Gari
Berasaluze

1975 (Getaria)

Egile honen
beste liburuak

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Bobbyren hauspoa

1999, Ibaizabal

Tulipa gorriak

2002, Txalaparta

Elurra ezin da erosi

2007, Txalaparta

BIOGRAFIA

Elkano, itsasoak emandako bizitza

2008, Txalaparta

Azaro urrunetako intifadak

1996, Elkar

Berasaluzeren poemak argi samarrak dira, euskal poesian azkenaldian idatzi diren zenbait liburu baino argiagoak, noski. Hizkuntza denotatiboa da, ez dago metafora handirik, nahiko lineala da. Esaten duena esaten du eta horrela ulertu behar da. Hala ere, poemaren eraikuntza da harrigarrien egiten zaiguna. Irudien pilaketa baitago, eta nagusiki erreferentzia multzo gutxiren inguruan: trenak, elurra, tristura, esango nuke.

Poetak bere tristura adierazteko asmatzen dituen hitzak dira liburu honetan datozenak. Tristura mozorrotzeko, tristura bihotzaren barrunbean gordetzeko ahaleginean. Amodioa, lehen pertsonan hori ere; mina, dolorea, eremu nahasi eta zabal batean. Oso lirikoa aurkitu dut liburu osoa, oso sentimentala, oso..., ez dakit nola esan. Sentipenen eta sentsazioen poesia da. Bizia eta sarkorra.

Felipe Juaristi (El Diario Vasco, 1997-03-28)

bi lur bi taupada bi itsaso

luzatu ditugu sarajevo bihotz setiatuetan

gauez ihesten diren trenak entzunaz

nola negarrak amodio gutunetan soldadu

hala elurraz poetak kondenatuz

abenidak paisaia hilak diren zuhaitzak

udazkenak zenbatu apatrida inbentarioetan

no time for love botaka leihoetatik

goizaldean iristen dira aspaldian

malkoen kargamenturik handienak

esperantza zulatzen bala bat

bi lur bi taupada bi itsaso

 

*

 

teilatu hauen lisboa naiz kale bustiak

akorde zure taupaden euripean

zuhaitzak arratsaren hautsontzi bihurtuta

kaioak tulipanen garaian itzultzen dira

itsasoz bidaltzen dituztela ekipaiak

behin ahaztu genituen erresumak bezala

zer da esperantza ziutate anonimoetan

gauari amodioa egiteaz beste

euskal herriaz nahi genuke sorgindu

hildakoentzat askatasunaren antologia.

 

*

 

balak eta lau udazken

bere eleak eta bele erreak

orbel eroriei ukabilen kantua

abesten bizirik hildakoen herri bati

basamortu ilunetan zapi odolduak

malko lehortuak metrailazko arratsez

amorrua eta indarra

harria eta fusila

 

balak eta lau udazken

 

irailaren esperantoa ordu biluztuen errautsetan

poema desterratuak

eta izarren hautsa teilen zineman

biok ikasiz ametsen fonetika

mintzatzeko lanbroaren helbideaz

denborak abandonaturiko hoteletan

hirurehun eta bat taupada

elurraren bularretan urkatu

eta elkarren bazterretan bozkatu

zuri

 

balak eta lau udazken

 

eta sutan iraunen diten hiriak eta hire musuek.

Garapena: Dijitalidadea SL