Juan
Iruretagoiena

1899 (Zarautz)
1982 (Zarautz)

Egile honen
beste liburuak

ANTZERKIA

Atso poxpoliņa

1929, Martin y Mena

Otarka aza

1929, Euskal Esnalea

POESIA

Sutan biotza

1931, Eusko Argitaldariak

LENENGO EKITALDIA

 

        Indiako Tribalaor-en gertatzen da, aspaldi ondatu zan izundegi (pagoda) arrigarri ta omentsuaren atetan. Atzean aterpeko suntegia (kolumnata) txit ikaragarri ta aberatsa. Pizti egodun atzapartsuak, zaldi, elepante ta mamu (monstruos) egodun eta beste era askotako piztien irudiak erdika nastuak margozturik daude inditar egiturako suntoi ta atetan. Suntoi auek atze-atzeko margoialetatik aurreratuta egongo dira, bien artean ibiltzeko aterpe zabal samarra utzirik. Atze-atetan izundegi barrurako bi edo iru ateak, irikitzen diranak. Agertokiko laukian, zugatzak, eta aurrenekoz, bi indi-gaztain zugatzak, enbor oso loridunak. Ezkerretan, zugatzartean, irikitzen dan baranda (esi) bat, aterpeko suntoien egitura berdiņekoa ta bertatik joaten da uresi (estanke) donearen malladira. Etxe ta alderdi guztien arriak gorri-gorriak izango dira, buztiņerrearen margo gorridunak, eguzkiaren indarrez gorrituak bezela. Eta arri gorri auek oso diztiramen atsegiņa egingo dute palmera ta indi-gaztain zugatzen ezetasun eta apaizen jantzi zuri-zuriaz.

 

 

AURRENEKO AGERRALDIA

 

        Nekatu antzean eta eguzki galdatan izerditurik, ezkerretik sartzen dira Ataide'tar Albaro Jauna ta bere izkillari Duarte, baizia edo indio langilleen soņekoaz jantzirik. Albaro Jauna gizon bikain eta egokia da, arpegiz beltzerana ta bere begiak sua dariote, urre miņez (zalez) erreak beren itsumenean distiratzen duten antzera.

 

        ALBARO JAUNA: Orain, eldu geran ezkero, arnasa artzeko exeri gaitezen pizkatean. Bide malkarra benetan izundegi ospetsu onetara dagona.

        DUARTE: Orren omentsu ta aberatsa bada beņepein, bramatarrak alegindu litezke bide oiek zerbait geiago egokitzen. Lagundu digun indio orrek, ziri ederra sartu digu. Lau legua alajaņa aldapa utsean, eta eguzki galdatan!

        ALBARO JAUNA: Etzeukat ala ere etorriaren damurik. Ez lau legua, larogei leguan etorriko nituan arriargizko kollare (lepallu) ori ikustearren, esan bezelakoa bada beintzat. Ez dek ausartu iņor orain arte onera etortzen, bramatarren bengantza (aier, asarre) ikaragarriaren bildurrez. Baņa gu kementsuak eta bildurgabeak gaituk. Eta gure neke guztiak utsa izango dituk, lepallu arrigarri ori erosteko biderik egiten badegu.

        DUARTE: Erosi? Ez gera leku txarrean sartu, nagusia. Ez dago indio bramatar auek baņo pizti maltzur eta zuriagorik.

        ALBARO JAUNA: Ta orrek izutzen au? Ain zuzen nere pozik aundiena maltzurrari ziria sartzea dek, ba. Ta ez uste oraingoan oso atzeratua nabilenik lanbide orretan. Azpikeri auetan batek bakarrik irabazten ziak oraņartean: Pereira'tar sorgin madarikatu arek: mila diabru (txerren) euki biar dizkik gutxienez madarikatu orrek bere barruan. Baņa oraingoan aurrea gurea dek. Etzeukak muturra sartzen lanik. Ez arranetan.

        DUARTE: Baņa oraingo gure etorrera kaxkar au, ezin agindu dit biotzak. Barruak ezin eraman dit indio jantzi auekin ibiltzea. Izan ere nik ilketak, lapurretak eta beste gaiztakeri gorriak (gogorrak) egingo nituan; baņa beti arpegi emanaz. Orain, berriz, geure buruak estaliaz gabiltza, edozein lapur koldarrek egingo luken bezela.

        ALBARO JAUNA: Eta zer ajola ziok orregatik, zitala, orrela eldu ezkero; bestela ezin elduko giņan leku onetaraņo.

        DUARTE: Malaka edo Done Tome-ko edozein kaskabiurrik ikusten bagaitue jantzi auekin, parre algara galantak egingo ditue gure bizkarretik, eta ori...

        ALBARO JAUNA: Eta ori, zer?

        DUARTE: Ori gogoratze utsak ere lotsa ematen ditela, egundo lotsik ezagutu izan ez badet ere. Oso bide txarrean sartu gera. Indioen jantzi auek, leku onetara etortzeak eta gure ibilera auek burutatzen die, Jaungoikoaren sinismena galdu degun batzuek dirudigula. Eta ni gaiztoa izango naiz, ene nagusia; baņa naiz Portugalen, naiz Malaka errian eta naiz izundegi (pagoda) onetan egon, bramatar guztien aurrean ere, beti Jaungoikoagan sinisten det, zeruan dagoan nere ama zana bedeikatuak erakutzi zidan bezela.

        ALBARO JAUNA (Minberaturik): Tira, tira; ez dek egongo leku egokiorik izundegi atadi au baņo, eleizako lelo oiek oraintxe aitatzen asteko. Bai ta nik ere sinisten diat Jaungoikoagan, adizkide; baņa orrek zer esan nai dik guk txorimalu auek jantzita onera etortzea galerazteko. Zer nai dek? Lepallu zoragarria utzi ta Jaungoikoaren alde deadarka sartzea nai al dek izundegian, bertan bizirik erre ta kiskaldu gaitzaten?

        Adizkide, juan ituan lengo martiri kontu aiek, eta ala bear bada, or urrean zebiltzak aita pralleak (lekaideak) beren bizia eman nai badute. Ori Aita Prantzisko'k egin dezala, diokenez, ainbesteko gogoa baldin badauka.

        DUARTE: Aita Prantzizko'k onela ikusiko bagiņuzke!

        ALBARO JAUNA: Bi indio jator giņakela usteko likek.

        DUARTE: Edo bi kristau sinisgaldu.

        ALBARO JAUNA: Ptxxx...! Berdintsu dek. Orain beņepein guria egin dezagun eta gero gerokoak! (Izundegiko suntoien aldetik burunda dator.) Ixo, norbait zetorrek, arretaz ibili okerrik egin gabe. (Biak ezkutatzen dira uresiaren langate (baranda) atzean. Piztimotz bat bezela zarrastaka azaltzen da izundegiko suntoi artetik Abul-Bemar deritzaion pakir zarra. Bere gorputzari lotuta dauzkan kateen ots aundiaz dator. Agerraldira azaltzen dan zorian asiko du bere edestia, ta gero ertzeko suntoiaren ondoan exerita jaraituko du. Abul-Remar India-ko pakirrik garbaitsu ta agurgarriena da. Eun urte ta geiago ditu. Ilea, zuria ta nastua, tximak jarioka bizkar eta begi gaņera, ta itsu dago, garbaitasunez eguzkiari begira itsutu zalako. Bere jantzi zarpil margotsuen (multikolores) artetik bere arpegi ta beso ori gorriak, eguzkiz erreak azaltzen dira. Eguzki galdatan dago estali gabe. Bere belaun ondoan erratilu zar bat dauka, ta bramatarrak bertara botatzen dizkioten arroz ale egosiak dira, bere janaririk gozoena. Zeilan eta Lahore-tik, Done Benares eta Pake Erriko egalik urutienetik ere garbaile ta gizatalde aundiak etortzen dira, eun urteko pakir onen donetasuna ikusteko usaian.

        India arrigarriaren ipuri guztiak badakizki ta eguzkitik eguzkira edesten jarduten da, ta bizitza garbaitsuaz zartatu zaizkion (dauzkan) bere espaņetan, bere itzak almen bakan bat du bere zaleai arreta bizi bat itsasteko. Bramatar guztiak txit agurtzen dute, Abul-Bemarren laztasun gogorrak izundegiaren izena gogorazi ta omentzen dutelako, ta izadi guztiaren zaitzale dan Jaungoiko tzar Bisnu-ri otoiz egiten die Bramatarrak egunero, bere bizitza beste bederatzireun urte ta geiagoan luzatu dezan.)

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

        ABUL-BEMAR (Agerraldira sarturik.): Gaur ere iņor ez! Bisnu jaungoiko tzarraren elizara (izundegira) iņor ez datorrelako, bakartasun eta isilpe gorrean dago. Ta atzo ere iņor i etorri... (Baztar batean exeritzen da.) Adpal donea egun batean, elurrez zuri zegoan mendira igo zan bere antxume txuriakin.

        Antxume onek urrezko adar eta azkazalak zituan eta Adpal doneari au esan zion: Iriki, iriki itzazu begiak. Zer ikusten dezu?

        —Ikusten det, ikusten det, Bagaban agurgarriari eskeintzeko dagon Kaxmirren oial bat bezela... nere oinpean zabaldurik, Indi donea guztia ikusten det.

        —Eta zer geiago ikusten dezu?

        —Bisbata-ko erregegaiak atai donearen gaņean igaro zituan aintzira urdiņak ikusten ditut eta urrezko iledun Maia ederra gurtutzen dauden zugatz zuriak ikusten ditut.

        —Zer geiago, zer geiago?

        —Basuki subearen basoak geldi-geldirik ikusten ditut. Bertako zugatzen adarrak lore bakan-distikorrez beteak daude. Subeen begi argiak dira.

        Eta Tribalaor-ko izundegian India doneko seme guztiak ikusten ditut, Trimourti jaungoiko tzarra agurtzen irurogeta amalau belauniko aldi egiņaz.

        Eta itz auek aitortu zituanean, Adpal donea ma gelditu zan, amesetan bezela, zazpireun urtean. Bere oņen beatz ertzaz elurra ikutzen zuan eta goiruntz jasorik zeuzkan bere eskuen beatzaz zeru urdiņa ikutzen zuan.

        DUARTE (Be-betik itzegiņaz Alb. jaunari.): Diabruak bakarrik daki, noski, onek zer dion.

        ALBARO JAUNA: Ago ixilik, auzabala.

        ABUL-BEMAR (Jaratzen du.) : Eta otoitz egiten zion Bramari, zeru ta izartegi, itsaso, lur eta txori txikien aita guztialduna dan Brama jaungoiko tzarrari.

        Eta zazpireun urte igaztu ziranean, antxumeak berriz galdetu zion:

        —Adpal, Adpal, zer ikusten dezu?

        —Ai... ai... ai ...! Itsasoko ugartetatik txori beltzak datoz; bat... bi... bost... eun... mila. Eguzkia ilundu ta estaltzen duen bele pila aundia dator. Ez da entzuten orain oian ederrean txori ta egazti ori-urdiņen txiruli gozorik. Zugatz doneak ere igartzen ari dira. Ez dute gurtutzen gure Brama aundia ez gizonak, ez elepanteak, ezta subeak ere. (Izundegi batetik datorren danborraren burrunda, entzuten da. Eskeintzara datorren indio bat geiago sartzen da agertokian eta aterpe ondoan gelditzen da zai. Bereala iru deilari ateratzen dira turutakin eta Ipar, Ego, Egutera ta Sarkaldera otsegiten dute turutaz. Turutak jotzen dituzte. Barruan abesten dute garbi entzuten zaiela.)

 

 

IRUGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak eta deilariak

Erestalde batek lagundu lezaioke agetaldi onetan barrukoen abestiarí.

 

        ABUL-BEMAR: Eskeintzara deika daude. Ona emen gure lotsa gorriaren zoria.

        ALBARO JAUNA: Ia, Duarte. Oraintxe ikusiko diagu egia ote dan esan zigutena.

        DUARTE: Bai, oraintxe ikusiko degu, nor geran ezagutu ta egurka garbitzen ez bagaitue.

        BRAMATARRAK (Barrutik ots indartsuaz.): Atozte azkar, Brama  zuen deika dago-ta.

        ABUL-BEMAR: Eta iņork ez du erantzuten. Nori deitzen diozute, bramatarrak, iņor ez badago?

        BRAMATARRAK: Betoz betoz

                Brama gurtzera

                Zeru ta lurrak

                Mendi ta urak.

        (Turutak jotzen dute berriz, ta guztiak sartzen dira.)

        ABUL-BEMAR (Zoramen eta asare bizian, baņa lurretik jeiki gabe.) : Bramatar zoroak, zaudate ixilik. Iņor ez da etorriko, ez; Adpal Igarleak aspaldi esana dauka. (Bere beso luzeak jasotzen ditu deadar aundiaz madarikapenezko ziņa (juramentua) egiņez.) Ene India maitea...! India donea...! India madarikatua...! (Bere burua bular gaņera jausten zaio ta alaxe egoten da geldi. Guztiak sartu diranean, aterpean azaltzen da soņeko zuri luzeaz jantzirik Kanna, bramatar arroa, Bisnu ta Tribalaor-ko beste iru mila jaungoikoen leiakiderik gogor eta purrukatuena. Berrogei urte ditu. Bere ibilera ta itzetan aizetsua da ta lepotik zintzilika darama lerdenki, apaiz mallako kordoi ezea (berdea.)

 

 

LAUGARREN AGERRALDIA

 

Abul-Bemar eta Kanna

 

        KANNA: Ene Igarle ta Jangoikoaren bitartekoa, nori azaltzen zenizkion zure ipuiak?

        ABUL-BEMAR: Bramaren semeen semeen semeai.

        KANNA (Samin aundiaz.): Jaun donea, etzaite nekatu geiago, iņor ez dator onera-ta. Ez al dezu entzuten aterpe bakar onetan nere oinkadak ateratzen duten kaskateko otsa?

        ABUL-BEMAR: Orregatik esaten jardun naiz, bada, gaur Adpal Igarlearen azkeneko itzak. Bramatar apaiza, entzuten dezunean Adpal Igarleak adierazi bezela, bele beltzak oneraņo datozela, Tribalaor-ko izundegi oneri su eman zaiozu, su ta gar artean erre ta kiskaldu dedin eta zuk, zeure burua bota zazu aintzirara, ta antxe arkituko dezu Nirbana betiko bizitzaduna.

        KANNA: Txori beltz oiek badatoz onuntza urreratzen beren ega madarikatuan. Ez al dezu ikusten izundegi done au, Indiaren argia dan au, ilun eta utsik gelditzen ari dala? Bele beltz oiek oso urreratu diralako da, bada. Oso urrutiko lurretatik omen datoz, errege indartsu baten laguntzaz, gure lurralde auek bereganatzera. Ala diote Madura ta Kalabut-eko bizilagunak. Madura errian dabil arpegi igar eta soņeko beltzadun bele aundia. Oraindik ez dira ilabete asko etorri zala ta bere sinismenera eraman ditu milaka bramatar. Leizbeltzeko sugetzarrak arrigarrizko itzak jartzen ditu bere aoan eta entzule guztiak itsututa nai ta nai ez bezela eramaten ditu beregana. Ai, Igarlea! Ta bele zarpatsu ori, oneraņo ere etortzen ausartu egin da. Zorionekoa zu, Eguzkia agurtuaz zure begiak urtu arteraņo egon ziņan done ori, orain zorionez ezin ikusiko dezu orrenbesteraņoko galdukeria.

        ABUL-BEMAR: Oneraņo etorri zan? (Amorro ikaragarriaz.) ŋNon da bera?

        KANNA: Joan zan, baņa emen ere bere zarpa bota zuan. Jaun agurgarria, galdetu zaiozu zeuk Bramatar aundiari. (Eztenka.) Galdetu zaiozu nor zebilen berakin orain dala bi ilargi, Bisnaga bidean. Galdetu zaiozu, zer zigorkada bialdu dion Xiba jainkoak, arrezkero goibel eta keskatsu ibiltzeko.

        ABUL-BEMAR: Zer diozu, bramatarra? Bisnu zoriontsuak daki, ulertzen ez dizutela zer esan nai dezun.

        KANNA: Neuk ere ez nuan sinistuko, neure begiak ikusi ezbalute! Neuk, neure bi begiaz ikusi nuan gure apaiz nagusi Bisba Mithas, bere atzetik atera nitzan gau batean, basoan, Bisnagaruntz dijoan bide alboan. Jantzi belzdun arek geure izkuntzan itz egiten zion erlijio arrotz baten gaian; eta berari, gure bramatar aundiak, agur egiterakoan, belaunikatu ta eskuan muin egin zion arrotz arlote ari; ta ordutik ez dauka ardurarik eta leirik gure izundegi onentzat. Beti buruz bera dabil, gugandik igesika, ta bein edo bein parre egiten badu, gure jaungoikoai ta guri iseka egiteko izaten da... O Bisnu, jainko tzar indartzua! Zer madarikapen erori da izundegi onentzat, zure begi ņiņien argia dan izundegi goragarri onentzat? (Aterpetik ateratzen da garai onetan, txit astiro, Bisba Mithas bramatar aundia. Guzarath-eko atiargidun lepallu txit aberatsa jantzirik darama, bere apaiz-soņeko zuri ederrean zoragarrizko apainduria egiten duala. Bere aginpide ta buru zaigoaren (izatearen) ezaugarria da. Buruauspen sakonak eragindako simurrez ilundua dauka bere bekokia. Bisba Mithasek Kannaren azkeneko itzak entzunaz eldu da ta eztenkadaz erantzuten dio.)

 

 

BOSTGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak eta Bisba Mithas

 

        BISBA MITHAS: Gogaikarrizko madarikapena.

        KANNA (Bisba Mithas ustekabe artan agertzen da, eskuak bular gaņean gurutzetu ta buru-makurtze aundi bat egiten du.)

Erakusten dutenen Irakasle Jaun aundia.

        BISBA MITHAS: Sinistu zadazute: India doneko irureun jainkoak zartuak eta igaztuak daude. Aita Brama gogaiturik dago berakin, eta berak irunsteko gogoaz aoa irikirik dago. A zer bazkaria, e? Zer derizkiozu, pakir? Zure ipuiak nori esanik ez daukazula geldituko zera laister.

        ABUL-BEMAR (Bere abots zarrak dardar egingo du indiar purrukatu baten gorroto miņez.)

Beltzak dira zure itzak, itsas-ugartetik datozen bele zarrak bezela. Ez ditut bi aldiz entzungo, ezta Apaiz Jaun nagusiak berberak esanda ere!! (Bitartean bere esanik entzun ere Babe, Bisba Mithasek alde egiten du, txit astiro, ezkerreko gaztain zugatz artetik uresiraņo, ta andik aldegin arte berari begira dago.)

        KANNA: Sinisten al dezu orain, pakir? Ikusí al dezu nola parre egin duan jainkoakatik. (Samintasunez.) Berak..., Apaizik jakintsuenak, Bramatarren jakinduria sakondurik daukanak, Beda donean argitasuna danak... Bera jainkoen ondatzalle!

        ABUL-BEMAR: Betor, bada, beragana, jainkotzarren madarikapen eta zigorkadarik gogorrena!!

        KANNA (Gogapenetan.): Al balitz... Baņa ezin liteke, pakir. Gure Bedak zigorkada ikaragarria agindua daukate, bere eskuak Apaiz nagusiari egotzitzen dizkionantzat. Debekatua dauka bramatarra dan guztiak berari gogorrik egitea.

        ABUL-BEMAR: Baņa ez bele oiei. Berengana betor gure gorroto min onen naigurea!

        KANNA: Donea, ori oraindik eziņagoa da. Beren jainkoen buru egiten duanak laguntzen die ta beren laguntzapean dauden bitartean iņor ez da ausartuko beren kaltean ezer egiten. Eta arrotz madarikatu orreri leizbeltzeko jaun beltzak laguntzen dio. Ez dakizu zer aizerekin ibiltzen dan joan-etorrian Bisnaga bidean. Angallu arrigarri bat omen du beragana datozen guztiak liluratzeko, ta ala izan bear noski, sube ta basapiztiz beteak dauden basabeltz oietan barruna ezeren bildurrik gabe ibiltzeko; Bisba Mithas jakintsua bera ere azkenean bere mendera eramateko.

        ABUL-BEMAR: Eta zer? (Amoroaz.)  Ori ta geiagogatik ere koldartuko zera? Ah, nere bizitzako egun auen lotsakízun gorria! (Goi-gora jasotzen ditu bere beso luzeak. Bere burua begi gandotuakin zutitzen du dardar eta gorotoz.) Emandako itz doneak lotuko ezpaninduke eriotza arteraņo emen egotera, oraindik, eunda zortzi eguzkik berotu duten nere buru onek, arrituko luke gizadia bere asarre ta gorroto berdingabeaz. Eta errukarriak Tribalaorreko bramatar eta Indiako Apaiz Nagusi guztiak ere, Bramaren izen eta omen zabaltzalearen aurka jarriko balira! Ai, orduantxe gezurtzalle ta ziņausleak! Ai, errukarria bele zar madarikatu ori nere atzaparretan eroriko balitzake! Onelaxe, (asarre bizian biurriturik bere jantzi zarpilak) onelaxe biurrituko nioke bere lepaezur madarikatua! (Kannak begiratzen dio pozez parre biurriaz.)

        KANNA: Bengatuko (aiertuko) gera, pakir. Ezin bagera bengatu (aiertu) leoiak bezela... tigreak, subeak izango gera. Ikusiko dezu nolako jipoia ta zigorra artuko duten! Neuk itz ematen dizut. (Pakirek, zearoko zoramenez, Kannari gogor bultzaten dio, tu aoz bera burua botarik, etorri bezela sartzen da aterpe barrura karraxi ta deadarka.)

        ABUL-BEMAR: Subeak bezela! Aita Brama, emaizkidazu begiak eta subeen miztua. (Kannak laguntzen dio ta begirunez bide egiten dio. Biak alde egiten dute.)

 

 

SEIGARREN AGERRALDIA

 

        Eskubiko gaztain zugatz artetik, Prantzizko Xabier donea, gizon goi ta zerutarra azaltzen da. Aita Prantzizko da; amar urte daramazki Indian eta bere bizitza donearen azkeneko berrogeta laugarren urtean dijoa. Bere ilea len beltz-beltza zana, bere bizar eta begiak bezela, zuritu zaio kristau-bidea zabaltzen artu dituan ainbeste nekeen bidez. Bere arpegia sukar doneaz irazekia, zeruruntz begira euki oi du ta bere begi ņiņitan argitasun arrigarri bat dauka, ta guztiak ao batez diote Aita Prantzizko ma donean dabilela. Josulaunen jantzi litsatu bat darama soņean, lepailki (cuello) luzea antxiņako eran eta gerriko beltza; ta galartsu beltz baletik zintzilika gurutze bat, galdutzat emanaz, beragatik itsas arkaitz gaņean negarrez zegoala, amar batek bere agiņetan ekarri zion gurutzea bera. Bere itza su bizia dariona da. Iņor ez da orren bidez biguntzen ez danik, berari entzun ezkero.

Diego Pereira bere adizkide leialak laguntzen dio. Bere gizakera lerdena da ta gizon ondo egiņa. Ataide'tar Albaro baņo zerbait zarrago da; baņa oraindik gizon gordiņa dago. Bekoki ta begi argiak ditu ta eginkizun aundietarako jaioa dirudi, apainduri lau antzekoaz jantzia dago, seda sotilezko apainduriz, bera bezelako salerosle aberatsai dagokion antzera. Eguterako bialdu done-zoriontsua lenengoz agertokira ateratzen dan agerraldi onetara eldutzean, arren eskatzen det, ez dezala artu Prantzizko donearen antzezlaritza egileko arazo au, berak bezela bere biotzean animen alde berotasun eta lei sutsua somatzen ez duanak. Bere itzauskera, bere erak, bere arpegiaren azalkera ta bere izate guztiana, agerraldiko goialdirik aundienean ere zerutar baretasun eta sendotasunezkoa izango da. Ez da ikusiko azalkera gogorrik, estuasun geiegirik ez itzetan eta ez egitetan ere, Jaungoikoarekin bat egiņik dabilen anima onengan.

 

AITA PRANTZIZKO (Nekez beterik)

                Eldu gera azkenean; eskerrak Jauna!

                Bai bero dagola eguzki galdatan

                Aldapa malkar-luze orretan!

                Gorputz lotu-ezikaitz oni

                Neketsua izantzaio malkardi ori,

                Baņa animen bila suturik

                Dabilen biotz onentzat

                Ez da ezer ori, ezer ez ori.

                Nik neraman bideaz arriturik

                Onela zioten nereak bein da berriz:

                "Ez bedi joan Aita maitea

                Sube asko daude ezkutupean

                Izundegi-ko bide aldean"

                Nere bidean

                Jarraitu nuan

                Parre antzean...

                Esanaz nere aieri

                Nere biotz liluratuantzat

                Ez da ezer ori, ezer ez ori.

                Ai nere oņak artu duten

                Gaurko neke miņa

                Uztarentzat ezpalitz

                Alperrik egiņa!

                Baņa zuk

                Jaun orrek

                Uztaren Jabea zeran orrek,

                Ez nai izan oraindik makurtzea,

                Sinisgabe talde au zure mendera;

                Ez dira eguzki bero onen galdak

                Sarituko dituztenak nere neke latzak

                Beste eguzki batek argiten du, bada,

                Nere ekiņaldi sendo auen

                Azkeneko bide luze malkarra,

                Txinako eguzkia da...

                Uzta eldu ura

                Argitzen duna.

                Zenbateko edertasunak

                Ikusten ditu, Jauna,

                Nere biotzak amesetan

                Ainbeste luzeko

                Lurralde aietan!

                Banoa, Jauna, banoa!

                Baņa aurrena

                Lapurzulo onetan

                Dauden bi arditxo

                Artu artean bego.

                Banoa, Jauna, banoa;

                Etengabeko seme-taldeak

                Nere zai daude

                Or auzoko itsas ertzean.

                O ene semeak

                Au zoramen biziaz

                Amesetan ari da

                Nere biotz mamia

                Kristoren lei goritan.

                (Irazekirik.)  

                O ene Txinako semeak!

                Kristo'ren seme maite-maiteak!

        (Izundegian burrunda entzuten da ta Diego Pereirak Aita Prantziko zuzpertzen du bere zoramenetik.)

 

        DIEGO PEREIRA: Ez da au leku egokia itxoiteko. (Alde guztitara begiratzen du ta azkenean asieran erten ziran lekutik joatera erabakitzen da. Ezkuaz erakutsirik) An badaukagu itzalpea, zugatz aundi aren adarpean. (Bijoaz.)

 

Garapena: Dijitalidadea SL