mirri eta Txiribitoni—. Txertoa hartu beharreko gauza da.

        —Baina min ematen dik! —azaldu zen kexu Mirri—. Ez al duk hala, Txiribiton?

        —Mok!, mok! —erantzun zuen Txiribitonek, Mirriri arrazoia emanez.

        —Baina, baina... Zer umeak zareten! —egin zien iseka Txirrik—. Zaztada txiki-txiki bat besterik ez duk eta!

        —Txiki-txikia? —galdetu zuen Mirrik.

        —Bai! Zaztada txiki-txikia! —errepikatu zuen lehengo esana Txirrik.

        —Txiki-txikia bada... Orduan, heuk hartu! —amaitu zuen Mirri bizkorrak.

Mok, mok! eginez barrez lehertu zen Txiribiton. Baina medikuarengana joan behar izan zuten hirurek, eta txertoa hartu.

        Txertoarena izan zen gutxienekoa. Zaztada bat, ez hain txikia. Lehenik Txirri sartu zen sendagilearen gelara, harro. Berak ba omen zekien zaztada txiki bat jasaten. Irten ere, harro irten zen. Ez omen zion batere minik egin.

        Hurrena, Mirri sartu zen, edo zehazkiago esanda, Txirrik bultzatu zion barrura. Mirri negarrez irten zen sendagilearen gelatik.

        —Zer gertatzen zaik, Mirri? Min eman al dik? —galdetu zion Txirrik.

        Mirrik ez zion erantzun. Negarrez segitzen zuen, eta zotinka.

        —Min eman al dik? —galdetu zion berriz ere Txirrik, errukiturik.

Orduan, Mirrik bat-batean eten zuen negar saioa. Eta azalpenak eman zizkien Txirri eta Txiribitoni.

        —Ez. Ez zidak minik eman. Baina horrelako lekuetan ohikoa denez negar egitea... Ba ni ere negarrez hasi nauk! Gutxiago ez izateko!

        Eta berriz eman zion negarrari Mirrik, bere bi lagunek harriduraz begiratzen ziotelarik.

        Okerragoa izan zen, ordea, Txiribitonena. Nola edo hala sarrarazi zuen hura ere Txirrik. Baina berehala irten zen medikua Txiribitonen lagunez galdezka.

        —Zuek al zarete morrosko honen adiskideak?

        —Bai, gu gara —erantzun zuten Txirrik eta Mirrik aldi berean.

        —Arazotxo bat daukat berarekin —esan zuen medikuak.

        —Ze arazo? Ez duela hitz egiten? —gatdetu zion Txirrik.

        —Ez. Arazoa ez da hori. Arazoa da ezin diodala orratzik sartu azal lodi horretan. Oso potolo daukazue zuen laguna.

        Hori entzun, eta kopeta belztu zuen Txiribitonek. Mirri barre algaraz hasi, eta gorritu egin zen ia lehertzeraino. Eta Txirrik ardura handiz egin zion galdera sendagileari:

        —Eta zer aholku ematen diguzu apur bat argal dadin?

        Sendagileak lau hitz labur bota zituen. Lau. Baina hiru pailazoak ez zekiten, lau hitz haiengatik, gorriak eta bi ikusi beharko zituztela.

        —Mendira joatea ona da —esan zuen medikuak Txiribitoni begira.

Garapena: Dijitalidadea SL