Joxean
Agirre

1949 (Azpeitia)

Egile honen
beste liburuak

NARRAZIOA

Lehen triptikoa

1986, Durangoko Udala

NOBELA

Longa kapa beltza

1984, Haranburu

Elgeta

1996, Kutxa Fundazioa

Osaba Txirrita

1998, Bertsolari

Romain zen bere izena

2003, EEF-Elkar

La lutte finale

2008, Elkar

Gizon bat bilutsik pasiloan barrena

1991, Elkar

        Esplikatu diet behin eta berriz eta uste dut konprenitu dutela, ez dudala ezer ikusi eta are gutxiago entzun, ze gripe zital batek nuen belarri bakarra hondatu zidanetik, ez baitut kasik ezer entzuten, audifonoarekin ez bada eta audifonoa kendu egiten baitut lo egiteko erlojuarekin batean.

        Horregatik, goizeko turnoko kamarerak pasiloan barrena odol arrastoa deskubritu eta bere herioan txilioka mundu guztia esnatu badu ere, nik lotan seko segitu dut eta dezente beranduago esnatu banaiz, hoteleko alarma jeneralari eman diotelako izan da, ze ez baitago ohe-buruan bertan jotzen duen sirena etengabeko hori entzungo ez duen gorrik.

        Loaren sareetan katibu oraindik, altxatzen hasi naizelarik, sartu dira atea bota beharrean ertzainak gelara eta ez didate utzi arropak jazten ere eta, bilutsik, toaja batekin ozta ozta estalirik, atera naute pasilora.

        Han zeuden beste guztiak hormaren kontra zutik, albornoz beroetan abrigaturik batzuk eta pijama txukunekin besteak. Ni bakarrik egon naiz, horrela, bi ordu luzez, besteak ez bezala, pasiloko korrontean, eta nengoen egoeran galdeketari uko egitea hobe nuela pentsatzen ari nintzen, guztiz nerbioak hartuta bait nengoen, ertzain batek, erdi bilutsik nengoela jakinda ere, deklarazioak egitera eramateko eskua bizkarrean jarri didanean. Ez dakit zuzen zer gertatu den, baina nere onera itzuli naizenean, pasiloan itxoiten zeudenak ertzaina lurretik altxatzen ari ziren eta galdeketa gelara sartu nautenean, hilarekin bezainbat kezkatu dira uniformea baldresturik zeraman ertzain horrekin.

 

        Nik behin eta berriz esan diet eta uste dut konprenitu dutela, ez dudala deklaraziorik egingo, harik eta alkohol trago bat eman diezadaten arte. Ez diot komisarioari esplikatu baina, baldintza normaletan eguerdia arte edaten ez badut ere, gaur bezala, nerbioak nitaz jabetzen direnean, ni ez naiz neu eta horrela nagoenean edozein fantasia konta bait diezaieket, nik bakarrik bait dakit nolakoa naizen kontrolik gabe hitzegiten hasten naizenean, isildu nahi eta ezin isildu.

        Bien bitartean oraindainokoan esandakoa errepikatuko diet, nik ez dudala ezer entzun eta are gutxiago ikusi, ze zalapartaka gelara sartu diren arte lo bait nengoen, ertzainek berek ikusi duten bezalaxe.

        Ez dut soportatu inoiz, jantzita nagoenean ere, inork eskuarekin bizkarrean ukitzea eta are gutxiago, noski, bilutsik nagoenean. Abertitu diot ahalik modurik onenean deklaratzera ninderaman ertzainari, baina alferrik izan da. Are gehiago esango nuke, uste dut bigarren aldiz, atentzioa deituz, mesedez eskua gainetik ken ziezadala eskatu diodanean, insistentzia puntu batekin berariaz bezala jarri didala eskua sorbaldan. Nik badakit zer diodan. Eskua pausatu baino gehiago, laztandu egiten nauela esango nuke, eskua mugitu gabe laztandu eta gizonezko baten ukiturik ez dut nik soportatzen, edo, bestela esan, nere onetik ateratzen naute. Lekukoek, pasiloaren hormaren kontra begira zeudenek, deklaratu dutenez, bi eskuekin ertzainari bularrera apuntatu eta disparoak egin omen dizkiot lehenik, armarik gabeko disparoak noski, eta gainera oldartu omen natzaio segidan.

 

        Ni ez naiz ezertaz gogoratzen, baina guzti hau egia izan daiteke, ze nere onera etorri naizenean, ertzaina lurretik altxatzen ari baitzen. Nik neuk lagundu diot pistola gerrikoan jarri eta uniformea txukuntzen, inguruan begira zeudenek lurrean erorita zegoen txapela ekarri dioten bitartean.

        Jendeak ordurako gure bueltan zirkulu bat eginik zuen, pasiloaren zabalerak permititzen zuen neurrian eta ertzainek bere uniformea txukuntzen segitzen zuen, hain zinez eta arreta haundiz, ze ez zela konturatuko baldin eta nik, esplikazio gehiagorik gabe, nere gelan arropak jantzi, azentsorea hartu eta aldegin banu. Baina ez nuen aldegin eta uniformea nola lisatzen zuen begira geratu natzaio, harik eta faltrikatik painuelo zuri bat atera eta kopetako izerdia igurtzitzean bi odol tanta ikusi dituen arte. Kolpetik antzaldatu egin dela esango nuke eta une batzuk lehenago neuk eskura emandako pistolarekin apuntatuz, azkar hormaren kontra jartzeko agindu dit deiadarka, eroturik bezala eta honela egon dira besteak ere, hormaren kontra zutik, komisarioa agertu den arte.

        Bakardadea alkoholarekin nahasteak ez dit beti onik egiten. Egia da batzuetan alkoholak presentetik desatxeki eta problemak urrunagotik ikusten laguntzen didala, baina, besteetan, atzo bezala, burutazio absurdoetara narama. Horregatik orain, ertzainen komisarioak sarjentoaren argazkia erakutsi eta ea ezagutzen nuen galdegin didanean, zer esan ez dakidala geratu natzaio.

 

        Hotelean ekipajea utzi eta atera egin nintzen, inorako berandu eta oherako goizegi zelakoan. Jendez beteriko edaleku batera jo nuen, gauez ez baititut leku hutsak soportatzen eta barraren izkina batean eseri nintzen. Argiek beren errainu zuriskak bideratzen zituzten gunean gizon bat ari zen pianoa jotzen. Ezpainetako zigarroaren keak begiak erre ez ziezazkion begiratzen zuen gora eta su puntu gorri horrekin markatzen zituen bere lagunen sarrerak. Nik pieza apenas ezagutzen nuen, entzun ere jende asko dagoen lekuetan apenas entzuten baitut audifonoarekin, baina komodo sentitzen nintzen. Ondoan, jendartera begira, tronpeta jotzen zuen gizonak begiratzen zuen lekura zuzendu nituen begiak; bospasei emakumeren zangoak ikus zitezkeen mahai baten azpitik, musikaren erritmoa markatuz. Whiskiari lehen tragoa jo eta begiak itxi nituen atseginez. Ireki nituenerako errealitatea difuminatzen hasia zegoen eta barraren kontra ikus nitzakeen aurpegi edo kokoteak, buru horien gainetik zurrunbilo bihurriak eginez argi gorri eta urdinetarantz zihoazen ke mataza arinak bezain irrealak zirela pentsatu nuen. Emakumeen zangoetara itzuli nintzen berriro eta galtzerdi beltz beretsuetan enfundaturik ere edo takoidun zapata antzekoekin erritmoa markatuz, zein desberdinak ziren pentsatuz geratu nintzen. Nerekin bizi izandako emakume bakanei eman nien errepasoa eta nerekin bizi gabekoren bat edo beste imajinatu nuen han eta haien ileak eta begiradak argi motel haien azpian zer distira izango zuketen galdegitera iritsi nintzaion neure buruari, baina erantzun zehatzik lortu gabe. Alkoholak bereziki eta musikak berak iragana ebokatzeko balio dutela ikasi nuen, baina ez ondorio zehatzetara iristeko, eta bakarrik ere, maitasuna eta zoriona gutxietsiz ere bizi daitekeela kalkulatzen ari nintzen, ni nengoen izkinaren bestekaldean gizonezko bat eserita ikusi nuenean. Testuinguru hartatik kanpo zegoela iruditu zitzaidan. uste dut gabardina jantzirik zeramala eta kea zerion kikara bati begira zegoen, hautsontzian ke arrasto paraleloa gorantza zerion zigarrokina berez erretzen ari zitzaion bitartean. Pasadizoko jendeak ikusmira galerazi zidanean, nekearen, alkoholaren edo bakardadearen eraginez pitin bat nahasten hasia ote nengoen galdegin nion neure buruari eta nengoen lekutik altxa eta edalontzia eskuetan nuela, barratik apartatu nintzen ikuspuntu hobeago baten bila. Gizonak han segitzen zuen kafearen eta zigarrokinaren ke paraleloei begira.

        Argiari hotsak darraion bezalaxe, atzerapen puntu batekin sentitu nuen gorputzean ebidentzia haren zirrara eta bihotza zabuka hasi zitzaidan. Bista lausotuz, bekokietaraino igotzen zitzaidan kolpe horien oihartzunak pausatzeko whisky hondarra irentsi nuen eta berriro eserita zegoen gizonarengana itzuli nintzenerako, emakume bat ari zitzaion makurtuta belarrira zerbait esaten. Gorriz eta beltzez jantzitako emakume haren zangoak nonbait lehenxeago ikusiak ote nituen susmoa pasa zitzaidan itzal bat bezala burutik eta sexua ere gorria eta beltza ote zuen galdegin nion neure buruari eta irrifarre tonto bat atera zitzaidala konstatatu nuen baso hutsari begira.

 

        Duela hogei urte nere obsesio nagusi izandako gizon hura, minigonaren itzalpean ezkutatzen ziren zango haien arkuera, insinuatzen zuten sexu beltz-gorria edo edalekua betean zegoen jendea nire asmazio huts zirela pentsatu nuen eta, amets batetik itzultzean euskarri finko eta material bat bilatzen dugunean bezalaxe, heldu nion gotorki esku artean nuen edalontziari eta beste whisky baten bila barrarantz itzultzea deliberatu nuen, gabardina besotik zintzilik emakume gorri-beltza zeraman gizona bere horretan kanpora bidean utziz.

        Geroztik ez naiz agerpen horretaz oroitu, harik eta ertzainen komisarioak sarjentoaren argazkia erakutsiz, ea ezagutzen nuen galdegin didan arte. Emakumea bai, bi ordu beranduago hoteleko nere zenbakiaren bila pasiloan barrena nindoanean gurutzatu nuen eta keinu lizun bat egin zidan pasadan, nik begiak itzuliko nizkion segurantzarekin atzeak kontoneatzen zituen bitartean. Begiak itzuli nizkion eta zango haiek nonbaitetik ezagutzen nituela pentsatzera iritsi banintzen ere, ez nuen sarjentoa hotel berean zegoenik sumatu ere egin, pitin bat edana bait nengoen eta emakume hura non ikusi ote nuen kalkulatuz, entzumenarekin batean memoria ere galtzen ari ote nintzen pentsatuz oheratu nintzen, audifonoa eta erlojua kendu ondoren.

Garapena: Dijitalidadea SL