Xabier
Lizardi
(Jose Mari Agirre)

1896 (Zarautz)
1933 (Tolosa)

Egile honen
beste liburuak

POESIA

Biotz-begietan

1932, Verdes-Atxirika

ANTZERKIA

Bi aizpak

1932, Antzerti

Laño ta izar

1932, Antzerti

Ezkondu ezin ziteken mutilla

1953, Egan aldizkaria

ARTIKULUAK

Kazetari lanak

1987, Erein

Itz lauz

1934, Euskaltzaleak

Gure idazle trebearen lumak ikutzen zuan gairik zimelena ere, mardul biurtu oi zuan. Aren idaz lan guzi guzietan alako bizitasun dirdira berezia ageri zaigu, beste iñork ez bezelakoa bere berea, Lizardi rena. Irakurgai motelik ez dezu emen arkituko bat ere, ezta kaxkarrik ere.

Jaurtarkol (El Día, 1934-03-11)

ETXE-BARNE BIZIA (I)

 

        Aspaldikoa!...:

        Irea oraintxe jasotzea egin diat. Ez dakik nolako pozez irakurri dedan. Izan ere, sei urte elkar ikusi gabe... Baña, oraingoan baator, ta osoko etortzea izango al dek!

        Emaztea ta guziok onik gaudela esatea atsegin zaidak. Nere koxkorrak ezagutzen ez ditukela-ta, aien argazki (erretratu) bat eskatzen didak. Ni ortan, orde, zabar samarra nauk, eta erretratuz, etxeon, ez gatxeok orrein ornituak. Baña, dana dala, eure begiz nexka-mutikook ezagutu bitarteko, neronek egingo diat, nere eskuz, argazki... ta, ia zine ere esateko natxegok: «etxe-barne bizi» bat egingo diat, erderaz bodegón viviente esango bagenduke bezela. Bart arratseko ordu-erditxo bat dibujatuko diat, eta, artara, alde-aldera antz-emango diok aurrak nolakoak ditudan: beste non-naikoen antzekoak.

        Atarian illun, ta leioan txingor ttunttun-otsa diranean, goxoa oi dek etxeko sutondoa. Ala bart, gurean. Ta, etxebarrutik aur-zarata badabil, areago: ordun, adiskide, suaren garrek argiago ziruditek; dardara giarragoz ibilli zebiltzak, goia miaztu-bearka... I mutilzar gogortua ago, ta ez bide dek azken ori sinisten. Erruki aut, gizona! Etzak parrerik egin...

Baña, itxon orain: dagoarteko begi-aurrean diagu nere mutiko zaarrena. Bost-bat urte dizkik. Alki batera igo, egutegiari eguna kendu, ta bazetorkidak. Galderaz josiko natxiok...: ea an zer jartzen duan; ea zergatik ura jartzen duan; ea zertarako jarri duan ura, ura jarri duanak; ea urrengo eguna igandea dan, ta ea zergatik igande ta ez ostiral; ea zenbat lo eginda sartuko dan Orrilla —Maiatzari ala esaten ziotek orain... Jakiña, azkenerako, zakurraren ipurdira biali bear izan diat.

        Ez dek samurtu. Etxean barrena an ziak orain, Tolosako iñauterietako jo-aldi zoro aietarik bat joaz: Tún-pa tún-pa tún, tarápatatún, tarápata túuun-pa... eta abar: badakik zein esaten dedan. Alako zalaparta ezpaitiat eramangarri, berriro oju egin bear izan ziot, ixiltzeko. Luzaroko ez, noski.

        Nondibait dabillen bitartean, ikusak bigarrena. Mutikoa, au ere. Arako muxugorri begibeltx ura dek. Begira akiok: aurpegi biribiltxoan, bi kilker diruditela zeuzkak begiak, kantari. Au barexeagoa dek bestea baño, zalaparta gutxiagokoa. Bere buruaz jolasten bazekik, eta ez dik ori jakite makala. Arkatz aundi bat —lapitzari esaten ziotek arkatza— eskuan —eta aoan ere maiz—, ingia (papera) lur-gañean zabal, marrezka ziarduk. (Dibujatzen, alegia: ik euskera berria egoskaitza dek-eta, argatik argibideok... O!, atsegin zeok umeokin, euskel ikastolara dabiltzanez gero!...). Baña, ara: oraintxe zutitu dek gure dibujantea: ttattartxoa izanagatik, erroen  biurri-antxak eta ibilkera aundizkoak alako gizon-tankera parregarria ematen ziotek. Tottel-mottelko mintzoz, ingia eskuan dakardala, ala ziok: Aita! Dixona iratzi ret. Antat e baritu!...

        Ori esanda, berriro bere txokora joan dek, «dixon asto iraztera». (Idatzi, zerari... eskribitzeari esaten ziotek).

        Baña, ontan, emen zetorrek, ixilka, zaarrena, biurrikeri berriren bat asmatuta. Tiragoma eskuan dula, dixon-egilleari ogi-mami bildu bat kazkora irauzi nai litxiokek. Bearrik garaiz iritxi nauk, eta, kazkarreko bat emanaz, or biali diat berriz ere etxe-zear.

        Ikusi bezela, mutiko ttentte, xurigorri, piña diat; begiak, aundi, gozo, pakezkoak dizkik: arkume otxanarenak bezain... Baña, itxuraz-bestez, eziñegon urduria dik. Aren aldamenean, iñor etzegokek geldirik.

        Baña, ixo, gazteok: oraintxe zetorrek-eta, sukaldetik igesean, danetan biurriena: nexka, alabearrez... (Porkuantobós, esango ukek ik). Ikusak orain, atean: begi-aundi, xudur-piporta, gaixto-irri: emezortzi urtez lanak emango ote dituan ziotek. Ipurdi-gorri zetorrek, oi bezela, arentzako ainbat pixa-oial sortzerik ezpaitago kristau-etxeetan. Bazetorkidak, eta berriketa luze bat egin zidak. Ik jaso al diok? Nik ere ez. Esperanto-modu bat asmatua dik, iñork ulertu ez dezaion, eta arekin aritzen dek. Bereala, eldu zidak eskuko beatz lodia, nagon alkitik derriorrean jaiki-arazi, ta an naramatxik zuzen-zuzenean «berak dakian xoko batera...» Gozo-ontzitik azukre-koxkor bat atera ta eman izan ez banio, aundia gerta zitekekan gure etxean!... Arrapatzen nauen bakoitzeko eginbearra diat ori. Badakik, mutilletan ere neskatxa gazteentzako bigunbera samarra nindukan...

        Azkenik, seaskan esna, guzion jardun ta ots arteon, beti parre-antxa, beti jaramon eske, beti lerde-jario, ta beti titirako pronto or zegok apurtxoena; gure begi-alai buru-zuri txikia: urte-erdi doi-doi betetako gizontxoa.

 

        Ontan, emen diagu berriro zaarrena; berak egindako mozorroa arpegiari txistuz itsatsita, buruan ingizko ginbail aundi bat dula. Esan diat: bere txotxolo arpegi ta guzi, au etxean dagon arte pakerik ez dagola.

        Ez-uste batean, or zijoakiok baxterrean «dixonak irazten» ari uanari. Jotzen dik besoan, beraizik, eta, jakiña, «dixon» berri egiñerdiari «anta» samurtu. Samurtu zaiok ertilaria ere, ta asi dek karraxika, estea sabeletik zintzilika bailerion. Or naasi dituk biak, ukabilka. Alderik-alde, elkarren eskeka ta elkarri eskainka egiñalean dabiltzala, jo ta ankaz gora bota ditek nexka gaxoa; ta, txikiaren seaska are iraultze-arrenean jarriaz, etxe osoa bete ditek marruz, iskanbillez ta dunbateko gaitzez.

        Eskuak eta ipurdiak, elkarrekikoan, oi duten ots berezia ere aguro asi uan, ala bear ere; ta maiz samarka, arranoak ez badu; ta nekez bederik, noizpaitean, batzu erdi-errenka ta bestetzu oso narrazka, zuzendu nizkian danak sukalderuntz.

        Oeratu ziranean, orratik, gure pakea!... Josapat-zelaiean epai-ondorengoa zirudiken. Aterrune ari gogoa atxikita, leen-erauntsiaren oroitzez artean aundiok ere ixilik geundela, su-garren gorabear kizkurrari begiak josita, nere buruari ala nitxion: -Ta, alaz guziaz ere koxkor oiek beñere ez azitzea nai nikek! Nere esku balego, gurasoak zaartu arren, oiei gaurkoxe tamañan eutsi nai nitxiotekek...

        Bazekiat —ez esan— buruan zer ari dekan. Erode darabilkik gogoan: ura gizonaren burutsua, ez?... Ongi ezagutzen al aut?... Baña, iñoiz aurrik izateko jaioa baaiz, Erode gorroto izango dek. Gogoan artu.

        Agur, agur, adiskide. Beldur nauk zaartzen asia ote naizen... Aitontasunaren xamurra ote zebilkidak barruan, aldiz-aurretik?

        Aurki arte. Emazteak-eta, goraintzi miñak. Bidaldi on ta osasun obe, Jaunak.

Garapena: Dijitalidadea SL