Xabier
Etxeberria

1974 (Zarautz)

Egile honen
beste liburuak

NOBELA

Itxoidazu Café de Passy-n

2004, Elkar

Ez dadila eguzkia sartu

2006, Elkar

Arrain abisalak

2009, Elkar

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Airean ere negu usaina nabari da

2000, Erein

Pako Fakirra eta Zokomokordo

2006, Elkar

Nik dauzkat aitonaren hortzak

2008, Elkar

Egun denak ez dira berdin

2001, Elkar

1
MICHAEL JACKSON

 

        Loak hartu ezinik dago beheko solairuko bizilagunaren kariloiak gauerdia aldarrikatu duenean. Dong-Dong. Dios. Berandu da. Handik sei ordu eta erdira jaiki behar duela kontuan hartuta batez ere. Eta halere esna dago oraindik. Begiak itxita, baina ernai.

        Gaur egiten duen beroak du errua neurri batean. Otsail hasiera izateko ezohikoa den tenperatura altua markatu du gaur termometroak izan ere. Kontuak kontu, goizean goizetik hego-haize harro batek astindu ditu bazterrak, hautsa begietara eta arropa izerdituak gorputzera itsatsaraziz. Tarteka euria egin du, eguerdi partean batez ere, baina ganora handirik gabe eta denek antsiaz espero zuten ekaitza lehertu gabe gautu da eguna, abuztu trajez mozorrotuta. Gora Euskadi Tropikala.

        Nahiz eta biluzik egon jira eta bira dabil ohean bada. Maindireak gainetik kendu ezinik. Aingira bat saretan bezala edo. Harrapatuta. Beroa du. Ezin du loak hartu. Alboko ohetik, baina, anaia gaztearen arnasots lasaia heltzen zaio. Txikitatik beldur apur bat sortu dion kariloiaren soinua entzun du orduan. Gauerdia. Egun berriaren hasiera ezartzen duen muga. Begiak ireki ditu. Jode.

        Komunera jaiki da. Pixa parrastada motz bat. Ia obligazioz bezala. Gero sukaldera joan da. Pasilloan isilik ibiltzen saiatuz, lapur baten gisan. Aldameneko gelan lotan daude gurasoak eta ez ditu esnatu nahi. Baso bat ur edan du. Iturrikoa. Eta leihora hurbildu da gero euriaren esperantzan, ea hodei arrastorik atzematen duen. Gauza ergel samarra hauxe. Gaua da izan ere. Gaua. Zerua nahi adina aztertuta ere ez da belztasuna baino ikusten. Izatez, bera bizi den auzune masiboki urbanizatuan izarrak ere ez dira sumatzen, farolen eta dendetako erakusleihoen argitasuna dela medio.

        Edozein modutara, hantxe geratu da une batez, leiho ertzean. Markoan bermatu da. Freskoago egiten du han. Nonbait, zakur batek zaunka egin du, gertu igarotzen den autopistako trafiko ia etengabearen aurka alferrik lehiatu nahian edo. Piztuta gelditu den telebista baten berriketa ere entzun daiteke. Barre ozenak pareko tabernan.

        Moto bat geratu da orduan kalearen bestaldean, eta badaezpada ere atzeratu egin da itzalen babesera. Ilunpetan gordeta, barregura pixka bat ere eman dio bere buruak, pareko etxebizitzako bizilagunen batek ikusi badu burutik zer pasa ote zaion pentsatzean. Gaueko hamabietan tipo bat leihotik larru gorritan zelatari. Perbertitu bat. Seguru.

        Baina enfin. Hobe sikira horrelako zerbait gertatu izan balitzaio. Kamisoi arin batez erdi estalitako emakumezko ederren bat pare-parean begira suertatu edo horrelakoren bat. Abentura bat. Nahiz eta lotsatzeko modukoa edota lizuna izan. Ez: hobeto esanda, batez ere lotsatzeko modukoa eta lizuna izanda.

        Bai, askoz hobea izango litzateke hori. Eta ez kariloi baten zaratak esnatzea gauerdian, hogeita zazpi urte betetzeko unean zure ardura guztiak euria egingo duen ala ez jakitera mugatu direla ohartzeko. Izan ere, urteak betetzen ditu gaur. Momentu honetantxe. Gauerdian. Zerbait berriaren muga ezartzen omen denean.

        Baina, kaka zaharra. Ze berri eta ze arraio, pentsatu du. Sekula ez da ezer berririk-eta, marketinaren arduradunek eta telebistako informatiboen aurkezleek aurkakoa esan arren. Hemen ez da ezberdina den zerbait kasualitatez ere gertatzen. Seguru antikonstituzionala eta guzti dela.

        Eta bere hogeita zazpi urte bete berrietan pentsatu du gogoz kontra ere. Azken urteetan, esate baterako, zer da bere bizitzan aldatu dena. Ezer ez. Ezertxo ere ez. Zero.

        Redios. Irribarre mingots batez bere buruari iseka egin dio, institutu garaian, ikasle ziztrin bat baino ez zela, zituen hainbeste eratako ametsez oroitzean. Orain dela asko zen hori ordea, egin du bere artean. Michael Jackson oraindik beltza zenean. Aspaldi. Aspaldiegi.

        Hainbeste denbora igarota ere ezer ez da aldatu baina, konturatu da. Irribarre egin du berriz. Baboago izanez gero, Tasio, Espainiako jeneral, bota dio bere buruari. Eta kariloiak, baiesteko, berriz jo du. Dong-Dong. Hamabi eta erdiak. Ordu erdi igaro al du ha han, sukaldeko leiho ondoan tontakerietan pentsatzen. Ohera. Bihar goiz jaiki behar du-eta.

        Baina, lehendabizi, hozkailura joan, erdi edanda duen Heineken botila hartu eta trago bat eman dio. Ez da txanpaina eta gainera ia gas guztia galdua du. Baina, ze arraio, bere urtebetetze eguna da azken finean eta nolabait ospatu behar du. Nahiz eta arrazoi argirik ez izan horretarako. Trago luze bat egin dio garagardoari. Bere buruari bizirik dirauela gogorarazteko behinik behin.

 

 

 

2
QSL?

 

        Goizero egiten du topo beraiekin Gurutze Gorriko posturako bidean. Astelehenetik ostiralera. Zazpiak eta laurden inguruan. Bere motxila beltza bizkarrean, pauso astunez egiten ditu etxetik posturaino dauden hamar minutuak. Presaka alde batetik, baina hara sekula ez iristeko gogoz bezala baita ere, goiz guztia bidean pasatzeko amets irrazionala mantenduz inkontzienteki.

        Eta beti toki berean topatzen ditu. Antiojo lodikoa beste neska ilehoriarekin joaten da beti berriketan, potxolitarekin. Irribarretsu eta alai. Eta pixka bat aurrerago, okindegiaren parean, beste tipoa elkartzen zaie, zaharragoa dena, buru handiegia edo duena. Pauso pare bat eman eta atzera begiratzen du beti honek, etxeko balkoira, ama agurtzeko seguruena. Azkena, laugarrena, ez da gainontzekoekin nahasten. Grazia apur bat egiten dio Tasiori egoera horrek. Baina baita pena ere. Hipokrisiaren aztarna hori. Ergelkeria.

        Edozein modutara, morroi hau da denetan aurpegi normalena duena. Izatez, Tasio harrituta geratu zen azken hau ere besteak bezala GUREAKera lanera joaten zela jakin zuenean. Goizeko zazpi eta erdietatik arratsaldeko laurak arte. Gizartearentzako erabilgarri izateko eginkizun latzean. Torlojuak muntatzen edo birziklatzeko piezak klasifikatzen edo auskalo. Baina egunero hartzen dute lantegira eramango dituen trena. Astelehenetik ostiralera. Zazpiak eta hogeietan. Irribarretsu. Alai. Eta geltoki parera iritsi eta banatzean beti gauza bera pentsatzen du Tasiok. Atzeratu mentalak direla hemen zoriontsu bizi diren bakarrak. Eta esan dezala Unamunok nahi duena. Eguna joan eta eguna etorri errutina lerdo beraren menpean bizitzera etsitzea, hori bai dela benetako mongoloa izatea.

        Gaur ere pentsamendu horrexekin egin ditu tren geltokitik Gurutze Gorriko posturako metroak. Nekatuta. Neurona gutxiagoz, bart arratsean seguruena hobeto egingo zuela lo hausnartuz. Aho zabalka.

        Errepide nagusia zeharkatu du postura heltzeko. Mende hasierakoa edo dirudien eraikuntza zahar bat da. Lehen Mundu Gerrako osaketa-etxe horien aire bat gordetzen duena oraindik ere. Barrualdera begira dagoen terraza horregatik, edo aurrealdeko aspa moduko apaingarriengatik, ez daki zergatik, baina Tasiori Gary Cooper-en gaztetako film hura gogorarazi izan dio beti, erizain batez maitemintzen zena eta hori dena.

        Ez da horretaz gehiegi jabetu gaurkoan halere. Goizeko zazpi eta erdiak dira izan ere eta atzo ez zuen oso ondo lo egin. Sartu eta lehendabiziko gauza, ate ondoan dagoen mahaitxoan egin du geldiunea egunero bezala, espainiar Ministeriokoen aurrean konplitzeko beharrezko diren paperetan fitxatzera:

        Tasio Ardanaz        7:30        Tasio Ardanaz        14:30

 

        Sarrerako kortxoan, objetore guztien txandak jasotzen dituen egutegi-taula erraldoiari begiratu dio ondoren, legez onartzen zaien hamabost eguneko oporraldia noiz tokatzen zaion jakiteko. Nahiz eta aspalditik dakien abuztu arte ezetz. Ez dela bi hilabete luzetan guardia egitera etorri beharko ez duen astegunik egongo. Izorrai.

        Patxadaz hartzen saiatu da halere. Gurutze Gorriko zentralaren irrati-igorgailua piztuta dagoela ziurtatu eta gaueko txandakoak janzten eta beren lo-zakuak jasotzen ari diren gelara sartu da.

        Atzeraka eragiten du hango kiratsak. Izan ere, logela eta saloi lanak betetzen ditu batera neurri txikiko gela horrek. Egurrezko litera hirukoitz bat dago txokoan, handik pasatako guztien izenak larruan tatuatuta daramatzana. Honantzago, sofa zahar eta marroi bat, telebistaren parez pare. Aparkalekura jotzen duen leiho bakarra itxita dago, beti bezala. Lurra bezperako pipa azalez betea.

        Ohitua dagoeneko, motxila bazter batean laga eta leihoa ireki du Tasiok. Egunon, egunon, zer, gaua zer moduz, ha, ondo, irteera bat bakarrik egin behar izan dugu, hamabi eta erdiak aldera, baina bestela lasai, eta zer izan da, larria, ez, andre zahar batek aldaka hautsi du komunera joan eta irristatuta, baina ondo. Bista altxatu du lurretik. Aldaka hautsita baina ondo, pentsatu du Tasiok, hiri gertatu behar. Babo hori.

        Ez du ezer esan ordea eta sofan eseri da besteek bukatzen duten bitartean. Telebista piztu du. Beti bezala. Goizean goizeko teleberriak ipini ditu. Ea haiei begira berriz lo hartzea lortzen duen. Gauekoak joan direnean motxilatik bere uniformea osatzen duten jertse gorria eta militar tankerako galtza grisak atera eta aldatzeari ekin dio. Onartzen ez badu ere lotsa pixka bar ematen dio besteen aurrean eranzteak. Tripa puta.

        Oinetakoak lotzen ari dela anbulantziako gidaria iritsi da, Patxi, begi-zulo nabarmenekin eta ile gorri ugaria nahasian. Aupa Tasio. Aupa Patxi. Oinetakoak erantzi ere egin gabe bota da litera batean. Pare bar orduan ez da esnatuko.

        Arrillaga iritsi da segidan, A-12-1 anbulantziako dotazioa osatzen duen beste sanitarioa. Gaur ere kolonia potea hustuta alde egin dure gauekoek, e Tasio, komentatu du erdi txantxetan sartzerakoan. Morroi argal eta txima-luze bat da Arrillaga, irribarrea beti ezpainetan duena. Uztaia ezkerreko belarrian. Sofan eseri eta, egunonen ostean, gauekoek zerbait izan al duten ba al dakien galdetu dio Tasiori. Betikoa. Erritu txikiak.

        Ordu laurden beranduago, zortzietan puntuan, zentraleko igorgailutik deika hasi dira. Probintzia osoko anbulantziak erabiltzeko prest dauden ala ez jakiteko. Goizero legez.

        1, 2, 3, 4... bere txanda itxaron du Tasiok orduan. Hamabigarrena iritsi arte. Ahots erdaldun baten agindua entzun da. Adelante Bravo-12. Irrati-igorgailuaren pastilla hartu du. Eztarria garbitu:

        —Buenos días, Central. La A-12-1 se encuentra en red primaria. ¿Es QSL ?

        —QSL.

        Eta sofan leku bar hartzera abiatu da. Gaurko goiza lasaia izan dadila erregutuz, faborez. Ea gaueko partez lo pixka bar egitea lortzen duen.

Garapena: Dijitalidadea SL