Gregorio
Arrue

1811 (Hernani)
1890 (Zarautz)

Egile honen
beste liburuak

ERLIJIOZKO PROSA

Brabanteco Genovevaren bicitza arrigarri miragarria

1882, Tolosa

Ez naiz holako gomendioak egiten lehena, baina hala ere egin egingo dut: idazten edota hizkuntz ezagupenak sakontzen zabiltzatenok on zenukete (genuke) klasikoak irakurtzen jartzea, eta Santa Jenobebaren hau ez da hasteko aukerarik txarrena. Ea bide batez txintxotzen zareten!

Xabier Mendiguren Elizegi (Argia, 1988-01-17)

Irugarren burua
Jenobeba errugabe salatua

 

        Kondea joan zanez geroz Jenobeba bere jauregian bakardaderik andienean bizi zan. Egun sentia agertzen ez al zan, bere leiaurrean jarrita bordatzen zituen loreen gaņera malko goriak ixurtzen zituen. Mezako ezkilla aditu orduko bere oratoriora lasterka joan, eta biotz guziz irazekiaz bere senarraren osasunagatik erregutzen zuen. Eliz-gauzak zirauten bitartean bere jarlekua iņoiz ere utsik ikusi etzan; eta leku artan bertan, gauerdi-aldean ere, ordu osoak igaro oi zituen. Ingurumaiko baserrietako neskatx guziak bereganatu, eta ardatzean, josten eta gaņerako gauzak egiten trebatzen zituen bitartean, erakutsi on eta kondaira miragarriak kontatzen zizten. Nola aurtxo zanetik gaxo eta beartsuen aņ adiskidea baitzan, onelako guziai ama egiazkotzat serbitzen zien. Jenobebak lana, eta lanarekin irabazia ematen etzion beartsurik inguru artan etzan; eta norbait gaizkitu orduko, hura ikustera bereala an zan; eta bere hizketa gozatsu, eta eskuerakutsi ugariakin oien neke-trabajuak arintzen zituen. Gauetako bere arazoa liņoa irutea oi zan; eta iņoiz edo berriz bere gelako leiaurrean illargitan eseri, biolintxo bat artu, eta kanta onen bat kantatzea. Gauza guzietan zuzen eta garbi, esamesa-biderik iņori ere eman gabe, eta iņor ofenditu gabe bizi zan.

        Kondeak bere ondasun guzien kontua utzi zion maiordomoari zeritzaion Golo. Gizon aun guziz ondo-hitzegiņa, ondo azia, fiņ-usaikoa eta bere hitz leun eta losentxakin mundu guzia engaņatzen zekiena zan; baņa denbora berean konzienziarik eta Jaungoikoaren beldurrik-gabea; berekoia eta gauza guziak bakarrik bere onagatik egiten zituena. Etzuen begiratzen egitera zijoan gauza ona ote, edo gaiztoa zan; baizik irabazi edo atsegiņen bat emango ote zion ala ez. Kondea irten ez al zan, bertatik abiatu zan guzien Jaun eta nagusi izaten. Kondea bera baņo areago apainduta, jan-edan ase bete eta jateketa andiak ematen abiatu zan; egunean jostaketa berriren bat somatzen zuen, eta nagusiaren izanak onela ondatzen zituen. Bestera berriz nagusiaren lengo serbitzari guziak guziz gogorki artzen zituen, langilleetaraņoko guziai beren alogerak murrituaz, eta iņongo beartsuri limosna bat egiten ez utziaz Arteraņo bakarrik Jenobebari begiramentu andia agertzen zion eta oni gogoko zitzaiona egiteko zer egin etzekien. Jenobebak beti itzal eta anditasunarekin hitzegiten zion, eta hitz-ase bat egiteko lekurik beņere ematen etzion; eta onela beti bere neurri eta mugaan zedukan. Golok lenengotik Jenobebari obeditzen ziolakoa egiten zuen, eta bere argaltasuna ezagutu etzekion, egiņal guziaz saiatzen zan. Golo ezarian lotsa austen abiatu, eta geroenean aņ lotsagabetu zan, non emakume prestu bati egin al litzaiokean pretensiorik lotsagarrienak Jenobebari egiteko ausardia izan zuen. Jenobebak aserre bizian sartuta, arentzat ordu gaiztoan beregandik bota zuen; baņa Golok, bere etxekoandrea gorrotatzen ordutik abiatu, eta au galtzeko asmo eta bideak artu zituen.

        Jenobebak Gologan gauz onik etzekusanak bezela, Kondearentzat karta bat eskribatu zuen, Golo nolakoa zan, eta onek zeņ aldi gaiztoa eman zion agertuaz, eta azkenean erregutuaz, gizon galgarri hura andik urrutira aiena zezala. Kondearen koziņari gizon guziz on eta prestuak Goloren txatarkeriak galerazteko egiņal guziak egiten zituen. Koziņari onek, zeņa baitari zeritzaion Drako, kart hura bere konfianzako persona baten bidez Kondeari bialtzea, bere kontura artu zuen. Ordea au ere Golo askojakiņak jakin zuen. Jenobebak Drakori karta eman zion unean bertan Golok, ezpata bat eskuan zuela Jenobebaren gelara sartu, eta onen aurrean bertan Drako tristea bere arekin josi eta hillotzik utzi eta deadartzar bat egin zuen. Deadar artara etxeko guziak itsumustuan etorri, ta Kondesa izuaren izuz hilla zirudiela, hitzgabe, silla batean jarrita, drako berriz guzia odolez bustita, Jenobebaren oņetan hillozturik; eta Golo asma al guziak Kondesaren kontra esaten arkitu zituzten. Golok bereala gezurrezko asmazioz betetako karta batzuekin Kondeari mandatari bat bialdu zion; Jenobeba emazte desleial, gaizto, infame deshonragarritzat salatuaz; eta gaņera etxekoandre au gaztelu artako ziegarik izugarrienean sar zezatela, berak berez agindu zuen.

        Golok bere nagusiaren berri ondo zekienak bezela, ezagutzen zuen, Kondea zuzen, errukitsu eta prestua zala baņa prenda eder oien artean zakar-aldi eta supitoko aserreari leku ematen ziona; eta ala, karta ayek ikusita bere esposa berealaxe hill zedilla aginduko zuela, seguru zegoan.

Garapena: Dijitalidadea SL