La lutte finale, Joxean Agirre

Aurkezpen egunean esku arteko liburua «nobela sailkaezina» zela esan bazen ere, nik neuk ez nuke horrela izendatuko, uste baitut, tramari erreparatuz nobela gisa batzuetan herrena iruditu arren, bere idazkeragatik liburu bezala erabat gomendagarria eta interesgarria dela La lutte finale.

Mikel Ayerbe
("Berria", 2008-12-07)

101 gau, Txiliku

Era guztietako gaiak eta osagaiak dakartza formula berezikoa den liburu pertsonal honek: mitologia klasikoa eta sineste berriak, esaera zaharrak nahiz pasadizo xelebreak, hala botanika nola zoologiarako gustua, han eta hemen bildutako adabakiak, inguruko nahiz urrutiko bitxikeriak, jakintza eta umorea batzen ditu... Plazerez idatzitako liburua dirudi eta egokia da plazerez irakurtzeko, eta plazerez ari garela, sexu-kontuak bezalaxe, piskanaka, gauero ataltxo bat irakurtzea gomendatzen digu egileak, nekatu ez gaitezen, baina denak, edo ahal direnak segidan irakurtzea ere ez da ideia txarra. Gu ez ginen gogaitu, oroitzapen ederra dugu oraindik.

Koldo Goitia eta Koldo Beheitia
("Ostiela", 2001-04)

Pausoa noiz luzatu, Andoni Egaña

Lan anbiziosoa da, ederki idatzita dago eta pasarte batzuk benetan antologikoak dira.

Iban Zaldua
("Hegats", 1999-10)

Ederberak xerbeldurik,

ardoa bailuten,

luze itotako Ondaurtz minak

eztanda zegien... Nork bere barnen

nabaria, mintzoz dute jazten.

(«Muno Txiki».
Xabier Lizardi, 1933)

Ez bekida ahotik

hitz gaiztorik eror,

ez bedi nere esanik

inorentzat galkor.

 

Ta zuk, euskera eder,

mintzo zahar joria,

barkatuko ahal didazu

nire ausardia...

 

Oroitzapen maiteenen

ontzia, zere urrez

landu nahi baitut... Landu,

nire esku baldarrez!

(«Gora Dei».
Xabier Lizardi, 1933)

Zarauzko idazleak, bertan jaioak eta bertakotuak. Denak sortzaile. Denek zor diote, ordea, zer edo zer Zarautzi: leku hura, hitz hauxe, giro bat... Zarautz Euskalerri, Lizardirenean baino handiago eta ederrago. Ondaurtz? Adurtzon!

Denek zor diote zer edo zer Zarautzi, Zarautzek zor die horrenbeste.

 

Asko dira Zarauzko idazleak, hemen ageri direnak baino gehiago.

Sortzaileen artean ere bai baita apaltasunik, batzuek ez dute azaldu nahi izan, ez dutelako beren burua idazletzat. Webgune hau literatura lantzen duten idazleei eskainia izaki, ez dira hemen ageri gai zientifikoak eta gizartekoak landu dituztenak.

 

Gure esker ona azaldu nahi diegu idazleei eta argitaletxeei, webgune hau osatzeko eman dizkiguten erraztasunengatik.

Garapena: Dijitalidadea SL