Gari
Berasaluze

1975 (Getaria)

Egile honen
beste liburuak

POESIA

Azaro urrunetako intifadak

1996, Elkar

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Bobbyren hauspoa

1999, Ibaizabal

Tulipa gorriak

2002, Txalaparta

Elurra ezin da erosi

2007, Txalaparta

Elkano, itsasoak emandako bizitza

2008, Txalaparta

Mundua sagar bat da

 

      Munduko zazpi itsasoetan barrena ibili eta sorlekura itzultzea da Getaria. Eta arrain errearen usaina. Lisboa euritsua euskal kostaldean. Senegal, Errumania, Kuba eta Argentina berriak gure artean. Haurrak portuan bainatzen. Hondartza. Zure larrua eguzkiari begira. Sareak. Harri bihurtutako balea. Elizako kanpaiak. Surflariak itsasora sartzen. Arrantzaleak itsasora ateratzen. Kresalaren izaretan bildutako kaleak. Izar gorriak dituzten itsasontziak. Teilatuak. Aldapak. Katuak. Tabernak. Batelak. Hori dena da Getaria. Munduari itzulia eman dioten marinelen herria. Itsasoak emandako maitalea. Noizbait itzuliko direnen azken portua.

 

      Beharbada horregatik miretsiko dute Joan Sebastian Elkano getariarrek. Itzuli egin zelako. Bi estatua ditu herrian, eta monumentua, eta kalea. Batzuentzat, ez da harritzekoa. Duela bostehun urte, munduari buelta eman eta abialekura itzultzea lortu baitzuen marinel hark, mundua zabala eta arrotza zen garaian.

 

      Sasoi hartan, Portugalek eta Gaztelak, mundua bi zatitan banatzea erabaki zuten, sagar bat balitz bezala, bakoitzak bere zatia nahi zuen moduan irentsi ahal izateko. Bi zatietan lurralde eta uharte ezezagunak zeuden, eta haietan espeziak, elikagaiak, esklaboak edo-ta urrea eskuratzeko, bidaia handiak antolatu eta egin zituzten itsasoetan barrena.

 

      Espainia hegoalde-tik 1519an atera eta abialekura 1522an iritsi zen europarrentzat ordura arteko bidaia handiena izandakoa. Bost itsasontzi eta 265 lagun abiatu ziren, eta hiru urteren buruan itsasontzi bakarra  itzuli zen, espeziaz beteta,  bizirik irautea lortu zuten 18 marinelekin, Elkano kapitainaren aginduetara. Eguzkiaren atzetik beti sartalderantz nabigatuz, itsasoak zeharkatu eta munduari buelta osoa eman zioten. Elkanorekin iritsi zirenen artean, beste hiru euskal herritar zeuden: Joan Akurio, Joan Arratia eta Joan Zubilleta, Bermeo, Bilbo eta Barakaldoko marinelak, hurrenez hurren.

 

      Oihartzun handiko bidaia izan zen hura garai hartan. Batetik, Amerika zeharkatzeko eta mendebalderantz aurrera egiteko modua aurkitu zutelako. Bestetik, bide hari segika espeziaz betetako Moluka uharteetara iristea lortu zutelako eta, azkenik, eguzkiaren norabide berean nabigatuz, abialekura itzultzen asmatu zutelako. Bidaia hark, beraz, europarrentzat ezezagunak ziren bideak zabaldu zizkion merkataritzari eta zientziari.

      Itzuli zirenen begiek isilpean oihukatzen zuten sekretua.

 

      Mundua sagar bat da.

Garapena: Dijitalidadea SL