Pello
Esnal

1950 (Andoain)

Egile honen
beste liburuak

NOBELA

Nada de agua en Madrid

1997, BBK-Euskaltzaindia

BERTSOA

Itzuliko naiz

1995, Sendoa

BIOGRAFIA

Manuel Olaizola Uztapide

2007, Bidegileak

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Malkos

1990, Elkar

Nabukodonosor

1991, Elkar

Zazpi kolore ditu ostadarrak

1991, Erein

Txukunago ibiltzen da kostako trena

1992, Bruño

Xaxpi

1993, Desclée De Brower

Pello Errota

1998, Sendoa

Txirrita

1998, Sendoa

Salomondarrak

1999, Ibaizabal

Otsogorritxo

1999, Ibaizabal

Egundokoa haiz, Segundo!

2005, Erein

Kutun kutuna

2005, Bruño

Azeri-zuloa

2001, Elkar

Bat

 

        Fraile triku batek zabaldu zuen egurrezko ate astun hura. Hain zen ate handia eta baldarra. Fraile trikuak sotana beltza zeraman soinean, herriko don Pedro apaizak baino dotoreagoa. Eta txipi-txipiak zituen begiak: trikuak bezalakoak. Eta txipiagoak ematen zuten betaurreko lodi haien atzean. Eta trikuaren arantzak ziruditen haren buruko ile zuri bezain tenteek. Baina haren eskuek kezkatzen ninduten. Eskerrak hutsik zituen.

        —Egun on —esan zien, eskua eman eta betaurreko lodien atzetik begiratuz, hara eraman ninduten bi polizia mutur-beltzei—. Sartu, sartu.

        —Ez, frai Bizente.

        —Gaur presaka gara, zuzendari jauna. Hau utzi eta bagoaz.

        Neu nintzen «hau» hura.

        Danbateko izugarriaz itxi zuten egurrezko atea. Mila puska egin zen oihartzuna. Bakar-bakar-bakarrik utzia ninduten ia ilunpean, frai Bizente zuzendari jaunarekin, hainbestetan aipatu zidaten etxe beldurgarri hartako ezkaratzean.

        —Azkenean, erreformatoriora eramanen haute, erreformatoriora, erreformatoriora... horrela segitzen baduk, ume gaiztoa izaten, gaiztoa izaten... Eta, han, burdinazko bola beltza erabili beharko duk hankatik arrastaka, arrastaka... presoek bezala. Eta fraile demonio batzuek, ikusiko duk, ikusiko duk... eskuan zigorra dutela zuzenduko haute, zuzenduko haute...

        Baina frai Bizente hark, behintzat, ez zeraman zigorrik eskuan.

        —Goazen gora —agindu zidan zumea bezalako ahots harekin.

        Goizean, bestelako gozotasunaz hitz egina zidan amak, negarrez hasteko zorian.

        —Zabiltza zintzo.

        Barrura sartu nintzenean, ez zitzaizkidan begiak lausotu.  Lasai sumatzen nuen neure burua. Aza egosiaren usainak betetzen zituen zoko guztiak.

        —Zatoz nirekin, Antonio.

        —Ni ez naiz Antonio. Ni...

        Ez zidan jarraitzen utzi.

        —Paperean Antonio esaten du. Eta hemen Antonio izanen zara.

        —Baina, frai Bizente... —saiatu nintzen fraile triku hura limurtzen, amarekin egiten nuen bezala.

        —Hemen, paperek agintzen dute. Ondo ulertu al duzu, Antonio?

        Burua makurtu nuen.

        —B... barkatu, frai Bizente, baina begiak lausotzen hasi zaizkit —esan nion ia.

        Isilik gelditu nintzen, ordea. Don Mateoren hitzak gogoratu nituen:

        —Hobe duzu isilik egotea, totelka jardutea baino.

        Eta isilik jarraitu nion frai Bizenteri, eskaileretan gora. Ordurako, nabarmenagoa zen lejia-usaina aza egosiarena baino. Eskuan neraman, zintzilik, etxetik ateratzean amak emandako poltsa erdi hutsa.

        —Zaindu itzazu ondo. Hauek besterik ez dauzkazu.

        Lehenengo pisuan, bi ikasgela ikusi nituen ezkerraldean, kristalezko leiho handiekin. Biek, kanpotik, herriko eskolakoek baino askoz ere handiagoak ematen zuten, eta argiagoak. Batez ere, argiagoak.

        —Zenbat aldiz esan behar dizuet argia pizteko? —gogoratu nituen don Mateoren hitzak.

        —Segi gora —astindu ninduen zumezko ahots zorrotzak.

        Bigarren pisuaren sarreran gelditu ginen, beste ate tzar baten aurrean. Frai Bizentek ireki orduko, atzeraka eragin zidan korridore luze haren ilunak. Filmetan ikusitako kartzelak etorri zitzaizkidan gogora. Eta berriro ere don Mateoren hitzak:

        —Horrelakoetan, hobe duzue atzera egitea.

        Frai Bizenteren gorputzak gelditu ninduen, ordea. Ez neukan atzerabiderik. Amesgaiztoa zirudien: atzera egin nahi eta ezin.

        —Segi aurrera, amaieraraino. Han duzu logela.

        Bat, bi, hiru... Ate asko utzi genituen alboan ezker eta eskuin, ia korridorearen azkeneraino iritsi baino lehen. Ate ilunak ziren denak, eta leihatila karratu eta txipi bana zeukaten goialdean, kristal batekin. Korridorearen amaierako eskuinaldeko ateak, berriz, handiagoak eta zabalagoak ziren. Atzera eragin zidan hango pixa-usainak ere.

        Ezkerraldeko ate bat zabaldu zidan zuzendariak: azken-bigarrena.

        —Hauxe izango duzu gela, Antonio.

        —B... baina, frai Bizente —esan nahi izan nion. Txipia zen gela. Ohea eta armairu txipi bat zeuzkan. Eta leihoa, burdinsarearekin. Herrian, ez nion inori burdinsarerik aipatzen entzun.

        —Utzi armairuan zeure gauzak, txukun gero! Eta zatoz nirekin.

        —B... baina, frai Bizente... —toteldu zitzaidan hitza.

        —Etortzeko esan dizut. Bazkaltzeko ordua da.

        Erabat lausotu zitzaizkidan begiak. Itxi egin behar izan nituen amorru biziz. Izan ere, don Mateoren hitzak ez baina, amarenak etorri zitzaizkidan gogora. Nola gosalondoan esan zidan:

        —Bota hauek eguneroko dituzu. Txarolezko zapata berri hauek, ostera, igande eta jai handietarako. Orain, hara joateko, jantz itzazu berriak. Eta, iritsi bezain pronto, aldatu eta botak jantzi. Zaindu itzazu ondo.

        Eta poltsan sartu zituen botak, beste gauzekin batera.

        —Bai, ama. Ondo zainduko ditut zapata berriak.

        Baina ezin izan nuen bete amari emandako hitza.

 

        Frai Bizentek jangelara eraman ninduenean, nigan josi ziren hango begi guztiak: mutilenak eta mahai nagusian zegoen gizonarenak. Berehala jakinen nuen zenbat begi ziren guztira. Baina orduan askoz ere gehiago iruditu zitzaizkidan: hogeita lau begi baino askoz eta askoz gehiago. Denak niri begira, zer ikusiko. Neureak jaitsi eta mutilen hanketara zuzendu nituen. Ez. Ez zeukaten burdinazko bola beltzik, filmetako presoek bezala. Mahai nagusitik jaikitako gizon hark ere ez zeukan zigorrik eskuan.

        Frai Bizentek haren aurrera eraman ninduen.

        —Frai Maximo, han da mutil berria. Antonio du izena.

        Irribarre egin zidan frai Maximok: etxe hartan ikusi nuen lehenengo irribarrea. Ez zeraman sotanarik.

        Eta irribarre egin nion.

Garapena: Dijitalidadea SL