Pello
Esnal

1950 (Andoain)

Egile honen
beste liburuak

NOBELA

Nada de agua en Madrid

1997, BBK-Euskaltzaindia

BERTSOA

Itzuliko naiz

1995, Sendoa

BIOGRAFIA

Manuel Olaizola Uztapide

2007, Bidegileak

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Malkos

1990, Elkar

Nabukodonosor

1991, Elkar

Zazpi kolore ditu ostadarrak

1991, Erein

Txukunago ibiltzen da kostako trena

1992, Bruño

Xaxpi

1993, Desclée De Brower

Pello Errota

1998, Sendoa

Txirrita

1998, Sendoa

Otsogorritxo

1999, Ibaizabal

Azeri-zuloa

2001, Elkar

Egundokoa haiz, Segundo!

2005, Erein

Kutun kutuna

2005, Bruño

Salomondarrak

1999, Ibaizabal

ATARIKOA

 

        Dar-dar ditut eskuak. Dar-dar, luma eta mahaia eta gorputz osoa. Ez; gorputz osoa, ez. Bihotza ez dut dardarka; taupaka baizik. Izan ere...

        Badakit heriotzarekin ari naizela jolasean. Baina hartua dut erabakia: den-dena kontatuko dut, hasi eta buka, gertatu zen bezalaxe. Horixe baietz!

        Nahikoa itxaron dut bestela ere. Bai baitira ia hogei urte hura gertatu zela. Errazago esaten da sinesten den baino. Atzoko kontua baitirudi, atzoko kontua dirudienez!

        Atzoko kontua baina kontatu ezina, arraioa mila demoniotan! Hartua dut erabakia, ordea. Eta zerbait izan banaiz, horixe izan naiz neure laurogei urtetan: kaskagogor amorratua. Eta, jakina denez, zenbat eta zaharrago hainbat eta gogorrago: lepagogorrago, gerrigogorrago, belaun-gogorrago, eta egoskorrago eta kaskagogorrago.

        Gainera, gainera... Heriotz zigorra ematen didatela? Ez didate dagoeneko urte askorik lapurtuko. Zenbat, ba, oso goitik jota ere? Berrogei ez, behintzat.

        Hala ere, ez nago lasai. Bai zera! Nola egongo naiz, ba, lasai? Nireak baino gehiago balio bailezake zure biziak, irakurle ausarta. Zure bizitza ere arriskuan baitago nirearekin batera. Denontzat baitago ezarria heriotz zigorra: orain dela ia hogei urte gertatutakoa idazten dutenentzat ez ezik, baita irakurtzen dutenentzat ere!

        Baina nik hartua dut erabakia. Eta behin hartuz gero, ez dut inola ere atzera egingo. Zuk, berriz, irakurle... Zerorrek ikusi zenbaiteraino maite duzun zeure bizia. Zerorrek atera kontuak zenbat urte gal ditzakezun, apustua galduz gero. Eta zerorrek erabaki. Baina aurretik ondo gogoan hartu aspaldian gizon jakintsu batek esana: ez dagoela heriotzatik ihes egiterik, aurre eginez ez bada.

        Nik hartua dut erabakia. Eta den-dena kontatzera noakizu, hasi eta buka, gertatu zen bezalaxe. Dar-dar ditut eskuak, heriotz zigorraren beldur. Baina taupaka bihotza, aspaldiko madarikazioa txiki-txiki egiteko itxaropenetan.

        Lagunduko al didazu?

LUMAS

 

 

1

        Urtero bezala deitu zion Salomon jaunak Adarras zaharrari, honek bere zazpi bando-joleak lanean jar zitzan.

        —Azkar. Mugi. Zabal dezatela deia. Herritar guztiak nahi ditudala bihar eguerdian jauregi aurrean: gizon eta emakume, atso eta agure, zahar eta gazte.

        —Bai, jauna. Nire kontu, jauna.

        Eta urtero bezala baldar-baldar eta zalapartaka irten zen Adarras zaharra Salomon jaunaren gela nagusitik, "bai, jauna" eta "nire kontu, jauna" errepikatuz. Bai baitzekien zer esan nahi zuten Salomon jaunaren hitz haiek. Eta urtero bezala luze jo zuen adarra Adarras zahar bezain baldarrak, Salomon jaunaren jauregiko dorre nagusira baldar-baldar eta zalapartaka igota. Arnasestuka geratu zen oihartzunaren zain. Buruari eragin zion, hura entzunda. "Gero eta ahulagoa da nire adar-deiaren oihartzuna" esan eta baldar-baldar eta zalapartaka abiatu zen eskaileretan behera.

        Bere gelan sartu eta zain geratu zen berriro ere Adarras zahar bezain baldarra. Bere zazpi bando-joleen zain.

        Eta urtero bezala ehiztarien bando-jole azkar-azkar-azkarra iritsi zitzaion aurrena ate joka. Azkarrena zelako baitzen, hain zuzen, urruti-urruti-urruti bizi ziren ehiztarien bando-jolea.

        —Zure esanetara, Adarras.

        —Ongi etorria, gaxtetxo. Zoaz eta esaiezu ahalik eta ehiztari gehienei: "Salomon jaunak deitzen dizue. Bihar eguerdi-eguerdian jauregi aurrean nahi zaituzte. Utzi behingoagatik ehiza eta jaitsi hirira".

        Sartu bezala irten zen bando-jole azkar-azkar-azkarra, Adarras zahar bezain baldarraren gelatik: tximistaren pare. Eta tximistaren pare jarraitu zuen aurrera, urruti-urruti-urrutiko ehiztarien bila. Eskailerak zazpinaka jaitsi, jauregitik irten, kale estu, bihurri eta meharrak zeharkatu, harresira iritsi, ate nagusitik irten, nekazarien baserriak eta artzainen bordak atzean utzi eta utzi...

        Artzainen bando-jole azkar-azkarra zuen hurrena Adarras zahar bezain baldarrak ate joka. Azkar-azkarra zelako baitzen, hain zuzen, urruti-urruti bizi ziren artzainen bando-jolea.

        —Zure aginduetara, Adarras.

        —Ongi etorria, gaxte. Zoaz eta esaiezu artzain guztiei: "Salomon jaunak deitzen dizue. Bihar eguerdi-eguerdian jauregi aurrean nahi zaituzte. Utzi behingoagatik artzantza eta jaitsi hirira".

        Sartu bezala irten zen bando jole azkar-azkarra, Adarras zahar bezain baldarraren gelatik: geziaren pare. Eta geziaren pare jarraitu zuen aurrera, urruti-urrutiko artzainen bila. Eskailerak seinaka jaitsi, jauregitik irten, kale estu, bihurri eta meharrak zeharkatu, harresira iritsi, ate nagusitik irten, nekazarien baserriak atzean utzi eta utzi...

        Nekazarien bando-jole azkarra azaldu zen ondoren Adarras zahar bezain baldarraren gelako ate joka. Azkarra zelako baitzen, hain zuzen, urruti bizi ziren nekazarien bando-jolea.

        —Hemen nauzu, Adarras.

        —Ongi etorria, gazte. Zoaz eta esaiezu nekazari guzti-guztiei: "Salomon jaunak deitzen dizue. Bihar eguerdi-eguerdian jauregi aurrean nahi zaituzte. Utzi behingoagatik nekazaritza eta jaitsi hirira".

        Sartu bezala irten zen bando-jole azkarra, Adarras zahar bezain baldarraren gelatik: erbiaren pare. Eta erbiaren pare jarraitu zuen aurrera, urrutiko nekazarien bila. Eskailerak bosnaka jaitsi, jauregitik irten, kale estu, bihurri eta meharrak zeharkatu, harresira iritsi, ate nagusia atzean utzi...

        Eta ahalik eta azkarren ibili ziren hurrengo hiru bando-joleak ere, bakoitza bere sasoiaren arabera. Eta eskailerak launaka, hirunaka eta binaka jaitsi ondoren, jauregia atzean utzi eta hirian zehar banatu zuten Adarras zahar bezain baldarrak esana, harresitik irten gabe:

        —Salomon jaunak deitzen dizue. Bihar goizerdian jauregi aurrean nahi zaituzte. Utzi behingoagatik eguneroko lana eta bildu jauregira.

        Eta, azkenik, zazpigarren bando-jolea sartu zitzaion Adarras zahar bezain baldarrari gelan, batere aterik jo gabe, adin beretsuko izateak ematen duen konfiantzaz. Eta beti bezain zakar mintzatu zitzaion:

        —Zer duk, Adarras, adar joka?

        —Ez haiz berehalakoan azaldu, alajainkoa, agure zimel hori!

        —Zozoak beleari: "ipur-beltz!".

        —Ez gaituk berriro hika-mika hasiko. Hoa eta esaiek jauregi inguruko guzti-guzti-guztiei: "Salomon jaunak deitzen dizue. Bihar goizean goiz jauregi aurrean nahi zaituzte".

        Sartu bezala irten zen bando jole aguretua, Adarras zahar bezain baldarraren gelatik: barearen pare. Eta barearen pare jarraitu zuen aurrera, jauregi inguru-minguruko gizon eta emakumeen bila. Eskailerak banaka-banaka jaitsi eta neke handiz bete zuen Adarras zahar bezain baldarraren agindua.

        Hala hedatu zen egun hartan Salomon jaunaren deia: tximista, gezi eta erbiaren pare harresiz kanpoko zabaldi basatietan; abere nekatuen pare harresi barruko zoko-moko zaratatsuetan; eta barearen pare jauregiaren inguru-minguru misteriotsuetan.

        Bai. Barearen pare iritsi zitzaidan deia: Salomon jaunaren agindua: bihar eguerdian jauregi aurrean biltzeko, ohizko lanak utzita.

        Ondo asko nekien aginduak niretzat esan nahi zuena: urtero bezala begiak zorroztu beharra, biharamunean zer gertatuko zen ikusteko; eta luma zorroztu beharra, zorrotz ikusia zorrotz idazteko.

        Eguzkia bere betiko martxa pausatuan ezkutatu zen; eta ilargia bere ohizko pikardiaz jarri zelatari uda hasi berriaren zeru izartsuan. Hala utzi nuen oheratu nintzenean.

 

Garapena: Dijitalidadea SL